Arrakalatik zeruertzera begira

Garbiñe EtxanizBeti ez da erraza leiho honetara agertzea, aitzitik, batzuetan nahikoa nekeza ere bada. Leihotik burua guztiz atera arte errezel atzetik begiratzen dudan bakoitzean, bestelako zeruertz bat ikustea espero dut gainera, azkenekoaren oroitzapenak ez du balio ia. Eta gero datoz zeruertz horri buruz kontatu nahi dudana eta horrek sorrarazten dizkidan milaka zalantza, esperientziak erakutsi didalako nik gorrixka ikusi dudan tokian beste batek laranja ikusten duela, eta urdinean geratu denik ere badela. Eta hari horri tiraka hasiz gero, ausardia behar da burua leihotik guztiz atera eta nire zeruertza margotzeko, askatasunez, besteen onarpenaren bila ibili gabe.

Ez al da zaila nor bere buruari leiala izatea? Ziurrenik arrazoi asko daude gure esentziatik urruntzen gaituztenak, ohiturak adibidez, edo nork bere burua behar bezain ondo ez ezagutzeak edo, besterik gabe, besteak pozteko helburuarekin egiten ditugun gauzak. Gu garen horri edo eskaintzeko dugun horri begira jarri eta, askotan, zuloak baino ez ditugu ikusten; eta zer egin zulo horiekin? Zerbaitekin bete, adabakiren bat jarri… Edozer gauza besteen pare sentitzeko, gure beldurrak eta lotsak itzaleratuz. Hara non, orain pare bat aste ipuintxo bat irakurri nuen horri buruz hitz egiten zuena hain zuzen; honela zioen:

«Ba omen zen behin baserritar zahar bat, egunero kilometro asko egiten zituena iturri gertukoenetik ura hartzeko. Baserritarrak egunero bide berdina egiten zuen sorbaldan bi ontzi handi hartuta. Ontziak ere, baserritarra bezalaxe, zahartuta zeuden, eta haietako batek ura galtzen zuen arrailetatik. Egun batean, lotsaren lotsaz, horrela esan zion ontziak gizonari:
– Ez dakit konturatu zaren aspalditik ura galtzen dudala eta ia ez dudala balio honetarako. Zuretzat onena ni bazter batean uztea izango litzateke, eta ontzi berri bat erostea.
Baserritar zaharrak lurrean utzi zituen ontziak eta honela esan zion ontzi pitzatuari:
– Zu jabetu al zara zer gertatu den pitzatzen hasi zinenetik? Erreparatu al diozu egunero elkarrekin egiten dugun bideari? Entzun arretaz lagun zaharra: pitzatzen hasi zinenetik egunero landatu ditut haziak elkarrekin egiten dugun bidean, eta landareek, beren kolore eta usainekin bidea alaitzeaz gain, fruituak eman dituzte, senide eta lagunei jaten ematen dietenak. Bidean zehar isuri duzun urari esker izan da hori guztia. Harro egon zaitezke»
.

Arrakala eta pitzaduretatik horrelakorik sortu zitekeenik ere! Azkenean egia izango da kasualitateak ez direla kasualitate, guztia plan ezin perfektuago baten parte dela eta denak duela bere zergatia! Baita gure zulo eta arrakalek ere… bila jarraitzeko eta hobetzeko aitzakia ematen digute behintzat.

Ez dakit berriro leiho honetara agertuko naizen, baina errezel atzetik begiratuko diot zeruertzari, baliteke, horietako batean konturatzea nire pitzaduretatik zerbait ederra sortu dela.
Laster arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>