«Paviara iritsi arte ez naiz lasai egongo»

Nerea NarraspeNerea Narraspe  (Ezkio, 1998)  Kimika ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako fakultatean 2016. urtetik. Datorren ikasturte berri honetan, irailaren 6an, Erasmus programa egitera joango da Italiako Pavia hirira.

Nola sortu zitzaizun atzerrira joateko aukera?
EHUk beste unibertsitateekin duen  Erasmus+  izeneko hitzarmenari esker sortu zitzaidan. Bertan izena eman nuen eta gehien gustatzen zitzaizkidan hiriak aukeratu nituen. Hain justu lehenengo aukeratzat jarri nuen hiria egokitu zait, Pavia; eta bertan egongo naiz datorren bederatzi hilabeteetan.

Zeintzuk izango dira hartu beharreko prebentzio neurriak?
EHUk maiatzean bi aukera eman zizkigun: Erasmus programari uko egitea edo atzerriko unibertsitateak hartuko zituen erabakien berri izan arte itxarotea. Italiatik uztailean jarri ziren nirekin harremanetan, ikasturteak aurrera jarraituko zuela esanez, baina lehengo lauhilekoa behintzat online modalitatean egingo genuela esan ziguten. Horrez gain, herrialdean sartu ahal izateko, aurretik, PCR proba egin beharra dut. Aireportuan koronabirusa ez dugula frogatzeko PCR negatiboaren agiria erakutsi beharra dugu. Bestalde, laborategiko praktikak izango ditugunez, aldez aurretik badakigu unibertsitatera presentzialki joateko eskatuko digutela, baina oraindik ez dakigu nola antolatuko gaituzten.

Handia al da Paviako kutsatze kopurua?
Koronabirusaz kutsatu diren pertsonen kopurua gorantz jarraitzen badu ere, egoera kontrolpean dela dirudi. Lombardiako eskualdera noa, eta egia da bertan jasan dituztela kalte handienak. Hala ere, irakurri dudanez, hemen okerrago gaude, oraingoz behintzat.

Zer espero duzu? Beldurrik bai?
Ez. Ezjakintasun hori dut denbora guztian: ez dakit joango naizen ala ez. Italiara iritsi arte ez naiz lasai egongo, hegazkina hartu arte ez dakit zer pasako den. Kutsatzeko beldurrik ez dut. Etxean bezalaxe, Italiako Gobernuak ezarritako neurriak jarraituko ditut eta egoerak okerrera egiten badu beti izango dut bueltatzeko aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>