Audientzia kontuak

Xabin-FernandezXabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria

Ezetz eta ezetz aizu. Ezetz. Ez diola inoiz ere barkatuko. Eta nahikoa dela esanaz moztu omen du deia.

Dirudienez, pasa den asteburuan gertatutakoak aurreko guztiak gainditu ditu. Eta ez dirudi gutxiagorako. Goizean atera zen nonbait, lagunekin marianito bat hartzera. Baino marianito bat gutxi, eta bat bi bihurtu. Eta bi, hiru. Eta hiruretan laurak. Azkenean, gaueko hamaiketan iritsi omen zen etxera, sekulako bixiguarekin.
Mozkortuta iristea gutxi ez, eta ezagutzen ez zuen perfume usaina omen zekarren soinean… eta…

Eta istorioaren onenera iritsi garenean, toallak jaso eta alde egin ez dute ba igerilekutik! Posible ote da? Nola jolastu dezakezue horrela nire sentimenduekin? Nola utzi dezakezue kontakizuna puntu horretan? Ez duzue lotsarik…

Azkenean, zaping egin behar izan dut.

Futbolaz ari dira pareko gazteak. Realaren gora beherak eta… ez, hau ez da niretzat. Ea etorri berri diren bi emakume hauek zer dioten…

Hau bai. Honek bai mamia… musukoez ari dira. Gaurkotasuna eta moda. Ze emozioa…

Ba dirudienez, bainujantzi gorrikoak nahiago ditu maskarila kirurgikoak. Arinagoak direla eta arnasa lasaiago hartzen omen du horiekin. Erabat ados nago. Baina antza denez, besteak telazkoak ditu gogoko. Agian ekologistagoa izango da, pentsatu dut neure artean. Baino ez. Bere errainak josi omen dio jantzita ekarri duena. Kotoizkoa, eta barruan kafe filtroa daramana. Eta garrantzitsuena: loreduna da. Behin sufritzen hasita, gutxienez zerbait polita eraman nahi duela esan du. Kirurgikoek ez dute nonbait berak behar duen kategoria.

Eta halako batean, gutxien espero nuenean, bietako baten senarra erori da zerutik. Badirudi, autoa aparkatzera joana zela, bi emakumeak igerilekuko atean utzita. Eta bai! Epidemiologoa da! Gehien gustatzen zaizkidan pertsonaiak… edozein pasadizo goratzen duen horietako tolosar bat. Eskerrak etorri zaren!

Segituan ixildu ditu bi emakumeak. Txorakeria gutxiago esateko eskatu die. Musukoak alferrik direla, distantziak mantentzen ez badira. Eta ezetz. Telazkoek ere ez gaituztela gaitzetik salbatuko. Kontzientziazioan omen dago gakoa. Eta gazteak horretaz jabetzen ez diren bitartean, jai dugula gaineratu du. Eta amaitzeko, sententzia: Birusa zaharrok garbitzeko etorri da, eta ez da joango lanak amaitu arte… To!

Txaloka hasteko gogoa etorri zait. Erabat ados egon gabe ere, horrelako gonbidatuek edozein tertulia altxatzeko gaitasuna dute. Hori ez didazue ukatuko…

Eta dirudienez, funtzionatu du. Realaren jarraitzaileak ere isildu dira eta. Orain gizon txikiari begira gaude denak.

Audientzia kontuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>