Joxe Mari Auzmendi haserre

Asier-IriondoAsier Iriondo • Hizkuntza aholkularia

Behin baino gehiagotan esan izan didate ez nautela haserre imajinatzen, baina munduan bada haserre ikusi nauenik, eta horretaz konturatu denik ere bai. Bigarren talde horretan daude ikasle gaztetxoak. Haurrei eskolak emateko prestakuntzarik ez daukat, baina eman izan dizkiet, nire, eta egitekoa eskaini izan didanaren, erruz.

Hik Hasiren martxoko alean Joxemari Auzmendi dugu protagonista. Hark bai, bazeukan prestakuntza, eta horren ikerketa eta zabalkundea izan zituen pasio eta ogibide. Guk Kimu Berri ikastolan maisu izan genuen, duela berrogei urte pasa. Ez daukat arrastorik ere metodo pedagogikoek zer dioten irakasleen haserre eta errietei buruz, baina, ikasle gaztetxook Joxemari haserre ere ikusi genuen, eta horrek norberarenak samurtzeko balio du, zalantzarik gabe. Intuiziotik eta orduko oroitzapenetik, iruditzen zait, haserreaz gainera, haserre-ondoa dela kudeatzen asmatu beharreko egoera.

1979ko egun gris hartan, 22 haurrek 25 urteko Joxemari gaztea bere onetik ateratzea lortu genuen. Ohi baino ozenago eta sekula baino gordinago hitz egin zigun. «Ni ez naiz ja zuen maisu!», azken esaldia bota eta gelatik alde egin zuen. Eskola-ordua bukatu artekoa lanbrotan gogoratzen dugu, baina ondoko pinudian ibili ginen, ilara galdutako prozesionariak bezala.

Hurrengo eguneko eskolari uzkur samar ekin zion. Irakurtzen ikasi genuen urtea zen eta ipuina banatu zigun, banan-banan eta bozgoran irakurtzeko. Irakasle bat eta ikasle batzuei buruzkoa zen. Ipuinaren erdi aldera, irakaslea haserretu egiten zen eta bere onetik aterata esaten zuen: «Ni ez naiz ja zuen maisu!». Ipuina ez zen hor bukatzen, ordea. Segi egiten zuen, eta amaiera ederra zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>