«Irratian, zer kontatu badago, formatua ez da garrantzitsua»

Guridi_kazetaria

Ibilbide luze eta esanguratsuko kazetaria da Iñaki Guridi (Legazpi, 1979). Irratian landu du bereziki lanbidea, lehen urratsak Egin eta Segura irratietan egin ondoren. Gaur egun Euskadi Irratiko Faktoria goizeko saio informatiboa gidatzen du. Egunerokotasunean murgilduta bizi da.

Irailean Faktoria saioa gidatzen hasi  zara. Nolatan?
Irrati barruan lantaldeen berrantolaketa egon da ikasturte berriari begira, eta niri galdetu zidaten goizeko saioaren gidaritza hartuko ote nuen. Ordura arte lantalde horretan bertan nengoen, eta nirekin batera lantalde haren zati batek jarraitzen du, eta kide berriak ere etorri dira. Oso talde sendoa osatu dugu, eta babes horretan abiatu gara.

Zer da Faktoria?
Goizeko 07:00etatik eguerdiko 13:00ak arte doan saioa da. Albistegiaren zatia hartzen du, nik gidatzen dudana, eta gero magazina. Era ezberdinetako edukiak dauzkan programa bat da. Gurea hiru orduko tartea da, 07:00etatik 10:00ak artekoa, informatiboa, eta albiste kontaketa, analisiak, iritziak, gogoetak… jasotzen ditu.

Zenbat lagunek osatzen dute taldea?
Dozena bat lagun egongo gara tarte horri begira, eta egun guztian ari diren informatiboetakoen lan asko ere iristen zaigu… Hori dena erredakzioan, baina alde teknikoan beste hiru pentsona ari dira. Lantaldeaz gain, oso inportanteak dira kanpotik jasotzen ditugun ekarpenak, analisiaren tarterako adibidez. Solaskideen, zutabegileen eta bestelako kolaboratzaileen partetik jasotzen dugunak saioa aberatsagoa egiten du.

Hori guztia antolatzea lana da, ezta?
Bai, azkenean pertsona asko antolatu behar dira, eduki asko dira, saiatu behar zara bakoitzari dagokion denbora ematen… Badauka bere lana, bai!

Ordutegia berezia izango duzue.
Ni 05:00etan hasten naiz lanean eta 03:45 aldera jaikitzen naiz. Azken urtean ere ordutegi berarekin nebilen, beraz, ez dut aldatu. Ume txiki baten aita naiz, eta kontziliatzea ez da erraza, baina ordutegi horrekin, eguerditik salto handirik gabe etxean egoten naiz, eta arratsaldeak, nahiz eta erabat aktualitatetik eta lanetik deskonektatzea ez dudan lortzen,  etxekoentzako dira.

Aurretik eskarmentua ere bazenuen Faktoriaren gidaritzan.
Aurreko kurtsoan Maite Artola falta izan denetan nik hartu dut gidaritza.

Hiru aste badaramatzazu. Zer moduz?
Ondo. Neurria hartzen ari gara, saioaren egituran eta parte batzuetan aldaketa batzuk egin ditugu, eta hori egonkortzeko behar den tartean gaude. Lantaldea oso ona daukagu, oso  inplikatuta dago, eta denok gaude saio txukun bat egiteko bokazio horrekin. Lan asko da, baina ondo gabiltza. Ikasturte hasiera berezia izan dugu, klaseen hasiera eta  koronabirusa, gobernuaren osaketa… Halabeharrez segituan hartu behar izan dugu neurria. Puntu askotan egotea tokatu da.

