Loteslea izan ezean, baliorik ez

III__Landaola_Sariak

Amelia Jauregi gabiriarra, mikrofonoa eskuan, Begoña Galarraga, Rosa Arregi eta Pepi Mitxelena ondoan dituela, saria jaso ondorengo hitzartzean.

Landaola sarietako Emakumeak landa eremuan saria jaso du Ebel elkarteak. Non hobetua badagoela adierazi dute.

Horrelako «errekonozimenduak gustura hartzen» direnik ez du ezkutatzen Amelia Jauregik (Gabiria, 1949), baina oraindik ere zer aldarrikatua badagoela nabarmendu du. «Gure lana hori da. Emakume Baserritarren Elkartea (Ebel) horretarako sortu zen, emakume baserritarra eta bere lana bistaratzeko. Horixe egin genuen».

III. Landaola Sarien Emakumeak landa eremuan saria jaso zuen Ebel-ek joan den ostiralean Aretxabaletako Otalora eraikinean egin zen ekitaldian. Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteek osatzen duten federazio bat da; tartean dago Goimen. Erakunde publikoek sustatutako proiektuen saria Azpeitiko Udalek jaso du –Idiazabalgoa zegoen hautagaien artean–, eta erakunde pribatuen arlokoa Aleka proiektuak –Goierriko Nekazal Sindikatua hautagaia zen–. Ibilbideari saria, berriz, Jaime Zubia Zinkunegirentzat izan da.

Amelia Jauregi, Ebel elkarteko kidea: «Emakume Baserritarren Estatutua edukiz betetzea daukagu erronken artean»

Ebel elkartea 1991. urtean sortu zen, EHNE sindikatuko hainbat emakume baserritarren ekimenez. Emakume, langile eta baserritar ziren aldetik, bailaretan arazo eta gabezia handiak zituztela ohartu ziren. Garai hartan, esaterako, emakumeek ez zuten gizarte segurantzan kotizatzen, eta ondorioz ez ziren langile kontsideratzen. Urte hauetan guztietan egindako borrokak eta lanak izan ditu lorpenak, baina gabeziak ere agerikoak dira oraindik.

Estatutua, barruz hutsa

Jauregik nabarmendu du azken urteotan «eboluziorik ez» duela sumatu. «Nire belaunaldikoen garaian emakume gehiago geunden sektoreko elkarteetan, eta orain, lotuta ikusten dut emakumea, adinekoen eta umeen zaintzan. Emakumeek kargu horietan egoteko ez duela balio entzundakoak gara, eta horren min ematen du». Parekidetasunaren aldarria egiten du gabiarrak.

Zeregin horretan funtsezkoa iruditzen zaio 2015eko urriaren 15ean, Emakume Baserritarren Nazioarteko Egunean, onartu zen Emakume Baserritarren Estatutua berritu eta garatzea. «Barru hutsekin jaio zen, eta datozen urteetako erronken artean daukagu estatutu hori edukiz betetzea». Onarpenaren egun hartan oso kritiko hitz egin zuen Jauregik, estatutuak «sakontasun eta ausardia gehiago» behar zuela nabarmendu zuen, «oraingoak ez baitu aukera berdintasunik bermatzen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>