Kutsakorra

Xegun-AltolagirreXegun Altolagirre – Gidoigilea eta sortzailea

Balentin Batxiko maixua zen herriko ikastetxean. Goizero-goizerokoa: jaiki, komuneko buelta, gosaldu eta ondoren ikastetxera eskolak ematera, jantzita, jakina. Goiz hartan, ordea, berandu jaiki –berandu arte telebista aurrean egotearen kalteak–, eta gosaldu gabe abiatu zen eskolara. Etxe azpiko okindegian, bi pastel paperezko poltsa batean eta eramateko kafe bat hartuta han joan zen. Bide erdian, ordea, eskale batek geldiarazi eta eskua luzatu zion. Ezer esan gabe, eskua luzatu bakarrik. Balentinek ulertu zuen, jakina. Eskaleak ez zion eskuan zeraman pastelen poltsari begirada kentzen. Balentinek zalantza egin zuen une batean, baina berehala eman zion pastelen poltsa. Eskaleak esker onez buruarekin irribarre egin zion bere hortz ustelak erakutsiz. Baina bat-batean zerbaitekin konturatu zen, poltsan bi pastel zeudela alegia. Honek, poltsatik bat atera eta Balentini eskaini zion eskua luzatuta. Balentinek atzera egin zuen agurearen esku zikinak ikusita. Derrepentean gaixo sentitu zen, hotzikara batek zeharkatu zuen Balentinen gorputza goitik behera eta uko egin zion pastelari; baina eskalea ez zegoen amore emateko prest, eta pastela hartzea baino beste erremediorik ez zuen izan. Buruarekin agurtu eta han joan zen behatz puntekin, nazkaz, pastelari eutsiz. Metro batzuetara, burua jiratu eta begira ez zegoela uste zuenean, zast, zakarrontzi barrura pasteltxoa. Eskolara joan zen, ikasleak zain behar zituen dagoeneko.

Hurrengo egunean, goizago jaiki, komuneko buelta egin, gosaldu eta ondoren ikastetxera eskolak ematera, jantzita, jakina. Urrutian eskalea ikusi zuen, eta harekin ez gurutzatzeagatik bidearen beste aldera igarotzen ari zela, Suzuki Vitara bat igaro zen bere ondotik ziztu bizian. Suzukiaren ispiluak Balentinen berokiari heldu eta Balentin lurrera bota zuen, bortizki. Suzuki Vitarak alde gin zuen; inguruan inor ez zitzaion Balentini gerturatu. Esnai zuen konorte apurra berreskuratu zuenean eskalea gerturatzen ari zitzaiola konturatu, eta bat-batean galdu zuen konorte apurra. Eskalea ondoan belaunikatuta, Balentinek hortzak estututa zituela eta arnasa hartzen ez zuela konturatu zen. Behatzekin ahoa indarrez ireki eta ahoz ahokoa egin zion. Balentin eztulka hasi zen. Ondoren taxi bat geratu, eta ospitalera.

Ospitalean, urduri, eskalea aurrera eta atzera zebilen itxaron gelan. Suspertze gelan, Balentin bere onera itzuli zen. Ez zuen gauza handirik gogoratzen. Medikuak esan zion, kristaleraren bestaldean urduri zegoen agureak salbatu ziola bizitza. Medikuak barrura gonbidatu zuen. Balentinen eta eskalearen begiradak gurutzatzean eskerrak eman zizkion Balentinek. Eskaleak eskerrak bere esku zikinei emateko esan zion.

Kutsatu ez nahi horrek ez gaitzala elkartasun ezaz kutsatu. Eskuak garbi, baina eskuak zabal.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>