Etorkizunerantz migratzeaz

Patxi-ZubizarretaPatxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea

Bada monarka izeneko tximeleta mota bat, garaitsu honetan migrazio miresgarri bati ekiten diona. Milaka, milioika aleko sail handietan, bidaia Kanadako lur gero eta hotzagoetan hasi, eta Mexiko epel, Mexiko beroan amaituko dute. Eta miresgarria da hain izaki delikatua, jostorratz baten antzeko gorputz ñimiño beltzarekin, hegal hauskor laranjekin, zeruan kementsu hegan ikustea.

Alabaina, kasik miresgarriagoa da Superior lakuan gertatzen zaiena. Zeren, ur azalaren gainetik hego aldera zuzen segitu beharrean, halako batean, urtero toki berean, monarkek mendebaldera jotzen baitute, bihurgune bat egiten baitute bat ere eragozpenik ez dagoen lautadan. Geologoek deskubritu berri dute, noizbait,  toki horrexetan mendi bat egon zela, kontinenteko handienetakoa; eta antzina glaziar bat ere egon zela kokapen zehatz horretan, biak ala biak ere enbarazu eta oztopo monarkentzat. Entomologoek ondorioztatu dute litekeena dela monarkek oraindik ere memorian gordetzea toki horren arriskua: horra bihurgunea hortxe egitearen arrazoia, kokapen horrexetan sigi-saga egitea, gero berriro ere hego aldera zuzen segitzeko, zuzen aurrera, desbideratu gabe.

Iruditzen zait, ordea, orainak itsutzen gaituela pertsonak, gain-informazioak itotzen gaituen neurri berean, eta itsumustuka goazela aurrera, zabar eta zakar. Pandemiak hilabeteetan bahitu gaitu, paralizatuak gauzka oraindik eta argi dago hala izango gaituela aurrerantzean ere. Baina zalantza dut gizateriaren bidaian gauza izango ote garen bihurguneei antzemateko, begien bistako auzi handiak ikusteko: giza migrazio lazgarriak, klima arazo hotzikaragarriak, sistema ekonomikoaren amildegiak, pertsonen arteko harremanak…

Bada efimera izeneko intsektu mota bat, udan beste gertakari miresgarri baten protagonista dena. Baina geure antzera, itxialdian bizpahiru hilabeteetan bere baitara bildua egon beharrean, 364 egunetan larba egoeran zain egoten da Mississippi ibaiaren ingurumarian. Halako egun batez, 24 ordu bakanetan, halako eklosio sinkronizatuan lehertzen da: zientoka, milaka, mila milioika intsektu batera sortu, hazi, hegaldatu, ugaldu, eta hil egiten dira, guztiak egun berean, guztiak 24 orduko epean. Doppler radarrak efimeren leherketa hori jasotzean, lore itxurako argazki miresgarria sortzen du, margolan bat kasik.

Eta niri galdera sortzen zait, gizakiok zenbat egun, zenbat hilabete, zenbat denbora beharko ote dugun zentratzeko eta zentzatzeko: geure senari erreparatzeko, geure barne gps-a aurkitzeko, gure jatorria oroitzeko, gure benetako izaeraz jabetzeko, monarka eta efimeren poesiarekin etorkizunerantz migratu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>