«Soldatak hobetzea izan behar da hurrengo pausoa»

Gurutze-Fernandez-1

Gurutze Fernandez (Urretxu, 1979) futbolariak Seirak, Eibartarrak, Oiartzun, Athletic eta Levante taldeetan jokatu zuen. Hiru liga irabazi zituen Athleticekin eta beste bat Levanterekin. Bera izan zen Goierriko lehen futbolari mediatikoa. Emakumezkoen futbolaren iraultzan bere aletxoa jarri zuen.

Ze taldetan eman zenituen lehen pausoak?
Areto futbolean hasi nintzen, Goierri taldean. Garai hartan beste askorekin egiten zen bezala, nire jaiotze data faltsutu zuten jokatzeko aukera izan nezan. Institutura joan nintzenean zelai handira pasa nintzen, Seirak taldearekin. Denboraldi bat eman nuen bigarren taldean eta ondoren lehen taldera salto egin nuen. Garai hartan hasi nintzen Euskadiko eta Espainiako selekzioekin jokatzen.

Ondoren Eibartarrak taldean jokatu zenuen.
Unibertsitatean hasi nintzen urtean joan nintzen Eibarrera. Taldeko batzuk areto futbolean jokatzen nuen garaitik ezagutzen nituen eta beraiekin jokatzea eskaini zidaten. Ikasketak Gasteizen egin nituen eta astean zehar bertan entrenatzen nuen, Maider Castillorekin. Ostiraletan Eibarren entrenatzen nuen. Gogor samarra zen.

Lehen titulua Eibartarrak taldearekin lortu zenuen.
Gure taldeko txapeldunak izan ginenez, Kopako finalera sailkatu ginen. Madrilgo Oroquietaren aurka jokatu genuen eta galdu egin genuen. Oroquietak oso talde ona zuen eta jipoia eman ziguten. Liga ere beraiek irabazi zutenez, Superkopa jokatu genuen. Ordurako Oroquietako jokalari batzuk taldea utzi zuten eta irabazi egin genien. Udan garaipen haren 20. urteurrena izan zen eta Ipuruan harrera egin ziguten.

Eibartik Oiartzunera joan zinen.
Beraiekin jokatzea eskaini zidaten eta taldez aldatzea erabaki nuen. Eibarren oso gustura nengoen, baina erronka berri bat nahi nuen. Gurasoen etxean bizi nintzen, Donostian modulu bat ikasten ari nintzen, Zumarragako Alaska tabernan lan egiten nuen, astean hiru aldiz Oiartzunera joaten nintzen entrenatzera… Gaztea nintzen eta futbolean jokatzeko gogo handia nuen. Hiru urte eman nituen Oiartzunen.

Athletic sortu eta gutxira, Bilboko taldearekin fitxatu zenuen.
Athleticen bigarren urtean joan nintzen Bilbora. Iruñeko Lagunak taldekoek eta Athleticekoek deitu zidaten. Bilbon ezagun gehiago nituenez eta Athletic liga irabazi berria zenez, Bilbora joatea erabaki nuen. Hala, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan nuen.

Gurutze-Fernandez-3Zer aurkitu zenuen Bilbon?
Orduan jakin nuen futbolari profesionala izatea zer den. Ez genuen soldatarik kobratzen, denok ikasleak edo langileak ginen, baina profesionalek bezala entrenatzen genuen. Lezaman Athleticen gizonezkoen lehen taldeak zuen lehentasuna, baina bigarren mailan gizonezkoen bigarren taldea eta gu geunden. Entrenamenduak ez ziren eguneko azken orduan, medikuak eta fisioterapeutak gure zerbitzura zeuden, partidetara hegazkinean joaten ginen… Hasi ginenean halakorik ezagutu ez genuenez, balio handia ematen genion.

Non bizi zinen eta non lan egiten zenuen?
Lehen hiru urteak Derioko erresidentzian eman nituen eta laugarrenean Deustuko pisu batera joan nintzen, Marta eta Erikarekin. Hasieran Kafe Antzokian lan egin nuen. Azken denboraldian, berriz, Athleticen museoan.

Athleticekin hiru liga irabazi zenituen lau denboralditan. Zer sentitu zenuen San Mamesen jokatzeko aukera eduki zenuenean?
Oso sentsazio arraroa zen. Partida hasten zenean ahaztu egiten zinen, baina ez genuen elkar entzuten eta orduan konturatzen ginen 30.000 pertsonen aurrean jokatzen ari ginela. Esperientzia ahaztezina da. Zortzi edo bederatzi aldiz jokatu dut San Mamesen.

