EMARIAZ HARAGO

Basoa

Oria eta Urola. Bi arro, bi ibai nagusi, eta ibaiadar ugari ertzetan. Arroen goialdeak dauden osasunik onenean, barrenetan okertzen da egoera, joera hoberanzkoa bada ere. Ekosistema zaurgarria da, ibaia ez baita ura bakarrik.

Aizkorri Parke Naturalaren magalean sortzen diren ibaiak dira Oria eta Urola. Lehena Aizkorriko errekasto biltzaileetatik sortzen da, Leizarratetik gertu, 660 metroko altueran. Gipuzkoako ibairik luzeena (80 km) eta emaritsuena da, eta Goierriko zazpi udalerri zeharkatzen ditu (Zegamatik Legorretara), Tolosaldeko eta Beterriko hainbat herritatik pasa ondoren Orion itsasoratzen den arte. Oriaren unitate hidrologikoaren azalera 913 kilometro koadrokoa da, eta arro nagusiarena 882 kilometro koadrokoa. Oriaren goiko arroko zati bat, Oria Garaia izenekoa, Natura 2000 sareko parte da eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2012ko urriaren 16an.

Bigarrena Aizkorriren iparraldeko magalean jaiotzen da, Urkimendi (783 m), Altzola (869 m) eta Pagola (834 m) mendien inguruetan, Legazpiko Brinkola auzotik hurbil. 64,5 kilometro da luze, eta Legazpi, Zumarraga eta Urretxu zeharkatu ondoren, eta Urola Erdia igaroz, Zumaian isurtzen ditu urak. Unitate hidrologikoaren azalera 345 kilometro koadrokoa da, eta arro nagusiarena 342koa. Urolaren ibaiadar nagusiak ez daude Goierrin –Barrendiola eta Urtatza hasierako zatian–, bai ordea Oriaren nagusienak, Araxes eta Leitzaran ez direla. Ezker aldetik, Estandak isurtzen dizkio urak Oriari, eta eskuin aldetik, Urtsuaranek, Agauntzak eta Zaldibiak (Amundarain). Azken bi erreka horiek Aralarko Parke Naturalean sortzen dira, eta Oria Garaia eremu babestuko parte dira.

Lareoko urtegiak (2,1 Hm3) eta Arriarangoak (3,2 Hm3) hornitzen dituzte  urez Goierri beheko herriak, eta lehenak, gainera, emaria dakarkio Agauntzari. Saneamenduari dagokionez, Goierri beheko herri gehienak 2003an eraikitako Legorretako hondakin-uren araztegian (HUA) tratatzen dira. Ibaiko habitatari dagokionez, Aralar eta Aizkorriko mendilerroetatik igarotzen diren guneak kontserbazio egoera onean daude. Ardatz nagusiaren eta ibaiadar batzuen beheko ibarrak erasanda daude, industrialdeak nahiz azpiegiturak ezarri baitira. Isurketek, ibai-bideratzeek eta aprobetxamendu hidroelektrikoek larri degradatu dute ibaiko habitata.

Urolaren goiko aldean Barrendiola urtegia dago, 1,4 Hm3 har ditzakeen hornikuntzarako urtegia, baita Urtatza urtegia ere (0,7 Hm3), industria erabilerarako dena. Saneamendu planak ere  amaituta daude. 2001. urtean jarri zen martxan Urola Garaiko HUA, eta han tratatzen dira Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako ur zikinak. Ibaiko habitata ondo kontserbatzen da arroaren goiko aldean, Aizkorri aldean batez ere, han jatorrizko basoaren zati handi bat gordetzen baita. Haran barruan, ordea, hiri eta industria garapen handia eman da, eta gune lauetan hiri eta industria erabilerak ezartzen joan dira labore atlantiarren eta sega belardien kaltetan, ibaiko ekosistemari erasanez. Ibai biak bortizki bideratuak izan dira azken hamarkadetan, hein handi batean uholdeak saihesteko, eta horrek larri aldatu ditu ibaiertzak, kasu askotan ibaiertzetako landaredia suntsitzeraino.

