Txoriek ere ez dute nahiko

Aitor-SarriegiAitor Sarriegi Galparsoro – Irakaslea eta bertsolaria

Etxe-zuloa ia mundu bihurtuta ginenean eman dizkigute askori kalera arnasa hartzera irteteko baimenak. Arrabolan ibiltzera eta erosketak astean behin egitera ohituak ginen, etxean ogia egitearena izan da markak hautsi dituen beste zaletasun berria… Ordutegia ezarri digute, nolanahi, kirol piska bat egin edo bueltaxka eman nahi dugunoi. Eguneko orduak razionatu dizkigute, eta nahitaez, razionamentuak eta konfinamenduko okin berriek gure arrebak bidalitako dokumentua ekarri didate gogora. Gure amandre zenari egindako grabaketa baten transkripzioa aurkitu du etxeko zokoren batean.

Gure amandre Maria Eskisabel emakume txiki eta arina zen, txorrotx-txorrotxa. Gure belaunaldikook askotan entzun dugu ez dugula gerrarik ezagutu (eta ez ahal dugu ezagutuko), eta ondorioz ezta gerraosterik ere. Agian, alarma-egoera hau izango da gure askatasun pertsonalak mugatuen sentitu ditugun garaia. Gerraostean razionamentu-garaia izan zen, eta oinarrizko gaien artean ogia estimatua zen. Razionamentuko ogia ordea (probatu zutenek jakingo dute) ez omen zegoen jaterik, «txoriek ere ez omen zuketen nahiko» emanda ere. Hala, Lazkaoko Errota Haunditik ogi estraperloan hasi zen gure amandrea. Hasieran aittejauneren (Zezilio Sarriegi) lagunentzat-eta hasi omen zen, baina twitterrik gabeko garaian ere ahoz aho berriak zabaltzen, eta azkenerako 40 ogiren bueltan ekartzen omen zituen 10-15 egunerako. Bizikletan. Poltsa bana alde banatan eta hirugarrena parrillan hartuta, goardiek noiz harrapatuko beldurrak bai, baina berak askotan esan ohi zuen gisan etxe askotako ateak zabalik ere bai, goardien usaina hartuz gero ezkutatzeko.

Bost bat urtean aritu omen zen, eta ogi bakoitzeko pezeta bat gehiago kobratzeko tratua egina zuen; hala, estimatua zen diru-sarrera ere bazen Txintxurretan egunean 40 pezetako extra. Bila ere ibili zitzaizkion, eta estu asko ere ibili zen, Etxehaundi baserrian gortinapetik bere bila etorritako goardia noiz joango egon zenean bezala; etxera joandakoan aitortu zion gizonak «esan die tailerren gaur harrapauta izango zeala». Ez zuten sekula harrapatu baina hezurretaraino zeukan sartua gerrari zion beldurra.

Baratzetik bueltan natorrela, bizikletan zintzilik letxuga eta bestelakoz beteriko poltsa, berrogei ogiren pisuarekin bizikletan ibiltzea ere ez zela erraza izango bururatu zait. Normaltasun berriaz hitz egiten digute orain, eta etxera bidean kalean jendea musukoa jarrita ikustean, agian normaltasun berrian geratuko zaigun askatasuna ere razionatua izango dela pentsatu dut, eta txoriek ere ez dutela nahiko, aske hegan egitera ohituta baitaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>