«Ohiturak aldatu behar ditugu, erosketenak ere bai»

Lehen sektorea, ataka berri baten aurrean

Mariaje_InsaustiMariaje Insausti (Iztueta beheko baserria, Lazkao-Lazkaomendi)

Arrarotzat jotzen du egoera. Norbanakoei eta administrazioari ohitura aldaketak eskatu dizkie lazkaotarrak, eta baserritarrek zailtasunei aurre egiten jakingo dutela dio.

Zein da baserritar eta ekoizle modura gaur egun bizi duzun egoera?
Guk esnea eramaten dugu kafetegietara, jatetxeetara, obradoreetara, ikastetxeetara… Bai esnea eta baita jogurrak, eta abar. Horiek denak itxita daude. Gure galera hortik dator, horra eramaten genituen produktuak ez ditugu eramaten orain. Esne makinak funtzionatzen ari dira, baina hortxe, arraro, eta jendea ere dendetan jogurrak-eta erosterakoan ere bai. Arraroa da egoera. Lazkao, Beasain eta Ordizian dauzkagu makinak, eta horra eramaten ari gara, baina arraro, eta dendetara ere eramaten ditugu. Ezin da asmatu, ezohiko egoera bat da, dena da ezohikoa. Beasaingo Udaletik ere deitu digute, tutelapeko etxeak dituzte, eta harako esnekiak eramateko esan digute. Aste honetan hasi gara etxe horietara esnekiak eramaten.

Nola ari zara zure ekoizpena merkaturatzen?
Banaketa guztia guk egiten dugu, eta guk kontrolatzen dugu kate guztia, hasi eta bukatu. Belarditik zaintzetik, behiak jetzi, elikagaiak eraldatu, apaletan uzteraino.

Zer egin beharko litzateke egoera bideratzeko?
Nik pentsatzen dut ohiturak aldatu beharra dauzkagula, klima bera aldatzen ari da, eta ez dakit kontzientziatuta gauden ala ez. Kutsadura gero eta handiago da, eta egunotan ikusten diren datuak argigarriak dira, aldatu beharra dauzkagu ohitura batzuk, eta erosketa ohiturak ere bai. Baserritarrok hemen gaude. Gure lanetako bat da elikagaiak sortzea gizartearentzat, beste egiteko bat da natura zaintzea, eta beste bat landa eremuak bizirik mantentzea. Eta horrez gain, lanpostuak sortu. Baina horrenbeste zailtasun badauzkagu guk ekoitzitakoa saltzeko –azken hamarkadan ikusi besterik ez dago zer beherakada egin duen aktiboan dagoen baserritar kopuruak–, ba pentsatu hori eta gehiagoa izango dela datozen urteetan. Erabakia gure esku dago, gure esku dago erabakitzea zer sektore izango dugun datozen urteetan, norbanako guztien esku, administrazioaren esku ere bai noski. Daukagun bizi erritmo hau, hori aldatu beharra daukagu. Hori denon onerako izango da. Klima aldaketa hau gelditzeko dator, guk egin ditugun astakeria guztien ondorio dira, gauzak ez baditugu aldatzen, gauza okerragoak ikusiko ditugu. Eta pandemia hau ere, baina hau izan da lehenengoa. Nire iritzia ez da positiboa, pentsarazi egin behar digu honek, eta gauzak aldatzen hasi beharra daukagu. Eta norbanakotik hasten dira gauzak aldatzen, norbanakoak gauza txikiak aldatuz. Eta noski, garbi dago, administrazioak ere hasi behar du gauzak aldatzen.

Nola ikusten du etorkizuna epe labur-ertainean?
Guk galerak izango ditugu, hilabete bukaeran ordaindu beharrekoak daudelako, horiek ez dira desagertzen. Baina nik uste gai izango garela aurrera ateratzeko, edo behintzat horretan gaude. Oraindik ez da bukatu, ez dakigu zenbat denboran egon beharko dugu horrela edo horrelatsu, baina nik alde horretatik pentsatzen dut gai izango garela aurrera egiteko, gu ohituak baikaude momentu zailei aurre egiten, zailtasunetik ateratzen beti jakin izan dugu, eta nik uste dut orain ere jakingo dugula ateratzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>