«Politika eta nazioarteko informazioa gustatzen zaizkit, baita errealitate sozial diferenteen inguruan hitz egitea ere»
«Segura Irratia oso kuttuna da niretzat,  eskola ikaragarri bat izan zen. Bost bat urte egin nituen bertan»

Ikasturte hasiera markatu duten gai batzuk aipatu dituzu, baina zeri begira jarri behar dugu datozen asteetan?
Argi dago koronabirusak baldintzatuko duela ikasturtea, hasiera baldintzatu duen bezala. Horrek alor ezberdinak jotzen ditu, osasunarena eta hezkuntzarena adibidez. Baina alor ekonomikoan ere eragiten du , baita alor sozialean ere. Hori, zalantzarik gabe, gaietako bat da, baina paraleloan beste gai dexente daude. Aurtengo udazkenean Brexita izango dugu, guri asko eragiten diguna, Estatu Batuetako hauteskundeak ere bai, eta horrek uste duguna baino gehiago baldintzatzen du gure martxa. Horretaz aparte, koronabirusa tratatzeak beste osasun arazo batzuk tapatuta edo bigarren mailan utzi dituen bezala, beste gai asko edo beste errealitate asko ere ez dira gelditu, eta gure erronka da errealitate horiek ere ekartzea gure antenara.

Elkarrizketak, solasaldiak… Zertan egoten zara erosoen?
Elkarriztetatua zer esana daukana bada, komunikatzaile ona bada, ondo erantzuten duena, eta gainera zer galdetu dagoenean, hau da, intereseko elkarrizketatu bat denean… ni hor oso eroso sentitzen naiz, badakidalako zer den jakin beharra daukadana eta esaten duen horrek ematen didalako oinarria hurrengo galdera egiteko,edo zerbaitetan insistitu beharra badago insistitzeko. Azkenean, zer kontatua daukanarekin formatua ez da hainbeste axola duena, baizik eta zer eta nola kontatzen duen. Zer kontatu dagoenean formatua ez da hain inportantea.

Eta gaien aldetik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Politika gustatzen zait, nazioarteko informazioa ere bai, eta errealitate sozial diferenteen inguruan hitz egitea ere bai. Nik uste dut gauza gehienetarako daukadala kuriositatea.

Gertaera handien berri eman duzu zure ibilbidean. Zein duzu gogoratzeko?
Estatu Batuetan Katrina hurakanaren ondorengoa oso momentu seinalatua  izan zen, oso egoera muturrekoa zelako. Bertan egon nintzen, ETBrekin, 15 urte igaro dira. Afrikan eman nituen hilabeteak ere bai, han oso errealitate desberdinak bizitzea tokatu zitzaidalako. 2011n sei hilabete egin nituen Afrikako hainbat herrialdetan, freelance bezala.

Irratiaz gain, beste lanbide bat ere jorratu duzu.
Bai, irakasle izan nintzen pare bat urtez Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitateak eskainitako Ikus-entzunezko Komunikazio graduan, irratigintzako klaseak ematen. Lanbidea gertutik ezagutzen zuen bat nahi zuten.

Ikasle haietako baten bat baduzu inguruan orain?
Ane Irazabal, esate baterako, nire ikaslea izan zen, eta bai, bakarren bat gehiago badago irratian. Poztekoa da.

Zuk non ikasi zenuen irratigintza?
Egin irratian hasi nintzen praktikak egiten, eta gero Segura Irratian urte dexente egin nituen, bost bat. Hiru bat urte asteburuetan egon nintzen, eta gero telebistan nenbilela ere jarraitzen nuen astearteetan programa bat egiten.

Nolako oroitzapenak dituzu Segura Irratiko garaietaz?
Segura Irratia oso kuttuna da niretzat,  eskola ikaragarri bat izan zen. Lehenengo momentuan ateak zabaldu zizkidaten eta aukera eman zidaten lanean aritzeko eta formatu diferenteak probatzeko, askatasun handia eman zidaten. Mikrofono aurrean eta teknika aldean horrelako leku batean denetik egin behar duzunez, asko ikasten duzu. Entzuleekin ere harreman handia izan nuen, oso gertukoa eta oso aberasgarria. Irratiko jendearekin lotura mantendu dut eta inguru horretara gerturatzen naizen bakoitzean 89.2 jartzen dut. Gainera, asko poztu naiz arnas berri bat eman diotelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>