Patinete bat opari

Igor-Susaeta-366Igor SusaetaKazetaria

Bi gai nituen esku artean: Marcelo Bielsak futbol zelai barruan desmarkatzeko bost moduez dioena gurera nola ekarri, edo Andrei Tarkovskiren filmografiak Goierriri egin dion ekarpenaz esateko dudana esan. Zalantzak nituen orri zuriaren aurrean. Baina aldizkariaren aro berria iragartzen duen GoiBerri-ko lagunen email bat jaso nuen. Zuei bezala, gonbidatu ninduten webgunean sartzera eta horren helbidea sare sozialetan partekatzera, era horretan patinete elektriko bat irabazteko zozketan sartzeko amuarekin. Eta klikatu, klikatu nuen. Zozketan, kasualitatez, nire izena ateratzen bada, jakinaraziko diet ez dudala patinetea nahi, baina eskerrak emango dizkiet zutabe honetarako gaia emateagatik.

Bai, egia da, hor kanpoan gertatzen ari denari erreparatzen badiogu, agian gehiegi esatea da, baina kapitalismo basatienaren pentsalariek asmatutako gailu ankerrenetako bat iruditzen zait patinete elektrikoa. Badakizue, kapitalismoak bultzatzen-behartzen gaitu jostailutxoen bidez ere uneoro eraginkorrak izatera, gure denbora zukutzera, eta bi gurpildun ibilgailuak ematen digu horretarako aukera. Oriol Adrover bartzelonarrak ere jaso du, agian, nik jaso dudan mezu bera, irentsi du amua, eta, zozketan irabazle tokatzen bada, gurpilak sutan jarriko ditu Bartzelonan, gisa horretako tramankuluentzako ia propio gorritu dituzten bi norabideetako autobideetan.

Ez dut haiekin hausnartzeko plazerik izan, baina egon egongo dira Ordiziako Altamira auzoaren eta, esaterako, Ampo enpresaren (Idiazabal) arteko bidea atleta artean patinetean egiten dutenak. Gogoratzen dut joan den urtarrilaren 30ean Goierriko enpresa indartsuenetan izan zuela jarraipen zabalena bizitza duinaren eta kapitalismoaren aurkako greba orokorrak. Eta ene sinpletasunean, bizitza duina zuzen-zuzenean lotzen dut presaka ez ibiltzearekin, soseguarekin, patineteak, a priori, eskaintzen ez duenarekin.

Nire buruari galdetzen diot kontraesanak mailakatu al daitezkeen gure erabakien zama arintze aldera. Eta, bide batez, pentsatzen ari naiz ez ote zen opari egokiagoa bizikleta bat, gureagoa, sakrifikatuagoa, gure ahaleginaren kulturarekin bat egiten duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>