Neurketa eta laginketa puntuak

Maquetación 1Gipuzkoan uraren kalitatea aztertzeko neurketa jarraituko 14 estazio daude, horietako hiru Goierrin: Estanda (Beasaingo Salbatoren), Amundarain (Zaldibian) eta Aitzu (Zumarragan). Estazio bakoitzak parametro neurgailuak ditu, uraren tenperatura, erredox potentziala, eroankortasun elektrikoa, oxigeno disolbatua, pHa eta uhertasuna neurtzeko. Zaldibiakoan materia organiko kopurua ere neurtzen da, eta Aitzun amonioa, solido esekiak eta ortofosfatoak ere bai. Hiru horiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aforaleku Iraunkorren sarea osatzen duten gune bana daude Arriarranen, Agauntzan, Lareon eta Barrendiolan. Estazio horiek 10 minutuz behin neurtzen dute parametro bakoitza, eta neurriok euskarri informatikoan gordetzen dira, urtean zehar bildutako uraren kalitate fisiko-kimikoari buruzko datu zehatzak lortuz.

Horiez gain, uraren datu fisikoak lortzeko 14 laginketa puntu dauzka diputazioak bailaran. Lau Urola arroan daude (Brinkolan, Telleriarten, Legazpi behean eta Urretxun) eta beste hamar Oriakoan (Zegaman, Mutiloa-Troin, Seguran, Urtsuaran-Idiazabalen, Oria-Idiazabalen, Arriaranen, Estandan, Agauntza-Lazkao zubian, Amundarain behean eta Ordizia-Itsasondo mugan). Uraren bikarbonato, kaltzio, kloruro, sodio eta sulfato kopuruak neurtzen dira eremu horietan, besteak beste.

Maquetación 1

Ibaien egoera ekologikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak Uraren kalitateari buruz argitaratua duen azken txostenak (2015) Goierriko ibai eta erreken egoera anitza dela erakusten du. Oria arrokoen kasuan, Oria ibaiaren lehen tartea (Seguraraino), Arriaran erreka (Estandarekin bat egin arte), Urtsuaran, Agauntza (Lazkaora bitarte) eta Amundarain (Zaldibiako herrigunera arte) erreken egoera oso ona da, eta gainontzeko tarteetan ona. Oria ibaiaren egoera moderatua da Beasain eta Ordiziako zatian, baita Itsasondotik behera Legorreta pasatu bitarte ere. Santa Lutzi errekaren egoera ere maila berean kokatzen du. Ur kalitate eskasa bakarrari ematen dio aldundiaren txostenak: Mutiloako Troi errekari.

Urolako arrokoetan honakoa da egoeraren argazkia. Urola sorburutik Urtatza batzen zaion zatira arte egoera oso onean dago, baita Barrendiola ere (azken zatian ona izatera pasatzen da). Hortik aurrera, eta Aizpurutxotik behera Urola Erdiko lurretara igarotzen denera arte, Urola ibaiaren egoera moderatua da, zati batean maila ona erakusten duen arren.

Mailaketari horri jarraituz, Oriaren goiko arroa, eta Urtsuaran, Arriaran, Agauntza (Lazkaoko zubiraino) eta Amundarain erreka –ia bere ibilgu osoan– dira izokinkideetzat (amuarraina eta izokina) ur kalitate egokia dutenak. Izokinkideentzako muga den uraren tenperaturari (21,5º) eusten diote urteko zatirik nagusienetan. Oriaren Estanda eta Santa Lutzi ibaiadarretan tenperatu horiek gainditu egiten dituzte, eta mugatzaile da hori izokinkideentzat. Ormaiztegin, hala ere, loina eta mazkar populazioaren gorakada antzeman da 2007an egin ziren saneamendu lanen ondoren. Oria ibaiaren Goierriko gainontzeko zatietan ziprinidoak bizi dira bereziki: barboak, loinak, ezkailuak eta mazkar arantzagabeak.

Urola ibaiaren Goierriko zatian uraren kalitateari buruzko mailaketaren araberakoa da baita ere arrain-faunaren populazioa. Legazpiko herrigunera iritsi bitarteko ibai zatiak baldintza egokiak ditu izokinkideentzat, baita Urretxuko azken zatiak ere, nahiz eta agorraldian uraren kalitate biologikoa eskasa den azken horretan. 2015eko laginketan ezkailu eta mazkar populazio ugariak detektatu ziren, baita amuarrain populazio ahul bat ere.

Ibai ekosistemen kalitatea hobetzea da, zentzurik zabalenean, administrazio eskudunen helburu eta betebehar, iparrorratz argi bat izanda: ibaia ura baino gehiago dela.

