Goierriko Azoka, erronka digitala erakusleihora

Goierriko_Azoka_proiektua

Goierri beheko ekoizleak eta merkatariak digitalizazioan ahalduntzeko Goierriko Azoka proiektua dagoeneko abian da. Plataforma digital bat eta formakuntza eskainiko ditu. Kolektiboki ez ezik, banaka sendotzea da helburu.

Azken urteetako digitalizazioaren ondorioz gizartearen kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta joera hori are gehiago nabarmendu da COVID-19 koronabirusak eragin duen konfinamendu garaian eta ondorengo normaltasun berrian. Eraldaketa horren norabidea eta abiada aintzat hartuta, Goierriko ekoizleak eta merkataritza denda txikiak paradigma berri horretara egokitzea nahitaezkoa da, bizirik iraungo badute. Erronka horri aurre egiteko, Goierriko Azoka izeneko proiektua abiatu du Borja Urretabizkaia legorretar ekintzaileak Goieki garapen agentziarekin elkarlanean.

Proiektuaren oinarria digitalizazioan dago, eta bi eremutan eragingo du. Batetik, Goierriko beheko ekoizleen eta merkatarien produktuak eta dendak bilduko dituen webgune bana sortuko dira –bat ekoizleentzat, bestea merkatarientzat–, eta bestetik, sektore horietako eragileei aholkularitza eskainiko zaie digitalizazioan ahalduntzeko urratsak egin ditzaten. Banakako digitalizazio horren bidez, ekoizleei eta merkatariei gaur egungo errealitatera egokitzen laguntzea da asmoa, kolektiboki indartu ez ezik, banaka ere sendotu daitezen.

Maquetación 1Sortuko diren bi plataformetan nahi adina ekoizle, denda eta produktu txertatu eta salerosi ahal izango dira, eta etxerako banaketa eskaintzeko aukera izango dute nahi hori adierazten dutenek. Horrez gain, Goierriko Azoka markaren eta hark eskaintzen dituen marketing lanez ere baliatu ahal izango dira. Kontsumitzaileek ere plaza erosoa izango dute, ehunka produktu eskura izango baitituzte bi plataforma horietan, produktuak etxean bertan jasoz edota ekoizleekin zein merkatariekin zuzeneko tratua izanez.

Zabalpen lana herrietan

Marketing eta Internetaren arloan aritua, Goierriko ekoizle eta merkatarien azalean jartzeko ariketa egin zuen konfinamendu garaian Urretabizkaiak, eta aurrez ere buruan bazerabilen proiektua abiatzeko garaia zela erabaki zuen. «Interneta ekoizle eta merkatarien aktibitatearen zatitxo bat besterik ez da, baina aldi berean, zati garrantzitsua  izan daiteke haien etorkizunari begira. Digitalizazioak urteak daramatza, eta hau trenaren azkeneko bagoia da».

Proiektuaren txostena prestatu, Goiekin aurkeztu, eta administrazio kontseiluak oniritzia eman ondoren, Goierri beheko 18 udalerrietara bidali zuten informazioa. Aurrez aurreko aurkezpen bat ere egin zuen, eta harrezkero hainbat udalerritako hautetsi eta ekoizle eta merkatariekin bildu da. Beasain, Ataun, Lazkao, Zaldibia eta Legorreta dira horietako batzuk. «Oraingoz jaso dugun erantzunetan denetarik dago. Askori urruti gelditzen zaie digitalizazioa, beste batzuk bidea egiten ari ziren, eta beste batzuk proiektutik jaso dezaketen informazioaren zain daude. Garbi dago proiektua aurrera doan heinean jende gehiago sartuko dela». Uztaila eta abuztua herrietan zabalpen lana egiteko, eta sortuko dituen bi plataformen diseinua eta garapena egiteko baliatuko ditu Urretabizkaiak. «Abuztuan behin betiko bertsioa oso aurreratua izan dugu, eta irailean hasteko moduan izango gara».

Plataforma komun horiek ekoizle eta kontsumitzaileentzat «abantaila» izango dira, baina «bakoitzak bere bidea indibidualki egitea» ere badela helburu dio. «Guk garbi daukagu ezin dugula Amazonekin lehiatu. Helburua da ahalduntzea, formakuntza egitea eskainiko dizkiegun euskarriekin, eta digitalizazioaren bidean aurrera egitea».

Pertsona eta zerbitzua, balio

Hiriekin alderatuz, eskasa da udalerri ertain eta txikietako ekoizle eta merkatarien digitalizazio maila. «Goierrin esku batekin konta daitezke on-line estrategi bat daukatenak. Digitalizazioaren mundua erakargarria da, baina ez da batere erraza, eta denbora eta ezagutza eskatzen du». Horregatik ematen dio horrenbesteko garrantzia formakuntzari. «Proiektu honetan gauza txikietatik abiatu behar dugu, jendea pauso txikiak ematen has dadin. Formakuntza ez tradizionala izango da, eta pertsonalizatua, egoera desberdinetan aurkitzen direnei egokituta».

Proiektuan sartzeko pausoa ematen dutenek argi izan behar dute lehiakidea ez dela aldameneko denda, saltoki eta plataforma digital handiak baizik. «Negozio hauek abantaila bakarra dute harekiko: denda fisiko bat dutela, izen bat eta harreman pertsonal bat. Digitalizazio honen helburua izan behar da bezeroa dendara erakartzea». Gertutasun eta pertsonalizazio hori «mundu digitalera eramatea», horixe da proiektuaren erronka, fokua pertsonan eta dendan jarriz. «Erosle bezala badakigu Internetek nola funtzionatzen duen, baina saltzaile bezala ez. Hor badago zer ikasia. Proiektu honekin kontzientziak mugiarazi nahi ditugu, gauzak beste era batera egin daitezkeela pentsatzea eta sinistea». Erronkari heldu behar zaio, erakusleihoek zabalik jarrai dezaten.

Goierriko Azoka

Ekoizleei eta merkatariei digitalizazioaren arloan laguntzeko proiektua.

  • On-line plataformak. Ekoizleei eta merkatariei zuzendutako webgune bana sortuko dira, modu bereizian. Erakusleiho izateaz gain, salmenta eta banaketa bideratu ahal izango da.
  • Formakuntza, taldean eta banaka. Digitalizazio arloko aholkularitza emango da, partaide bakoitzaren beharrei egokituta. Teknologia berrien bidez emango da formakuntza, taldean ala banaka.
  • Iraupena eta finantzazioa. Proiektuaren garapen prozesuak urtebete iraungo du, eta finantzazioaren %90 Goiekik hartuko du bere gain. Gainontzeko %10a proiektuan parte hartzen duten ekoizle eta merkatariek ordainduko dute.
  • Harremanetarako. E-posta: borja@goierrikoazoka.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>