Athleticen babesak bultzada handia eman zion nesken futbolari. Bat-batean ospetsu bihurtu zinen.
Athletic Bizkaian erlijio baten modukoa da. Beste taldekide batzuekin ateratzen banintzen, berehala ezagutu egiten gintuzten. Pozgarria zen, jendeak nesken futbola jarraitzen zuela esan nahi zuelako. Baina hori Athleticen bakarrik gertatzen zen. Zorionez Donostian ere gertatu da, Realeko neskek Kopa irabazi ondoren. Athleticekin Realaren aurka Anoetan jokatu ez izanak pena ematen dit. Anoetan Euskadiko selekzioarekin bakarrik jokatu nuen. Derbietara ikusle bezala joan naiz. Guztietara joan naiz.

Zeintzuk gerturatzen zitzaizkizun sinadura edo argazki eske?
Haurrak, batez ere. Gure zalegoa familiek osatzen zuten, batik bat. Gainera, ikastetxeetara joaten ginen haurrekin egotera. Haurren babesa eskertzeko eta nesken futbola bultzatzeko modu bat zen. Oso gustura joaten nintzen eskoletara. Telebistan ere askotan ateratzen ginen. Urte gutxi batzuk lehenago nesken futbolak ez zuen ia tokirik telebistan.

Zuek izan zineten lehen jokalari mediatikoak. Nesken futbolari ematen ari zineten bultzadaren jakitun al zineten?
Athleticek eta Realak nesken taldeak sortzearekin bat, neska txikiei erreferente femeninoak eskaini zitzaizkien. Bizkaiko neska txikiek Erika edo Itziar Gurrutxaga bezalakoak izan nahi zuten, ez bakarrik Julen Guerrero bezalakoak. Hori denontzat izan zen ona: beraientzat eta guretzat. Nire belaunaldikook hartxintxarrezko zelaietan hasi ginen eta San Mamesen bukatu genuen. Lortutakoa baloratzen genuen eta jendeak mutilek bezainbeste kobratu behar genuela esaten zuenean, pauso txikiak eta sendoak eman behar zirela esaten genuen. Garrantzitsuena egonkortasuna lortzea zen.

Athleticetik Levantera joan zinen. Zergatik?
Euskal Herritik kanpo jokatu nahi nuen, beste esperientzia bat bizi. Oso gustura egon nintzen. Lehenbizikoz soldata izan nuen, nahiz eta ez zidaten Gizarte Segurantzan alta eman. Athleticen pizgarriak bakarrik genituen. Nire belaunaldikook sekula ez dugu kotizatu futbolean jokatzeagatik. Nik 33 urterekin utzi nuen, baina beste batzuk 27-28 urterekin utzi zuten aipatutako arrazoiagatik.

Alde handia al zegoen Athleticen eta Levanteren artean?
Funtzionamendua antzekoa zen, baina Athleticen baliabide gehiago genituen gure eskura. Esan bezala, medikuak eta fisioterapeutak une oro gure zerbitzura genituen. Gainera, hegazkinean bidaiatzen genuen. Levanten autobusean joaten ginen.

Levanten bi denboraldi eman zenituen eta liga bat irabazi zenuen. Ondoren, Athleticera itzuli zinen.
Bigarren denboraldian Levante hartzekodunen konkurtsoan sartu zen eta bertakoekin bakarrik jarraitzea erabaki zuten. Urte gogorra izan zen eta futbola uztea erabaki nuen, baina Athleticen deia jaso nuen eta itzuli egin nintzen. Beste lau denboraldi eman nituen Athleticen. Ilusioa berreskuratu nuen eta urte onenak izan ziren.

Gurutze-Fernandez-4Kapitaina izatera heldu zinen.
Nire ibilbidearen amaieran izan zen. Lehen bi kapitainak beteranoenak ziren eta beste biak taldekideek bozkatutakoak.

2013an utzi zenuen futbola. Zergatik?
Entrenamendu batean nengoen eta nahikoa zela pentsatu nuen. Dagoeneko ez nituen garai bateko sentipenak eta gauza berriak probatu nahi nituen.

