(Des)Aktibatu

Ane-InsaustiAne Insausti – Hegitik begira

Argi esan zuen Michel Foucault filosofo frantziarrak: «Zenbat eta beldur handiagoa izan biztanlerian, orduan eta onargarriagoa bihurtzen da kontrol sistema». Elite ekonomiko eta politikoek gizartea kontrolatzeko erabiltzen dute beldurra, alarma egoera zabaldu eta jendearen arreta sistemaren ahulezietatik aldentzeko.

Ez da beldurra, ordea, jendea desaktibatzeko erabiltzen duten mekanismo bakarra. Adibide ugari ditugu inguruan: 80ko hamarkadan gazteria desmobilizatzeko bultzatutako droga trafikoa, azkenaldian pil-pilean dabilen apustu etxeen auzia, edo arazoak ahaztaraztea helburu duen entretenimenduzko gizartea, esaterako.

Koronabirusaren mamua izan da azkenaldian funtzio hori bete duena. Gaixotasunaren etorrerarekin, honezkero askok ahaztu dituzte Zaldibarko zabortegia, Europak mugak itxi dizkien errefuxiatuen egoera, edo Martxoaren 8an salatutako egiturazko sistema matxista.
Jendeak aurpegiko maskarak jarri eta eskuak garbitzen dituen bitartean, batzuk betiko maskaren atzean jarraituko dute, egoera eskuak garbitzeko aprobetxatuz, xaboiaren beharrik gabe. Koronabirusaren krisia ere gaindituko dugu, eta normaltasunera itzuliko gara. Eta lasai, ordurako itzuliko da futbola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>