Azken ezustekoa izan bedi!

Egoitz-IztuetaEgoitz Iztueta Sukia  – Irakaslea

Ezustekoz ezusteko dabil 2019-2020 ikasturtea! Hezkuntzaren esparru publikoan ari garenontzat esleipenekin batera hasten da, udan. Deien, zerrenden, ilusioen, kezken eta epe laburrean non egongo garen jakiteko grinaren olatuetan murgiltzen gara irakasleok. Zentroak hurrenkeran hautatu behar izaten ditugu; gustukoena dugun institututik ez hain gustukoenera iritsi arte.

Gogora datorkit ikasturte hasieran 50 institutu aukeratu nituela. Ez dut erraz ahaztuko nola izan nuen nire esleipenaren berri: lagunartean, Bilboko Somera kalean. Hura poza, emozioa, ezin sinetsia! Nire ibilbide profesionaleko hamar urteetan, estreinakoz, etxetik gertu lan egiteko aukera! Bi aldiz pentsatu gabe abiatu nintzen barrara adiskideei garagardo bana hartzera gonbidatzeko. Hura zen harridura tabernako jendearena, arraro xamar begiratzen gintuzten gure prost eta oihuengatik. Lehen ezustekoa!

Ikasturtea martxan zegoela kuadrillako batek proiektu baten berri eman zidan: udan boluntario gisa izan zuen esperientzia ikasleei ezagutarazteko eta zertan zetzan adierazteko, hizlari lanetan hasiko zela. Bejondeizula! Bere lehen hitzaldia martxoaren 2rako hitzartuta genuen. Urduritasuna baretu eta dena lasai prestatzeko, ordubete aurretik iritsi zen institutura. A zer nolako ezustekoa hartu zuen zentro guztian argi gabe geundela ohartzean! Bezperako haizeteak institutu atzeko poste elektriko bat matxuratu zuen. Horrenbestez, estreinaldia atzeratu, eta lagunaren nerbioak dantzan! Ordura arte inoiz gertatu gabea, horra hor bigarren ezustekoa.

Eta bukatzeko, konfinamendua. Benetan larria den ezustekoa. Nahiz eta ikasleak etxean gelditu, guk lanean jarraitzen dugu. Nerabeen ikaskuntza prozesuari dagozkion eduki eta konpetentziak lantze bidean, ikas-irakaste prozesua noranzko bakarrean ari gara lanean. Ez da erraza. Gainera, irakasleok darabilgun ibilbide-orria ere kolokan dago, ez baitakigu noiz arte luzatuko den egoera. Are gehiago, geldiezin zirudien erritmoari Stop egiteko baliatu dut. Halere, ganbara zalantza-dantzan darabilkit: Zer gertatuko da ikasturtearekin? Noiz itzuliko dira ikasleak eskolara (itzultzekotan)? Etorkizunean ikas-irakaste prozesua online izango al da? Egongo ote da aurrez aurreko feedback-ik? Gazteen arteko harreman digitalak ohikoak badira ere, ikasleen eta irakasleen arteko harremana horrelakoa izango al da etorkizunean? Non geratuko dira giza balioak? Badakigu hezkuntza funtsezkoa bezain garrantzitsua dela pertsonen bilakaeran. Aitzitik, hezkuntza etapa guztiak garrantzizkoak izan arren, denek ez dute pisu berbera. 2019-2020 ikasturteko azken ezustekoa izan bedi, arren!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>