Enkante solidarioa

Azoka_berezia_Ordizia

Lekarozko Kortaria gaztandegiko Julen Arburua, iazko irabazlea, eta Beti Jai berri jatetxeko Pablo Soto, gazta erdiaren eroslea.

Ordiziako gazta irabazlearen erdia enkantera aterako da gaur, lehiaketa amaitu eta gero. 1980an Antton Olanok martxan jarritako ekimena da, eta 40 urteko ibilbidean jasotako dirua San Jose egoitzari eman zaio. Aurten ere helburu soziala du.

Zenbat ordaindu daiteke ardi latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazta baten erdia, Ordizian Euskal Jaietan egiten den txapelketa entzutetsua irabazten duenean? 1980an egiten hasi zen enkanteak kopuru astronomikoak utzi ditu 40 urteko ibilbidean, altuena  2014an: Idiazabalgo Ampo kooperatibak 13.050 euro ordaindu zituen.

Maquetación 1Halako kopuru alturik ez du berriz ere lortu enkanteak, baina horregatik ez du galdu ikusgarritasunik ekitaldi horrek. Iazko enkantean 9.000 eurora iritsi ziren Donostiako Beti-Jai Berri jatetxeko Pablo Sotok egindako eskaintzak.

Noraino iritsiko ote da enkantea aurtengo gazta lehiaketaren edizio berezi honetan? Gaur, 13:30etatik aurrera jakin ahal izango da, Beti-Alai pilotalekuan gazta lehiaketaren sailkapena ezagutzera eman eta gero.

Antton Olanoren eskutik

Enkantea da, zalantzarik gabe, gazta lehiaketaren unerik ikusgarrienetako bat. Aurten, egunez eta formaz aldatuta bada ere, egingo da berriz ere Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatuta; 41.a izango da. Kofradia bera sortu baino lehen martxan jarritako ekimena da, 1980an abiatu zen garai hartan udaletxean aparejadore zen Antton Olanoren eskutik. Kofradia, berriz, 1990era arte ez zen sortu, Idiazabal gazta, Ordizia eta ingurua sustatzeko helburuarekin, eta Olanok berak egindako proposamen bati jarraiki.

Kofradiako Maisu Handia Jesus Mari Ormaetxeak azaldu duenez, hasiera hartan 17 lagunek osatu zuten elkargoaren lehen zereginetako bat Ordizian 1904tik udalak antolatzen duen Euskal Jaien barruan egiten zen gazta lehiaketaren antolakuntza bere gain hartzea izan zen, eta harekin, baita gazta enkantea ere. Olanoren figurak bi ekitaldien bilakaeran izan zuen pisua ere nabarmendu du: «Gizon  geldiezina zen, tradizioa asko gustatzen zitzaiona, baita ondo jatea ere, eta gaztaren defendatzaile sutsua zen».

Maquetación 1Urte askoan gazta irabazlearen erdika bakarrik ez, ondorengo lau postuetan sailkatutakoen piezak ere enkantera ateratzen zirela gogoratu du, bestetik, Ormaetxeak. Edizio berriago batean Internet bidezko enkantea ere egin zen, bigarren eta hirugarren sailkatuekin, eta «oso erantzun ona» izan zuen: «3.000tik gora bisita izan zituen enkante guneak, Japoniatik eta Costa Ricatik ere egin zituzten eskaintzak… Hori berreskuratzea ez legoke gaizki».

Publizitate ikaragarria

Baina oihartzunik handiena irabazlearen enkanteak izan du beti; azken urteetan Jose Ignazio Iturriozek gidatzen du. «Gazta erdia erosten duenak, dirua gastatzen duenak, komunikabideetan irten nahi du, eta horregatik egiten ditu hain eskaintza altuak», azaldu du kofradiako Maisu Handiak, «publizitate ikaragarria lortzen dute».

Lehen eroslea, 1980koa, Juan Mari Arzak izan zen, eta orduko 12.000 pezeta ordaindu zituen (72 euro). Handik aurrera, kopuruak igotzen joan dira urtetik urtera, eta iaz 9.000 euro ordaindu zituen Donostiako Beti-Jai Berri jatetxeko Pablo Sotok, Lekarozko (Nafarroa) Julen Arburuaren Kortaria gazta irabazlearen erdikagatik.

