Azpi-azpitik

Aitor-ArtzaAitor Artza • Musikazalea

Nolabaiteko egoera berriak ez ditu makaldu sormena eta ekiteko gogoa, nahiz eta gaur arituko garen batzuk ez ditugun medio nagusien ekimen digital eta neurri apartak hartuta, izeneko antzokiak agendaratzen ari diren saioetan ikusiko… Tamalez hauek aritzen diren guneak daude kaltetuenen artean, nahiz eta edozein terraza edo ospakizunetan ikusten dugun gisa honetako taldeek biltzen duten pertsona kopurua. Argia jarri beharko zaio honi, gustoko dugun sub-kultura horrek bide ematen baitio sormen askori, eta baita egun asko goxatu ere. Biziraungo duela ez dut zalantzarik ordea, hor azpian, beti egin den moduan.

Sortu berri den Nastelen taldea dakarkizuet lehenik. Bertan Punk eta HC taldeetan aritako Sani, Lander, Erras eta Lazkaoko Leku daude; Luismak lagundu die lehen 5 abestiei forma ematen. Ezin Izan, Captain Nemo, Ladislao, Gaizkiñe, 30%, Fist Fucking, Eskoriatza, Dickcheese… etabar luze batean aritutakoak dira; horiek guztiak batidora batean sartuta ondorengoa da entzun ahal izango duzuen emaitza. Hitz zuzenak, betiko gisan. Arrastoa utzi zuten Olarius eta Romani eskainitako lana.

Ondoren, kostaldetik datorkigun talde bat. Oki Moki. Paula, Aritz (Arrotzak) eta orain Iñakik osatzen dute. Pop kutsuz beteriko diskoa atera dute apirilean, itxialdiak bete-betean jo gintuenean. Gustu ikaragarriz egindako diskoa, edukitik hasi eta diseinura arte. Gitarraz beteriko pop ilun baina melodia eranskorrez josia… Behin entzunda alde batera uztea zaila egiten den horietakoa. Euskaraz, castellanoz  eta ingelesez abesten dute Working Class Pop izeneko diskoan. Zarauzko Humedecidos taldearen Una Mano para el Dinero abestiaren bertsio bat ere egin dute, eta ezin esan  talde haren kutsurik ez dutenik.

Bi taldeon lanak Bandcampen entzun eta eskuratu ahal dituzue. Beasainen bizitoki duen XcementerioX (erabili sare sozialak zertan diren jakiteko) izeneko argitaletxe eta banaketa taldeak argitaratu du Oki Mokiren biniloa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>