Udazkena ekitaldiz lepo

Egoitz-IztuetaEgoitz Iztueta Sukia • Irakaslea

Urtaro guztien hasiera eta amaiera egunak egutegian erraz antzeman ditzakegun arren, udak kutsu ezberdin bat izaten du. Nire bizilagunari eta bioi frontoi txikian jokatzen zen kuadrilla arteko saskibaloi txapelketak adierazten zigun udaren hasiera. Bederatzi-hamar urte inguru genituen txapelketako partida guzti-guztiak ikusten hasi ginenean: 19:00etakoa, 20:00etakoa –ziztu bizian etxera afaltzera igo– eta 21:00etako lehia ikusteko bertaratzen ginen berriro.

Kirol zale amorratu on gisa izugarri gozatzen genuen, irrikitan eta desiran, bekaitzez sarritan: jokatu nahia eta ezina. Hala ere, eta egiari zor, lagunak eta biok txapelketako norgehiagoketako atsedenaldiak baliatzen genituen geure partidatxoak lehia estuan jokatzeko.

Urteek aurrera egin duten heinean saskibaloiaz gain beste lehiaketa ugaritan parte hartzeko aukera areagotu da: pilota, pala, tokata… Esango nuke txapelketa hauek Ordizia suspertzen dutela, giro atsegina sorrarazteko ahalmena daukatela eta herriari izugarrizko bizia ematen diotela. Ondorioz, ekaina eta uztaila oso hilabete ederrak izaten dira gurean, bereziki bigarrena, besteak beste, uztail bukaeran ospatzen ditugun herriko jaiek borobiltzen baitute uda garaia. Hala ere, pasa den astean jakinarazi zuen Ordiziako Udalak aurten ez dela Santa Ana jairik izango. Mezu ofiziala hori izan bada ere, zer gertatuko den ikustear dago oraindik.

Inguruko herrietan ikusi dugu hainbat alternatiba sortu direla. Esaterako, Arbizuko San Joan jaien kasuan, festetako ekitaldiak, txapelketak eta kontzertuak udako asteburu desberdinetan zehar antolatuko dituzte. Villabonaren kasuan bestetik (Santiago festak), udazkenean bere osotasunean ospatzeko intentzioz dabiltza.

Ordiziako Udalaren jaien egitasmoa zein izango den jakin artean, komenigarria da aipatzea dagoeneko udazkena ekitaldiz lepo datorkigula. Erabakiak erabaki, ezinbestekoa izango da ondorengoa aintzat hartzea: pandemiaren ondorioz derrigorrez atzeratu behar izan diren ekitaldien data berria proposatzeko orduan, ezin da ahaztu urte askoan zehar udazkeneko egun jakin batzuetan ospatzen diren ekitaldiak hor daudela, eta ez dela zilegi horiei gainjartzea.

Edonola ere, espero dut Ordiziako kultur eta kirol eragileek Covid-19a dela eta aurten hainbat ekitaldi bertan behera utzi izana anekdota hutsean gelditzeaz gain, datorren urtera begira indarberrituta ekiteko kementsu izatea, eta herrian beti egin izan den bezala, antolaketa lanetan jarraitu ahal izatea. Tankera honetako ekimenak bertan behera gelditzen direnean soilik ohartzen gara zein nolako onura ematen dioten herriari, eta nolako hutsunea nabari dugun herritarrok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>