Izan dira, baina, kopuru altuagoak enkantearen 40 urteko ibilbidean. Gehien ordaindu duena, 13.050 euro, Ampo kooperatiba izan da, 2014an, bere 50. urteurrenean; Segurako Karmele Muruaren Ondarre gazta zen. Beste bi enkante aipagarri ere badira: 2004an Lierniko Patxi erretegiak eskainitako 12.100 euroak (Azpeitiko Ardi Gazta Kooperatibako Angel Erraztirena), eta 2009an Super Amara merkatalguneak emandako 12.000 euroak ( Elgoibarko Jesus Ansolaren Mausitxa gazta). «Guzti-guztiek ordaindu dute, salbuespenik gabe».

Jasotako diruaren erabilera

Enkantearekin jasotako dirua San Jose egoitzara bideratu da hasiera-hasieratik, eta hala izan da Ordiziako Udalaren esku egon den bitartean. Baina gaur egun adinekoen egoitza Kabia erakunde autonomoak kudeatuta Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dagoenez, enkantearen diruaren helburua aldatu egin da, hori bai,  «betiko izpiritua mantenduta». Adineko pertsonentzat izango da, etxean bertan edo etxetik irteteko laguntza emateko edo egoitzan aisialdi ekintzak antolatzeko. Ekintza horiek Nagusilanek eta beste herriko eragileek sustatuko dituzte.

Enkanteak urtez urte

Ordiziako Artzain Gazta lehiaketako gazta irabazlearen erdiarekin enkantea egiten hasi zirela 40 urte bete dira aurten. Honakoa da erostunen zerrenda.

  • 1980. Juan Mari Arzak (Arzak jatetxea, Donostia): 12.000 pezeta.
  • 1981. Jose Juan Castillo (Casa Nicolasa jt., Donostia): 15.000 pta.
  • 1982. Errasti (Guria jt., Bilbo): 28.000 pta.
  • 1983. Pedro Subijana (Akelarre jatetxea, Donostia): 42.000 pta.
  • 1984. Evaristo Garcia (O Pazo jatetxea, Madril): 65.000 pta.
  • 1985. Zacarias Puente (Zacarias jatetxea, Santander): 110.000 pta.
  • 1986. Sebastian Azpiri (Txaltxa jatetxea, Eibar) 115.000 pta.
  • 1987. Bilore: 135.000 pta.
  • 1988. Quesos Aldanondo: 190.000 pta.
  • 1989. Bartolo jt. (Donostia): 210.000 pta.
  • 1990. Egosari jt. (Donostia): 260.000 pta.
  • 1991. Egosari jatetxea: 360.000 pta.
  • 1992. Patxi jt. (Liernia): 385.000 pta.
  • 1993. Super Amara merkatalgunea (Donostia): 390.000 pta.
  • 1994: Super Amara merk.: 450.000 pta.
  • 1995. Elutxeta sagardotegia (Urnieta): 500.000 pta.
  • 1996. La Barandilla merk. (Donostia): 550.000 pta.
  • 1997. Pryca Olaberria: 570.000 pta.
  • 1998. Pryca Olaberria: 580.000 pta.
  • 1999. Super Matia merk. (Donostia): 600.000 pta.
  • 2000. Larzabal jt. (Donostia): 550.000 pta.
  • 2001. Ravell jt. (Barcelona): 610.000 pta.
  • 2002. Angel Uranga margolaria: 4.100 €.
  • 2003. Pottoka eta Martinez jatetxeak (Ordizia):  5.100 €.
  • 2004. Patxi erretegia (Liernia): 12.100 €.
  • 2005. Castillo hotela (Olaberria): 6.000 €.
  • 2006. El Caseron jt. (Armentia): 6.200 €.
  • 2007. Divinius Catering (Donostia): 6.400 €.
  • 2008. Casa Eceiza (Tolosa): 6.700 €.
  • 2009. Super Amara merkat.: 12.000 €.  2010. Dolarea hotela (Beasain): 7.200 €.
  • 2011. Porrue jatetxea (Bilbo): 7.300 €.
  • 2012. Catalana Occidente: 7.400 €.
  • 2013. Bolintxo okind. (Bergara): 7.500 €.
  • 2014. Ampo (Idiazabal): 13.050 €.
  • 2015. Catalana de Occidente: 7.600 €.
  • 2016. Okeletxe: 8.000 €.
  • 2017. Carrefour (Olaberria):  8.200 €.
  • 2018.  San Sebastian Gastronomika:  8.750 €.
  • 2019. Beti Jai Berri (Donostia): 9.000 €.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>