Itxialdia eta gazteak: barrenak askatzen

gazteak

Goierritar gazte batek bere sentipen konfinatuak azaleratu ditu Saioa Otegi Psikologoak eta Psikoterapeutak azter ditzan.

“Itxialdi honetan desastre emozionala naizela esan dezaket, nire barne eta gorputzarengan izugarrizko aldaketak pairatzen ari bainaiz. Gelditu zaizkidan plan guzti horiek ditut etengabe buruan: bidaiak, musika jaialdiak, herriko festak… honek tristura eta hauek egiteko gogoak areagotuz.

Halaber, harreman afektibo-sexualen beharraren inguruko kontzientzia baginala piztu zaidala esan dezaket. Dagoeneko gorputzak behar ditut, kontaktua, laztanak, igurtziak, begiradak, irribarre konplizeak…

Askatasun ezak ezinegona sortzen dit, eta geroz eta astunagoa da egoera honi aurre egitea. Nahiz eta formula ezberdinak erabili, denbora ihesian doanaren sentsazioa dut etengabe, eta ingurukoekin egon eta hauek besarkatzeko beharrak ere, egunetik egunera indar gehiago du. Ukatzen zaigun horren beharra daukat”.

[SAIOA OTEGI APAOLAZA]

Mugak jartzen zaizkigunean, mugatzen gaituenarekiko erakargarritasuna areagotu egin ohi zaigu. Historian adibide ugari dauzkagu; Horrela ba, gaur egunera ekarriz, nerabezaroan limiteen beharrak ere berdin erakusten digu iman efektua, ezin den edo debekatua den horrekiko batez ere. Gazteak nerabezarotik gertuen zaudeten helduak zarete, eta sentsazio horiek presente izatea oraindik eta ohikoagoa da. Gaztaroa dugu aukeratutako bizitza sozial eta autonomo handien jasaten dugun aroa. Motibazioz eta munduarekiko ikuspegi biziaz begiratzeko unea.

Ukapenak eragiten dizun sentsazio horiei behatzea egokitzen zaizu; behatu, sentitu eta ahal duzun heinean kudeatzea. Kudeaketa horretan aipatzen duzun moduan, behar ugari sortzen zaizkizu.

Behar fisiologikoak eta afektiboak lehen mailako beharrak diren heinean, horien mugapena pazientziaz, perspektibaz, esperantzaz eta sormenez aurre egitea tokaten zaizu. Eta hala ere, ez duzu denean asmatuko. Kudeaketan entrenatu egiten gara, eta hobetzen joan esperientzia berriak izan ahala. Garai konfinatu hauetan, ikasi ere egiten dugu, sormenaren bidez afektua kanpotik jaso baino, barnetik ematen, gure buruari maitatzen. Honetan ere, ohitu egiten gara. Emozio eta sentsazioen talkan intentsitate desberdinez bizitza arnasten ikasiko duzu. Norbere zaintza eta ezagutzaren garaia ere bada, kontzientzia maila eta mota desberdinak azaleratzekoa, aldian aldikoa. Ez da ezer kasualitatea.

Gonbidatzen zaitut, desastre emozionala bazara, sentsazio hori zure buruari baimentzera. Gonbidatzen zaitut, tristurari sustraitze lana egiten uztera, beharrez kontziente egin eta momentuan sormenez kudeatu eta etorkizunerako balio moduan eraikitzera.

Gonbidatzen zaitut, harreman afektibo-sexualen, gorputzen desiraz, zure barnea zaintzera, gozatzera. Gonbidatzen zaitut, astuntasunari, nekeari nahiz asperdurari lekua egitera, gero pisua arindu dadin.

Heldu, gero askatu ahal izateko.

Behatu, sentitu eta askatu.

Azkenean utzi joaten osasungarri sentitzen ez duzuna. Besarkada goxo bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>