Otzaurte

Patxi-ZubizarretaPatxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea

Umetan, trenak Donostiara eramaten gintuen, itsasoraino. Gaztetxotan, trenak Otzaurtera eramaten gintuen, handik gero Aizkorriko tontorrean kasik zerua ukitzeraino. Gaztetan, trenak Gasteizera ekarri gintuen, lautadaren erdiraino. Ilusio garraio, betiere, trenak. Baina Donostiako eta Gasteizko geltoki jendetsuen aldean, arimarik ez sekula Otzaurteko apeadero narras eta kalamastran, urruti, han, infernuko zuloan. Eta a ze itxaronaldi luzeak gero, itzuleran, a ze asperraldi mortalak.

Apenas euskara entzuten ez zen hirira ekarri ninduen trenak euskara ikastera, unibertsitatera. Ordizian asteazkenak bezala deskubritu nituen hemengo ostegunak. Baina jaioterrira gustura itzuli ohi nintzen asteburu pasa. Behin, ondo gogoan dut, negu gorriko ostiral iluntze batean bidaiari gutxiko bagoi batera igo nintzen. Errebisorea berandu iritsi zitzaigun, Altsasu paretsuan, eta gizon beltzaran batekin tematu zen. Arrotzak ez txartelik ez dirurik, nonbait, eta treneko buruak zakar jakinarazi zion hurrengo geltokian jaitsi beharko zuela, Otzaurteko apeadorean, alegia: urruti, han, infernuko zuloan. Hori ezinezkoa zela leporatu nion nik, ez zela bidezkoa argirik ere ez zeukan apeadero ziztrinean gizasemerik uztea, hotzak hilko zuela han, txartela neronek ordainduko niola. Akabo, orduan. Tekelan hasi ginen, zein baino zein, arrotza han ez balego bezala, eta azkenean errebisoreak Zumarragaraino joaten utziko ziola agindu zigun. Tuneletan barrena, arrotzak frantsesez aitortu zidan libiarra zela eta Parisera joan nahi zuela. Hendaiara gauerdirako iritsi beharra zeukala kosta ahala kosta.

Ez dakit zergatik akordatu naizen egunotan arrotz harekin. Seguru asko neroni ere Otzaurteko apeaderoan bakartuta sentitu naizelako, tunel azkengabeetan sartuta. Seguru asko gutako bakoitza arrotz babesgabe hori delako. Seguru baino seguruago dut, ordea, hilabeteotan erabateko ezikusia egin diegula normalean ikusi ere egiten ez ditugun arrotzei, sufrikarioa garraio zuten eta dutenei (irakurtzerik izan ez duenarentzat, bai liburu gordina Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen Miñan: zenbat min hurbil eta urruti, hemen eta han, infernuko zuloan!).

Aizkorripeko tunelak zeharkatutakoan, noizbait ere Brinkolara iritsi ginen. Halamoduzko argitasunera. Errebisore muturluzea guregana ez itzultzea parte txarreko seinalea iruditu zitzaidan: baietz Zumarragako geltokian ertzainak agertu… Kale egin nuen, ordea: ez ertzainik, ez errebisorerik han. Eta arrotzak bertan jaisteko asmorik ere ez. Ormaiztegi, Beasain, Ordizia. Jaioterrian agurtu nuen, ordurako Zumarragatik urruti. ‘Bonne chance’ esango nion akaso, errebisorearen inongo arrastorik sumatu gabe. Ez dakit arrotzari ertzainek Tolosan, Donostian edo Irunen itxarongo zioten, Hendaiara iritsiko ote zen. Arrotzaren duintasuna dut orain gogoan, haren dotorezia eta kemena, noiz eta deskarrilamendua guregana ere iritsi den garai honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>