Amuarrainei jarraipena egiten, eta izokin eta aingirekin lanean gora egin dezaten

AmuarrainaEuropako gainerako lekuetan bezala, Gipuzkoan ere behera egin du amuarrainen populazioak azken hamarkadetan. Hainbat dira joera hori eragin duten faktoreak: kutsadura, ibaiko habitataren aldaketa, kirol arrantzaren presioa… Gipuzkoako sei arroetan daude amuarrainak, baino sarriago ekialdekoetan, habitataren kontserbazio maila hobea dutelako.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamenduak 2019an egindako Amuarrainen laburpena txostenak dioenez, 1997aren aurretik arrain-hazkuntzatik etorritako arrainen birpopulaketa masiboak egin ziren. «Lortutako emaitzak ez ziren espero zirenak izan, eta oso biziraupen tasa-txikia lortu zen. Harrezkero ez dugu birpopulaketarik egin, eta 20 urte daramatzagu amuarrain populazioari jarraipena egiten, zer dinamika daraman jakiteko», adierazi du Iñigo Mendiola Basa animaliak eta landareak departamenduko zerbitzuburuak.

Iñigo Mendiola, Basa animalien zerbitzuburua:

«Amuarrainena arazo global bat da, eta denoi antzeko datuak ateratzen zaizkigu. Ur-emariarekin lotzen da batez ere»
«Presarik eta oztoporik ez balego Orian gora iritsiko litzateke izokina. Lana ondo eginez gero posible da. Erronka polita da»

Amuarrain populazioaren beheranzko joera ur-emariarekin lotzen dute ikerketa gehienek. «Arazo global bat da, eta denoi antzeko datuak ateratzen zaizkigu. Ikertzen jarraitu nahi dugu egoera hori aldatzeko». Orain bi urte hil gabeko arrantza jarri zuten barruti askotan, eta aldaketa «onerako» izan dela dio, «asko eta asko ugalketa lekuak» direlako.

Itxaropentsu izateko datuak

Txosten horrek iaz Gipuzkoako 24 laginketa puntuetan lortutako emaitzak jasotzen ditu. Horietako hiru Goierrin daude: Orian, Zegamatik gora, laginketa puntu espezifikoa; Agauntzan, Ataundik gora, finkoa; eta Urolan, Telleriarten, finkoa hau ere. Arrain dentsitatea, biomasa eta populazio egitura aztertzen dituzte laginketa horietan.

Ondorioetan, Ataungo eta Telleriarteko datu bana nabarmentzen ditu. Agauntzan populazio dentsitatea ertaina da, eta gora behera handiak agertzen ditu. Hektareako 3.626 amuarrain atzeman dituzte, eta «maximo historikoa» lortzen du arrainkume kopuruak: 2.280 hektareako (%63). Telleriarteko estazioan, gainontzekoetan ez bezala, joera goranzkoa da. Behea joa zuen 2004. urtean (124 amuarrain hektareako), eta iaz 1.099 neurtu zituzten. Amuarrain txiki eta ertainena da kopururik nabarmena (618, %56).

2.280
Arrainkume hektareako Agauntzan. Jarraipenak egiten direnetik Ataundik gora inoiz atzemandako arrainkume kopuru handiena, guztiaren %63. Dentsitate osoa hektareako 3.626 amuarrainekoa izan zen iaz. 531 gazteak ziren (%15) eta 815 helduak (%22). Ugalketa maila handia erakusten du datuak.

Izokinik ez oraingoz, aingirak bai

Izokinaren eta aingiraren zabalkunderako lanean ere ari dira departamenduan. Usurbilen egiten du kontaketa, eta izokina Iruraraino iritsi dela sumatu dute. «Horrek esan nahi du gauzak ondo eginez gero posible dela izokina Orian gora iristea. Presarik edo oztoporik ez balego iritsiko litzateke goraino, eta hori oso erronka polita da». Leitzaranen dute egun izokina berreskuratzeko proiekturik mardulena.

Aztirekin elkarlanean egin du Diputazioak Oria ibaian eta ibaiadarretan aingirari jarraipena egiteko lana, eta emaitzak aipagarriak dira. Legorretan 350 zenbatu zituzten 2018an, Ordizian 69, Zegaman 438, Zaldibian 98 eta Ataunen 17. Ia mila aingira leudeke Goierrin, 972. «Oztopoekin batera beheraka doa dentsitatea, eta horiek kenduta kolonizatzeko ahalmen ikaragarria du aingirak». Zentzu horretan ulertu behar da Obra Hidraulikoetako departamendua azken urteetan presak eraisteko egiten ari den lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>