Goierriko terraza, altzagarate

terese1

Etxeko behor kuttunarekin.

Terese Garmendia Erauskin • Altzagarate

Lagun batek esaten du Olaberria dela Goierriko balkoia. Ados, baina Goierriko terraza Altzagarate da, ikuspegi zabalagoa duelako. Ez daukat ez, saltzeko!

Duela 50 urte Altzagaraten jaioa naiz, Altzagarateko taberna-baserrian.  Lau anaia-arrebetan bigarrena naiz, eta nire gaztaroa baserriko eta tabernako lanetara erabat lotua egon da. Altzagarate eta Ordizia bitartean egin dugu bizitza.

Altzagan eskola txiki bat bazegoen ere, Ordiziako Urdaneta eskolara joaten nintzen eskolara.  Altzagaratetik Altzagara oinez joan behar izaten ginen, eskolara joateko autobusa Altzagatik bakarrik zegoelako.

Gure lanak ez ziren eskolara mugatzen. Eskolatik etxera etortzean aita, ama eta anaia-arrebekin baserriko lanak egiten nituen. Garai hartan gure baserrian 20 behi genituen, eta belarra biltzen, jorran… aritu behar izaten genuen. Gusturen egiten nuena etxeko behorrak zaindu eta haiek larrean jartzea izaten zen. Oso mantsoa zen, eta atzera eta aurrera gustura ibiltzen nintzen berekin. Gaur egun animalia guztiei izena jartzen bazaie ere, gure etxekoek ez zuten izenik. Astoa ere bageneukan eta asto gainean ibiltzen ginen pixka bat ganberroarena egiten.

Gure etxea ostatu ere bazen, Altzagako taberna bakarra. Asteburuetan Altzagarateko tabernan jende asko ibiltzen zen eta amari laguntzen genion bertan lan eginez. Asteburuetan lana egitea tokatzen zitzaigun. Konfinamenduarekin batera itxi dugu taberna, amak erretiroa hartu duelako.

Ataungo Rafaelenera

Hori bai, jolaserako astia ere izaten genuen. Soka saltoan, goman eta kaniketan ibiltzen ginen auzoko lagunekin. Eta oso gogoko nuen plan bat ere egiten nuen aitarekin, bestela ez ginen asko ateratzen eta: Ataunera, Rafaelenera joatea, Kas edo Txus bat hartzera, olibekin lagunduta. Ilusio berezia egiten zigun anaia-arreba guztioi.

Hazten joan ahala, 17-18 urterekin ilusioa izaten genuen Ordiziara parranda egitera jaisteko.

Lasaitasunaren garrantzia

Lana bai, baina lasaitasuna eta bista ederrak ere eskaini izan dizkit beti Altzagaratek. Goierriko terraza da niretzat, horretan ez daukat zalantzarik: Txindoki, Aizkorri, Murumendi, Lazkaomendiko mendiak, Ordizia, Beasain… Goierriren ikuspegi zabala daukagu.

Martxotik hona bizi izan dugun konfinamendu egoeran, inoiz baino estimatuagoa dut Altzagarateko lasaitasuna. Ez daukagu saltzeko, ez horixe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>