TicketBAI: dendarien fakturak eta Ogasuna (I)

Created with RNI Films appIbon Calvillo • Biok Zerbitzuak (Ordizia)

Urtebete beranduago iritsiko da TicketBAI (TBAI), dendariak egiten dituzten fakturak kontrolatzeko Ogasunak jarri duen sistema berria.

Zer da?

Foru aldundiak iruzur fiskalari aurre egiteko sortu duen tresna teknologikoa dela esan genezake. Bezero bezala amaierako kontsumitzaileak dituztenen jarduerei dago zuzendua bereziki. 2021ko urtarrilaren 1ean sartu behar zen indarrean, baina Covid-19 dela eta urte bete atzeratu dute.

Nori eta nola eragingo dio TBAIk?

Jarduera ekonomiko bat duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek erabili beharko duten software bat da hain zuzen ere. Fakturazio programa guztiak egokitu beharko dira. Jarduera ekonomikoa kontrolatzeko behar den zerga informazio guztia eramango duen fitxategi bat sortuko da faktura bakoitza egin aurretik. Behin faktura eginez gero, fitxategia ezingo da aldatu eta ogasunari bidaliko zaio automatikoki.
Faktura bakoitzean ikusi ahal izango du bezeroak  TicketBAI erabiltzen ari den ala ez, QR kode bat  agertuko baita.

Zein da honen helburua?

Azken finean TicketBAIren bitartez, fakturak elkarrekin kateatzen dira. Elektronikoki sinatu eta manipulatzea edo ezabatzea saihestea da helburua. Behin faktura eginez gero ezingo dira manipulatu edo ezabatu. Ogasunarekin izango ditugun zerga harremanetan aldaketa garrantzitsua ekarriko du. Etorkizuneko Ogasuna nolakoa izango den ikusteko, aurreneko pausoa izango da; ondorengo urteetan gehiago etorriko dira.
Behar diren neurriak ez badira garaiz ematen, aldaketa tsunami antzeko bat izango da autonomo txiki eta ETEntzat (enpresa txiki eta ertainak), ez baitute jakingo zer egin, nahaspila eta ziurtasun falta sortuz.

Noiz sartuko da indarrean?

TicketBAI fakturak kontrolatzeko sistema berria 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izango da nahitaezkoa. Egokitzapen-lanak aurrez egin beharko dira, eta ez utzi data iritsi arte.
Enpresa eta dendari desberdinek, jardueraren arabera, modu progresiboan jarri beharko dute martxan, fakturazio-sistema guztiak sistema berri honen baldintzak betetzen direla bermatuz. Adibidez, aholkulariak 2022ko urtarrilaren 1ean hasiko gara, eta taberna eta jatetxeak 2022ko urriaren 1ean.

Kosturik izango du?

Bai, zergadunaren tresna teknologikoaren egoeraren arabera kostua aldakorra izango da. Foru aldundiak laguntzak eta asistentzia teknikoak eskainiko ditu eta egokitzeko egingo diren inbertsioek ere kenkariak izango dituzte zergak ordaintzerakoan.

(Hurrengo astean jarraituko du).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>