naturan ikasten

lazkao-ikastolaMari Karmen Izagirre • Lazkao

Gaur egun bizi dugun ez ohiko egoera honetan,  aire libreko eskolen garrantziaren gaia bolo-bolo dabil. Baina naturan eta naturak emandakoarekin ikastea ez da gaurko kontua. 1963an hasita, Lazkaoko haur askok horrela ikasi zituzten matematikak eta beste hainbeste gai.

Gaur egungo gizartea ez dago  Lazkaon lehenengo ikastola sortzeko urratsak ematen hasi ziren garaiarekin  alderatzerik (1963. urtea), ez horixe. Eta zer esanik ez, ez dago alderatzerik, garai hartan euskarazko hezkuntzaren hastapenetan geneuzkan materiala eta baliabideak, gaur egunean erabiltzen direnekin. Hala ere, azken egunetan, haurrak aire librean egotearen garrantziaz asko hitz egiten ari da, eskolak aire librera ateratzeaz alegia. Horretan, behintzat, 1963 urte inguru haietan, esperientzia aberatsa izan genuela esan dezaket, bai irakasleok bai ikasleok, natura eta naturak emandakoa ikasgai eta ikasmaterial egokia baitzen ikas prozesurako.

Egunero ez, baina astean pare bat aldiz joaten ginen Lazkaomendira, Olaberrira, Ataun aldera edo Gaztainaundira. Batzuetan lokaztuta edo bustita itzultzen ginen, baina orduan gurasoek dena onartzen zuten. Ikasteko material ederra ematen ziguten irteerek: baserri izenak, bidean ikusten ziren mendien eta erreken izenak, baserritarrek zein lan egiten zuten…  Egia da, haur saila mugitzeko errazagoa zela, ez baitzegoen hainbeste autorik.

Gaztainaundiko irteerak ere bereziak izaten ziren. Gaztainak eta ezkurrak bildu, hostoak bildu eta gelara eramaten genituen. Joko handia ematen zuten matematikak eta beste hainbat lantzeko: hosto desberdinak sailkatu eta desberdintasunak ikusi, ezkurrak ilaran jarri, kontatu, hari bi eman, besteari bost, bikotan jarri eta zenbat biko egiten genituen kontatu, lagunen artean banatu… Alegia, batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak ikasteko material onak ziren ezkurrak. Jolasean, konturatu gabe ikasten zuten haurrek.

Txotx zapalak ere oso erabilgarriak genituen gelan egoten ginenean. Marrazkiak eta hizkiak egiten genituen. Ikusi egin behar zen nolako marrazkiak egiten zituzten! Idazten ikasteko blok handia, arkatz gorri-urdina…  Irakurtzeko Martin Txilibitu liburuxka genuen txikienentzat eta handixegoentzat, inprentako letrekin, Xabiertxo.  Gure entziklopedia zen Xabiertxo.

Egoera zailetan elkarrekin aurrera egin genuen ilusioz, eta ikastolen proiektu sendoa osatu genuen. Koronabirusak eragindako garai berri eta ez ohiko honi ere, elkarrekin aurre egingo diogu, bakoitzak beretik emanez eta jarriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>