Goierriko bi moko zorrotz

Moko_zorrotza_

Otsailaren 21ean Beasaingo Usurbe Antzokian, saio bikoitza antzeztuko dute segidan Aitziber Garmendia zaldibiarrak (Laura) eta Jon Plazaola urretxuarrak (Juan): ‘Moko zorrotza’ euskaraz eta ‘Mandibula afilada’ gazteleraz.

Antzerkietako aktoreek meritu itzela izaten dute zuzen-zuzenean aurkezten dituztelako antzezlanak. Ez dago errepikatzeko aukerarik. Testua ez ahaztea izaten da aktoreen kezka nagusietako bat. Hori gutxi balitz, Goierriko bi artista handik, erronka bikoitza dute otsailaren 21ean Beasainen: ordubeteko tartearekin, antzezlan bera, euskaraz eta gazteleraz antzeztea. 20:00etan, Moko zorrotza taularatuko dute Usurbe Antzokiko oholtzan Jon Plazaola urretxuarrak eta Aitziber Garmendia zaldibiarrak; 22:15ean, berriz, Mandibula afilada.

Beasaingo eta Ordiziako udalek elkarlanean antolatzen duten Antzerki Garaiaren aurtengo berrikuntza da antzerki bera bi hizkuntzetan eskaintzea. Aitziber Garmendia aktorearen esanetan, «paliza handia» izaten da bi antzezlan segidan antzeztea, eta are eta zailagoa bi hizkuntzetan aritzea: «Txip aldaketa handi samarra izaten da. Buruarentzako eta ahotsarentzako nahiko paliza izaten da. Plaza berdinean egun batean euskaraz eta hurrengoan gazteleraz egiten ditugu. Baina bi funtzio segidan egitea oso gogorra izaten da». Horrelako lanik askotan hartzen ez badute ere, Beasainek jarritako erronka onartu dute.

Bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, arrakasta handia izan duen obra da Moko zorrotza. «Urtebete baino gehiago darama antzokietan eta orain bukatuko dugu. Beasainen 21ean bi saio, Zaldibian 28an, eta beste bat gehiago. Beraz, sarrerak erosi lehenbailehen», dio zaldibiarrak.

Goierriko bi artista eta bi lagun handi lehenengo aldiz antzokian elkartu dituen lana da Moko zorrotza. «Sekulako oparia izan da obra hau guretzat. Telebistan elkarrekin aritutakoak ginen baina antzokian ez, eta bageneukan gogoa». Moko zorrotzak jarraipena izan du gainera, Losers (galtzaileak)lanarekin. «Ematen du bolada ona hartu dugula. Elkarrekin lana egiteko ohitura ere hartu dugu eta egia esanda, oso gustura gaude biok».

Biak ala biak, «bolada onean» daudela aitortu du, telebistan eta antzokietan gustukoa dutena eginez. « Egia esanda, gozatzen ari gara». Momentuz lanik eta proiekturik ez zaie falta, baina argi daukate, aktoreen lana «ziklikoa» izaten dela. «Lana daukazunean eromena izaten da, eta horrela hobe, ez dagoenean ere ez da hobea izaten eta. Oso ziklikoa da eta ziklo on baten atzetik beste bat etorriko da okerragoa».

Juan eta Laura

Fikziora etorriz, Jon Plazaola Juan da oholtza gainean eta Aitziber Garmendia Laura. Bizitza ulertu eta aurrera egiteko bi modu ezberdin dituzte biek, guztiz kontrajarriak direnak. Hala ere, elkar maite dute, nola ez. Institutuan ikaskide izan ziren, eta gaur egun, 30 urtetako krisi amaigabean murgilduta daudenean, ustekabean egin dute topo. Gau batez, garai haietako gogorapen eta ametsak gaurkotuko dituzte… Bereziki, bete ezin izan zirenak. Bien bitartean, ikuslearen hasierako algarak hausnarketa bilakatuko dira: «Azkarregi hazi ote gara? Edo ume izaten tematuta dauden pertsona helduak? Ze demontre egin geure bizitzekin?».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>