Euririk gabeko negua

g011_goiberri

Gaur bertan amaitu den  neguak ezohiko datu meteorologikoak utzi ditu, negurik izan ote den planteatzeraino. Ez du ia  hotzik egin, elurrik ez da ikusi eta euria ere, eskas. Baserritarrek nozitu dute gehien aparteko negu hau.

Gaur 04:50ean amaitu da iazko abenduaren 22ko 04:19an iritsi zen negua; 88 egun eta 23 ordu iraun ditu. Udaberriak   ekainaren 20a arte iraungo du –92 egun eta 18 ordu– eta egun luzeagoak, argiagoak eta epelagoak ekarriko ditu. Baina ez al da udaberria ere negua bezain aldrebesa izango meteorologia kontuei dagokienez? Izan ere, azken asteotako eguraldiak bestelakorik pentsatuarazi badu ere, negurik ez da ia izan aurten: hotzik eta izotzik ez du egin, elurra oso gutxi eta mendi gainetan bakarrik, eta euririk ere apenas egin duen.

Haize-datuaLegazpin datu meteorologikoen bilketaz arduratzen den Alonso Francesek laburtu duenez, aurtengo negua ezohikoa izan da, baina ez jendeak pentsatu bezain beste. Legazpin 1946tik gordetzen dira datuak, eta horiei erreparatuta, aurretik antzeko neguak izan direla dio, batez ere tenperaturei dagokienez. 1961eko urtarrilean, esaterako, aurten baino tenperatura maximo altuagoak neurtu ziren (18º aurten eta 21º orduan), eta urte hartako otsaileko batez bestekoa ere aurtengoa baino altuagoa izan zen (12,5º 1961ean, eta 10,17º aurten); iaz, berriz, 24,5 graduko maximoa neurtu zen otsailean. Martxoa, aldiz, gora beheratsua izan da, egun epelekin egun hotzak tartekatu direlako, Goierriko hainbat tokitan aurreko hilabeteetan egin ez dituen izotzak egiteraino. Prezipitazioen aldetik ere ezohikoa izan da negua, euri gutxi egin duelako, batez ere urtarrilean eta otsailean: «Bigarren aldia da 1946tik urteko lehenengo bi hilabetetan 100 litro baino gutxiago egiten duela. 1992an 92,50 litro neurtu ziren, eta aurten gutxiago, 72,10 litro» azaldu du Francesek. Martxoko azken egunetan du jarrita itxaropena legazpiarrak, negu osoko batez bestekoa aurreko urteetakoen parekora iristeko.

Baserritarrak, kezkatuta

Eguraldiari begira bizi direnak badira, horien artean baserritarrak, are gehiago bizimodua sorotik eta baratzetik ateratzen dutenak. Negua lurrak atseden hartzen duen garaia da, eguzki ordu gutxiagorekin eta hotzarekin moteldu egiten da landareen hazkundea, eta une aproposa da emankorragoak diren udaberrirako eta udarako prestatzeko. Horretan, behar dituen nutrienteak berreskuratzen lagunduko dion ongarriak ematea bezain garrantzitsua da hotza.

Baratza__udaberrirako_pres

Aurten ez du izotzik ezta hotzik egin, eta Itsasoko Eztala Goikoa baserriko Maria Jesus Oria horretaz kexatu da: «Hotza egin beharra dauka, lurrean eta lurrazpian gordeta dauden mozorrorak eta intsektuak akabatzen dituelako». Garai bakoitzari dagokion eguraldia egitea oso garrantzitsua dela dio, «neguan, negua». Izan ere, aurten bezala tenperatura epelak eta batzuetan beroa ere egiten badu, «dena aurreratu egiten da»; fruta arbol batzuk, adibidez, loretan daude, eta hotzak harrapatzen baditu orain, lore horiek gal ditzakete eta ondorioz, baita aleak ere. Oriak dioenez, haien baserrian aranak eta gereziak loratuta daude, «baina azken egunotako euriagatik lore asko erorita dute, eta ez dakit alerik hartuko duten». Baratzean ere eguraldi epelen eragina nabaritu duela esan du: «Azak goratu egin dira, porruari ere makila ateratzen hasi zaio, azenarioak ere gora doaz… dena azkarrago igotzen ari da».

Joxe Antonio Elosegi, fruta ekoizlea: «Sagarrondoak mugitu egin dira, eta udaberrian eguraldi txarra egiten badu, mugitutakoa atzeratu egingo da»
Kontxi Arizaga, baserritarra eta ekoizlea: «Landareak hasita daude. Orain izotzak egiten baditu, kaltetu egingo ditu, eta baratzean ez da izango generorik»

Zaldibiako Kalbariota baserriko Kontxi Arizaga ere ez da gustura geratu egin duen neguarekin. «Neguan negukoa egin behar du, izotzak, elurrak eta horiek danak. Baina aurten ez du egin». Negu «ona» egin duela dio, epela, eta horrek landareak mugiarazi ditu: «Orain izotzak egiten baditu, kaltetu egingo ditu, eta baratzean ez da izango generorik». Lehen horrelakorik ez zela gertatzen eta  neguak bestelakoak zirela gogoratzen du, «fuerteagoak». Aurtengoak «negu itxura gutxi izan du» eta, gainera, urtaro gora beheratsua izan da bere ustez, «lehor batzuetan, euritsu besteetan, hego haizea egun batean, hotza hurrengoan». Horregatik, gomendio bat emateko ere prest agertu da: «Ilgoran aldatu behar dira landareak, baina girorik ez badago, hobe ilberrian».

Sagarrekin eta beste fruta batzuekin ateratzen du bizimodua Gabiriako Oñatibi-txikiko Jose Antonio Elosegik. Honentzako ere, «onegi» joan da negua, epelegia, «eta hori ez da ona sagarrak kontserbatzeko, usteldu egiten direlako»; garaian garaiko eguraldia egin behar duela dio, eta neguari hotza dagokio. Giro epelaren eraginez, gainera, sagarrondoak «mugitu» egin direla azaldu du, eta «udaberrian eguraldi ona joaten bada, ez dago problemarik, baina eguraldi txarra egiten badu, mugitutakoa atzeratu egiten du». Horrek galeraren bat ekar dezakeela uste du, zenbaterainokoa izan daitekeen esaten ausartu ez bada ere. «Aurten ikusi egin behar da, udaberrian zer eguraldi egiten dituen. Hala ere, nahiz eta dena ondo joan, irailean txingorra egitea nahikoa izango da dena galtzeko».

Erleak eta liztorrak lanean hasita

Erlezainek ere eguraldiari asko begiratzen diote. Floren Gutierrez legazpiarrak erlauntzak ditu, eta asiar liztorraren aurkako borrokan dihardu. Gutierrezek azaldu duenez, aurten eguraldiaren eraginez erleak eta liztorrak aurreratu egin dira eta hasita daude lanean. «Udaberria ia hilabete lehenago hasi da», dio, eta erleak polena biltzen hasi diren bezala, asiar liztorrek habiak prestatzeko kanpaina abiatu dute dagoeneko. Horregatik, «liztorrak harrapatzeko tranpak jartzeko garaia da dagoeneko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>