«Etxeko giroa nahiko musikala izan da beti»

Maria eta Paula Bereziartu-2Maria eta Paula Bereziartu (Legazpi, 1999 eta 2003) unibertsitateko gradua eta batxilergoa prestatzen ibiltzeaz gain, musika munduan lehen zertzeladak eman dituzten ahizpak dira. Nolanahi taldea sortu berri dute.

Zer da Nolanahi?
Paula Bereziartu: Txikitatik ibili gara musika munduan: solfeoan, gitarra nola jo ikasten… Etxeko giroa nahiko musikala izan da beti, musika asko entzun dugu. Azkenean, egoera horri forma ematea pentsatu genuen eta azken urte honetan sortu den proiektua izan da.
Gutxi batzuk galdetzen digute izena nondik datorren… Arratsalde batean ahizpa eta biok ibili ginen pentsatzen nola izendatu talde hori, eta azkenean izen hori atera eta aurrera egin genuen.

Definitu ezazue zuen musika.
Maria Bereziartu: Gure ustez, abestean eta gitarra jotzean sortzen den giroa nahiko polita da eta hori da entzuleari erakutsi nahi dioguna. Horregatik uste dugu gure musika erraz entzuten dela eta edonor animatzen duela.

Nolakoa izan da diskoaren harrera?
P.B.: Diskoa grabatu genuenean ez genuen uste horrelako harrera izango zuenik. Guretzat abestiak grabatzeko aukera opari bat izan zan, gurasoek Gabonetan emandakoa. Lau abesti grabatu genituen eta diskoak familia-kideen eta lagun artean banatu genituen. Jende gehiagok adierazi zuenez interesa, Legazpiko Kukue tabernan jarri dugu salgai.

Konfinamenduan aukera polita izan zenuten…
M.B.: Sortzencovidea ekimenaren berri izan genuenean, bideo bat grabatzea erabaki genuen. Azken finean, proiektu honekin hasi ginenean gure helburua jendeak Instagram bitartez gure bideoak ikustea eta musikaz gozatzea izan zen. Kontzertuak eskaintzeko ideia ez genuen inoiz planteatu, bideoak grabatuz hasi ginen.
P.B.: Hori dela eta, Lekanazpi elkarteak sortutako kontzertuan parte hartzeko proposamena jasotzea sorpresa handia izan zen guretzat eta oso eskertuta gaude aukera hori eman izanagatik.

Non entzun dezakegu zuen musika?
P.B.: Gure eduki gehiena Instagram plataforman aurki daiteke. Orain dela hilabete batzuk diskoko abesti bat Youtubera igo genuen. Erantzuna ona izan denez, datozen asteetan beste abestiren bat igoko dugu. Fisikoki Kukue tabernan dago salgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>