Osinak landatzen

Maider_Avaristo_eta_Leire_

Bost urte daramate Maider Avaristok eta Leire Aizpuruak Ordiziako talde feministan. Azaldu dute txosna batzordearen bidez sortu zutela, eta ordutik hainbat ekintza egin dituzte. I. Jardunaldi Feministak ere antolatu zituzten.

Mugimendu feministak badu presentzia Goierrin. Maider Avaristo Iziarrek (Ordizia, 1993) eta Leire Aizpurua Satrustegik (Ordizia, 1990) bost urte daramate ikuspegi feminista lantzen herrian. Azken urteetan urrats sendoak eman direla adierazi duten arren, diskurtsoa azalean geratu dela iruditzen zaie.

Goierri mailan, duela bi urte hasi ziren lantaldeak sortzen: «Bilgunetik bideratu zuten batez ere; Martxoaren 8rako manifestazioak eta grebak antolatzen hasi zirenean, herrika antolatzea proposatu zen». Horrela, azaldu dute Goierrin deitu zirela bilerak: «Lehen Tolosan egiten ziren».

2019ko martxoaren 8ko manifestazioa hiru bloketan banatu zuten Goierrin, Ordizitik, Lazkaotik eta Beasaindik: «Inguruko herri txikietakoak gertueneko herrian batu zitzaizkigun». Ordiziatik ateratako zutabea Lazkaibarko zubian elkartu zen Beasaingoarekin, eta Lazkaoko biribilgunean batu ziren hiru adarrak: «Lazkaokoa pasatu zen, eta gu geratu egin ginen, haiei txaloka». Aizpuruak azaldu du «oso polita» izan zela: «Nik uste Goierri mailan egin den erakustaldirik indartsuena, orain artekoa kontuan izanda, iazko manifestazioa izan zela». Avaristok gehitu du «beste adar batzuetara ere» bideratu nahi izan zela: «Duela bi urte ikastetxe batzuetan ez zen ulertzen neskek greba egitea eta mutilek ez, eta batez ere horregatik egin genuen ikastetxeei begirako lanketa iaz».

Bost urteko bidea

Goierriko Koordinadora Feministak Martxoaren 8ari begira egin ohi ditu ekintzak: «Koordinadora horretan zentratzen da batez ere, eta gero herrikako taldeak egongo lirateke». Talde feminista batzuek elkarte forma juridikoa hartu dute, eta beste batzuk taldeak dira. Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak 27 urte ditu. 1993an sortu zuen herriko emakume talde batek: «Ibilbide luzea dute, udaletxearekin ere beste harreman mota bat dute, instituzionalizatuago dago», azaldu du Avaristok.

Avaristok eta Aizpuruak bost urte daramate feminismoaren inguruan lanketa egiten herrian. Txosna batzordean zebiltzatela sortu zuten talde morea. Duela bost urte txosna batzordean sartu zirela eta, urte hartan jende asko zegoenez lan talde desberdinak sortzeko erabakia hartu zutela azaldu dute: «Talde horietan guztietan ikuspuntu more bat egotea beharrezkoa zela ikusi zen, egiten ziren ekintzei ikuspegi feminista emate aldera».

Horrela, txosna gunerako protokolo bat sortzea erabaki zuten, eta eredu desberdinak irakurrita berri bat sortu zuten: «Taldea hortik hasi zen, eta gero ikusi genuen txosna batzordetik aparte ere ondo legokeela urtean zehar elkartzen hastea». Orduan egin zituzten Ordiziako I. Jardunaldi Feministak. Hainbat ekintza antolatu zituzten, besteak beste, maitasun erromantikoaren inguruko tailerra, konpresak egiteko tailerra edo hilerokoaren inguruko tertulia. «Txosna gunerako egindako protokoloaren aurkezpena ere egin genuen, herri desberdinetan jendeak ikus zezan protokolo bat badagoela».

Maider Avaristo: «Antiarrazista, antiklasista eta deskolonialista izan behar du feminismoak»

Leire Aizpurua: «Identitateak eta harremanak nondik sortzen diren zalantzan jarri behar da»

Beasaingo, Urretxuko eta Zumarragako talde feministekin kontaktuan jarri eta elkartu ziren: «Jardunaldiei bukaera emateko festatxo bat antolatzea genuen pentsatuta, baina Urretxuko festak zirenez, bertara bideratzea erabaki zen».

Itxierarik gabeko taldea

Jardunaldiez gain, ekintza solteak ere antolatu dituzte azken bost urteetan. Beraiek eta ordura arte taldea osatzen zutenek. «Azaroaren 25ean Ordiziako Plaza Nagusiko posteetan indarkeria jasan dutenen kontakizunak jarri genituen pankarten bidez». Azaldu dute «barne begirako harremana sustatzeko» ere elkartu direla: «Gure artean ere zaindu behar gara, ahalduntze prozesu batean sartu».

Taldeak itxierarik izan ez duen arren, urte hasieran berriro jarri zuten martxan: «Guk ez dugu taldea bideratzen, gauza da ez zela itxi». Adierazi dute asmoa «biltzea eta denen artean zer bide hartu nahi den erabakitzea» dela. Herriko emakumeen artean «saretze bat» bideratzea beharrezkoa dela azaldu dute.

Osiñen sumina

Aurten taldea berriz martxan jartzeko aukera sortu da. Osiñe izena eman diote taldeari hartu berri duen ibilbiderako: «Osina leku guztietan dagoen landarea da, erre egiten du baina sendabelar bezala ere erabiltzen da», azaldu du Aizpuruak. Feminismoak Goierrin izan dezakeen jarraipenaz esan du oraindik «lanketa handia» dagoela egiteko: «Durangon egin ziren jardunaldietan esan zuten bezala, feminismoak itomena eragin behar du, eta oraintxe bertan oso potablea da». Komunikabideetan eta gizartean entzuten den arren, oraindik egiteko «asko» dagoela azaldu dute: «Bisibilizatu egin da; oso komodoa da manifestaziora joatea eta aldarrikatzea, bortxaketen eta eraso fisikoen aurka egotea, baina hori azalekoa da». «Identitateak eta generoak, harremanak nondik sortzen diren…hori zalantzan jarri behar da», azpimarratu du Aizpuruak.

Partaide gehiago erakartzea ere gustatuko litzaieke, eta feminismoan interesa duen oro deitu dute parte hartzera. Halere, taldearen mugez kontziente direla adierazi dute: «Batzuengana iristea zaila da, eta hortaz oso kontziente gara; gauza bat da zer egin nahi duzun eta beste bat noraino iristen zaren».

Maskulinitate lanketa

Argi dute feminismoa denontzat dela: «Antiarrazista, antiklasista eta dekolonialista izan behar du», esan du Avaristok. Oraindik, dena den, talde misto bat sortzeko urratsak eman behar direla azaldu dute: «Hau pertsonalki esaten dugu, gero taldean eztabaidatu beharko litzatekeelako zer bide hartu nahi dugun». Aizpuruak adierazi du maskulinitate talde bat eskertuko lukeela: «Zoragarria litzateke generoak ahaztu eta pertsonalki hitz egiten hastea, baina oraindik ez gaude puntu horretan; gaur egun oraindik tokatu zaigun generoaren inguruan hausnartu eta nola onartzen dugun kontziente izan behar gara, eta oso polita izango litzateke hausnartzeko  maskulinitate talde bat sortzea, eta gero ekintzak eta lanketak denon artean egitea». Jendea animatzeko eskatu dute: «Saretze oso potentea sortzen da feminismoaren inguruan».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>