«Gehiago baloratzen dut ospitaleko lana»

Ainara-Oronoz-1Ainara Oronoz (Beasain, 1996) erizaintzako laguntzailea Donostiako Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatera (ZIU) joan zen osasun krisiaren momentu larrienean. Aste honetan, hortz klinikara bueltatu da.

Nola sortu zen ZIUra joateko aukera?
Beasainen dagoen hortz klinika batean egiten nuen lan konfinamendua hasi zenean. Berehala, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea egin zidaten. Egun batzuk etxean igaro ondoren, Osakidetzan dabilen lagun batek erizaintzako laguntzaileen beharra zegoela esan zidan. Deitu eta hurrengo egunean ZIUn hasi nintzen.

Nolakoa izan zen lehen eguna?
Oso urduri nengoen, lehenengo aldia zen erizaintzako laguntzaile moduan lan egiten nuela. Gainera, egungo egoeran are eta zailagoa egingo zitzaidala uste nuen. Lehenengo eguna oso zaila izan zen, erabat galduta negoen eta langile guztiak oso urduri zeuden. Pixkanaka ikasi dut.

Zer bizi izan duzu bertan?
Ez nekien ia zer zen Zaintza Intentsiboko Unitatea. Bertako kontroletara sartu eta box guztiak ilaran ikustea, denak beteta, gaixoz gainezka. Zundak, hodiak, arnasbideak, kablez jositako pertsonak, sedatutako pazienteak… Dena berria zen niretzat. Hasieran antsietate pixkat sortzen zidan, baina gutxika ohitu nintzen. Sendagiriarekin etxera joan direnak ezagutu ditut. Baita bertan hil direnak ere. Horretara ez zara ohitzen. Heriotzen berri izandakoan gaizki pasatzen nuen, baina esnatzen ziren gaixoekin kontsolatzen nintzen. Gaixoek familiako kideekin bideo deiak egiten zituztenean asko pozten nintzen.

Ainara-Oronoz-2Pertsonalki zer suposatu du ZIUn lan egiteak?
Esperientzia ikaragarri ona izan da niretzat. Asko ikasi dut, gazte bezala eta profesional bezala. Orain gehiago baloratzen dut ospitalean egiten duten lana. Bestalde, Osakidetzan lan egitea ateak ireki dizkit, eta oso eskertuta nago.

Eta orain zer?
Pena handiz utzi nuen ospitalea, pertsona izugarriak ezagutu ditut bertan. Borrokalari bikainek egiten dute lan Donostiako Ospitalean, egoera zailenetan ere barre egiteko aukera izan dugu. Gaixotasuna berriz ere ez hedatzea eta ospitaleetan laguntza behar ez izatea espero dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>