Arantzaren bat ba al duzu?
Kopa. Nesken Athleticek ez du Koparik irabazi oraindik. Nik bi final galdu nituen, bata Athleticekin eta bestea Levanterekin, baina mingarriena Athleticekin galdu nuena izan zen. Izan ere, luzapenean sartu ziguten gola. Ordurako, penalti jaurtiketetan pentsatzen ari ginen eta atezaina aldatu genuen. San Mamesen Bartzelonaren aurka galdutako partida ere oso gogorra izan zen. Berdinketarekin nahikoa genuen liga irabazteko eta minutu gutxiren faltan Bartzelonak gola sartu zigun. Egia esan, San Mamesen partida gutxi irabazi nituen. Bertan jokatzea berezia zen, baina zaila egiten zitzaigun. Izan ere, Lezaman jokatzera ohituta geunden eta San Mamesen jokatzeak erosotasun gunetik ateratzea suposatzen zuen. San Mamesen gutxitan irabazteak ere eragina zuen. Bestalde, babesa handiagoa zen, baina erantzukizuna ere bai. Bartzelonaren aurkako partida hura Lezaman jokatu izan bagenu, ez genukeeen galduko. Talde hartako guztiok iritzi berekoak gara.

Athleticekin harremana al duzu oraindik?
Bai. Ikuskatzaile lanak egiten ditut Gipuzkoan, urteurrenak ospatzeko deitu izan didate, beteranoen taldeko kidea naiz… Denboraldi amaieran Gorbeara joateko ohitura genuen eta uda honetan bertan egon gara.

Nola ikusten duzu nesken futbola?
Gizarte Segurantzan alta ematea eta kotizatzea gauza handia da. Hitzarmen horrek egonkortasuna emango dio nesken futbolari. Sekula kotizatu ez genuenok balio handia ematen diogu horri. Hurrengo pausoa soldata hobeak lortzea izan behar da. Horretarako, nesken futbolak jarraitzaile gehiago eta enpresa gehiagoren babesa izatea behar dugu. Bestalde, nesken futbolean ematen ari den aldaketak bere alde txarrak ere baditu. Mutilen futbolaren bizioak hartzen ari da. Atletico de Madril taldeko Virginia Torrecillak, adibidez, arazoak izan ditu Instagramen idatzi zuen huskeria bategatik. Hori kudeatzen jakin behar dugu. Klubetan aholkulariak jarri dizkiete.

Kirol maila ere asko aldatu al da?
Bai. Lehen hegalekoak azkarrak ziren, zentralak altuak eta sendoak…. Orain jokalari guztiak antzekoak dira: oso meheak. Irene [Paredes] zentrala da, baina argala da. Beharbada gu 18-19 urterekin egiten hasi ginena beraiek 9-10 urterekin hasi dutelako izango da. Orain nesken futbola ikusteko erakargarriagoa da. Guk baino azkarrago jokatzen dute. Azken urteetan beheko mailetan egin den lanak fruituak eman ditu.

Zelai gorritik San Mamesera

gurutzeGurutze Fernandezi oso umetatik gustatzen zaio futbola. Toki guztietara baloiarekin joaten zen. «Eskolara, Gainzuri ikastetxera, beti baloiarekin joaten nintzen. Baloia sarean edo poltsa batean sartuta eta baloiari ostikoak ematen».

Lehen ostikoak Gainzuri ikastetxeko zelai gorrian eman zituen. Nork esango zion orduan egun batean San Mamesen jokatuko zuenik… 2003ko abuztuaren 21ean egin zuen debuta Athleticekin. Zortzi denboraldi jokatu zituen lehoiekin: 2003tik 2007ra eta 2009tik 2013ra. 240 partida jokatu zituen eta 89 gol sartu. Zaleen kuttunetako bat zen, bere kasta eta bizitasunagatik.

San Mameseko zaleek bera maite zuten eta berak San Mames maite zuen. «San Mames zaharra sekulakoa zen. Berria ikusgarria da, baina oraindik ez du zaharraren xarma. Zelai hartan nortzuk jokatu zuten pentsatze hutsa…».

Berak Irene Paredes legazpiarrarekin jokatu zuen, besteak beste, San Mamesen. «Bi denboraldi jokatu genituen elkarrekin. Barakaldon bizi ginen, pisu berean. Athleticera heldu zenean suediarra deitzen genion, oso ilehoria baitzen. Ordurako oso ona zen eta argi zegoen urrutira helduko zela. Dohainak zituen, ikasteko gogoa zuen eta irakasle onak izan zituen. Espainiako selekzioko eta Paris Saint Germain taldeko kapitaina da. Horrekin dena esanda dago. Athleticek irabazi zuen azken ligan funtsezko jokalaria izan zen. Oso jatorra da eta oso harreman ona dugu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>