Eskola txiki jatorrizkoak

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Lazkaomendiko auzo-eskola 2012an, Gipuzkoako Diputazioak Goierrin eraiki zituen hiruretatik bat. Atalburuan aldundiaren armarria mantentzen du. / Aimar Maiz

Orain 90 urte onartu zuen Gipuzkoako Diputazioak landa eremuetan eta auzo apartatuetan eskolak sortzeko plangintza anbiziotsua, 1930ean. Euskal eskola, ikastola edo ‘escuela rural’ deitu zuten, eta biziki txalotu zuen garaiko prentsa abertzaleak. Hamar urteko epean, Gipuzkoan 100 auzo-eskola eraikitzea zen asmoa, Diputazioaren kontura.

II. Errepublikari (1931-1936) aurre hartuta, Bizkaiko Diputazioak 1919an hasitako eredua hartu zuen Gipuzkoak. Analfabetismoa arazo larria zen XX. hasieran, batik bat herri txikietan –gehiago baserri-auzo urrunetan–. 1920an, 5.000 biztanletik beherako herrietan herritarren %45 analfabetoa zen Gipuzkoan. Gehienek ez zekiten gaztelaniaz, eta hezkuntzako hizkuntza ofiziala eta bakarra hura zen; irakasle euskaldun gutxi zeuden. Absentismo izugarria zegoen, baserri eta auzoetatik herriko eskolarako distantzia bezalaxe.

Hala, eskolak auzoetara eramatea erabaki zuen Diputazioak. Irakasle titulatu euskaldunak jarriko zituen buru. Herri-kaskotik kilometro bat baino urrunago zeuden baserri multzoak hartu ziren landa eremutzat, hamabi familia bizi zirenak, gutxienez.

Gaztelania pribilegiatzen baldin bazen ere, egitasmoaren egileen artean (gipuzkoar eskuin tradizionala) euskara indartzeko borondate argia zegoen. Euskaraz ikasteko aukera ziurtatuko zen auzo-eskoletan. Irakasleek euskara praktikoa menperatzen zutela erakutsi behar zuten oposizioetan.

Elebitasuna lortzeko, hiru eskola mota sortu ziren. Bat, gaztelania ez zekitenek (Gipuzkoa osoa ia) lehenengo euskaraz ikasiko zutena, eta gero gaztelaniaz. Bigarrena, bi hizkuntzak zekizkiten lekuetan, hezkuntza erdaraz eta euskara beharra zegoenean eta maisuak irizten zionean erabiliko zuena (‘vehicular’); eta hirugarrena, hezkuntza gaztelaniaz, «en el caso posible, aunque poco probable, de que el idioma usado por los niños sea el castellano»; eskola mota horri ikasleari euskara gerturatzeko funtzioa zegokion.

Goierrin hiru auzo-eskola

Diputazioaren ahalegin aipagarria 1936ko gerrak eta han nagusitu zen korronte politikoak zapuztu zuten. 1931tik 1936ra bitartean 21 eskola eraiki eta martxan jarri zituzten. Goierrin, hiru: Lazkaomendin (Lazkao), gaur egun Lartxai baserritar elkartea dena, 41.001 pezeta kostatu zen obra; Telleriarten (Legazpi), 60.478 pezetarekin; eta Arriaranen (Beasain), 41.766 pezeta.

Erregimen frankistak Gipuzkoari Kontzertu Ekonomikoa kendu zionean amaitu zen auzo-eskolen historia, finantzazioa itota eta arrazoi ideologikoagatik (abertzaletasuna zabaltzea eragoztea). Estatuaren eskura pasatu ziren eraikitako 21 auzo-eskolak, eta bertan behera utzi zituzten falta ziren 79ak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>