Ugatza, lurraldea berreskuratzen

Ugatza-3

 

Ugatzari buruzko hitzaldia eskainiko du gaur Ataunen Ugatzaren Kontserbaziorako Fundazioak: Ugatza, Aralarko altxor ezezaguna. Aralarren eta ugatzaren arteko historia luzea da. Aspalditik egon dira mendizerran, baina azken urteotan hirukote bat bertan ezarri da ugaltzaile gisa. Hau da, habia egin dute Aralarren bertan. Bi ar eta eme bat dira, baina oraindik ez dute arrakastarik izan ugalketan. 1990. urtean hasi zen Gipuzkoako Aldundia ugatzaren inguruan jarraipen zehatzagoa egiten, ugatzak lurraldea kontsolidatzen hasi zirela ohartuta. 2011n lehenengo ale egonkorra atzeman zuten, eta 2017 eta 2018 bitartean beste bi ugatzak agertu, hirukotea osatu eta habia egin zuten.

Aldundiko basozain Mikel Olanok azaldutakoaren arabera, mendiari lotutako animalia da ugatza, eta hortaz, duela mende asko arrunta izango zen Aralar inguruan: «XIX. mendean, halere, egurra eman zitzaien sarraskijaleei». Izan ere, penintsula osoko mendietan kaltegarri gisa katalogatu zituzten, eta ugatzek alde egin zuten haien ohiko eremuetatik: «Toki zailenetan babestu ziren orduan, gizakia iristeko zaila zen tokietan, Pirinioetan hain zuzen ere; mendiko animalia da, baina hainbeste egurra emanda Pirinioetan errefuxiatu da». Orain, ordea, desagertzeko arriskuan dago ugatza, eta politikak espeziea berreskuratzekoak dira: «Presio hori jaitsi da eta lehengo lekuetara bueltatzen laguntzen ari zaie», nabarmendu du. Faunarekin egiten du lan basozainak, tartean, desagertzeko arriskuan dauden hainbat espezierekin.

Ugatza-2

Hirukote ugaltzailea dago Aralarren. Bi ar eta eme bat dira, eta habia egin duten arren, ez dute arrakastaz ugaltzerik lortu.

Europan, Espainian zein Autonomia Elkartean, hiruretan, ugatza maila gorenean babestuta dago: Galtzeko arriskuan. Lurraldean kontsolidatzeko prozesua oso motela da. 2011. urtean konturatu ziren basozainak markatutako ugatz bat Aralarko janleku jakin batera joaten zela jaki bila: «Nafarroan jaiotako kumea zen, bost urte inguru zituena, eta geroztik hor geratu zen». Kiriku izena du eta hirukotea osatzen duten ugatzetako bat da. Horrela, 2015an Kiriku harrapatu eta GPS antzerako bat jarri zioten: «Interesgarria da zer bizimodu egiten duten jakiteko». Zortzi hilabete iraun zion aparailuak, baina informazio baliotsua lortu zuten: «Informazio nagusia zen Aralartik kanpo oso gutxi mugitzen zela».

Bi urteren ostean, 2017an, Kirikuri beste bi ugatz heldu gerturatzen zitzaizkiola ohartu ziren: markatutako eme bat, Muel izenekoa, eta markatu gabeko beste ar bat. Hirukoteak ohikoak dira ugatzetan, eta eme batek eta bi arrek osatzen dute beti. Berehala hasi ziren habia egiten: «Azken bi urteotan etzan dira eta hirukote ugaltzailea daukagu Aralarren». Oraingoz ugalketa prozesuak ez du arrakastarik izan, hori ere prozesu motela baita: «Ez da txitarik atera, ez dute arrakastarik izan».

Bi arrautza jartzen dituzte ugatzek, eta txita bakarra ateratzen dute aurrera. Ateratzen badute. Arrautza jartzen dutenetik 54 egun inguru igarotzen dira txita jaio arte, eta beste bi hilabete inguru hegan egiten duten arte: «Oso ohikoa da jaio eta hamabost egunera-edo hiltzea; ikaragarri kostatzen zaie lurraldea berriro kolonizatzea eta aurreneko txita izateko urteak behar dituzte», eman du aditzera basozainak.

Prozesu naturala Aralarren

Aralarkoa lurraldea kontsolidatzeko prozesu naturala dela azaldu du basozainak. Alpeetan edo Andaluziako Kazorla inguruan, adibidez, birsartzeak egin dituzte. Kumeak direnean habi modukoak jartzen dituzte jana emateko; labur esanda, ugatz heldu baten figura duen eskularru baten bitartez ematen zaie jana habi horietan artifizialki finkatzeko. Halakorik ez dute egin Aralarren. Haien eremu naturala berreskuratzen ari baitira ugatzak: «Jende askok, eta baita nik ere, Pirinioen estribazio bat kontsideratzen ditugu Euskal Herriko mendiak, eta lehengo eremu horiek kolonizatzen ari dira berriz ere». Prozesu naturala den arren, administrazioak eta hainbat elkartek desagertzeko arriskuari erantzuna emateko programak jarri dituzte abian azken urteotan. Ugatzaren kontserbaziorako fundazioak, adibidez, markatzeak egiten ditu ugatzen garapena aztertzeko: «Ezkerraldean kolore bat eta eskuinaldean beste bat jartzen zaie eta horrela badakigu zein diren eta zer egiten duten». Olanoren esanetan, bi markatze mota daude: kumea denean habian markatzea, edo sarraski jana prestatu, bertan harrapatu eta markatzea. Behin harrapatzen dituztenean sexua bereizten dute; hau da, odola atera eta arra edo emea diren zehazten dute.

«Toki zailenetan babestu zen ugatza XIX. mendean, gizakia iristeko zaila zen tokietan, Pirinioetan hain zuzen ere»
«Oso ohikoa da txitak jaio eta hamabost egunera-edo hiltzea; ikaragarri kostatzen zaie lurraldea  berriro kolonizatzea»
Mikel Olano, Aldundiko basozaina

Negua irauteko jana

Sarraskijalea da ugatza. Saiek dena jaten dute abereak hiltzen direnean eta hezurrak uzten dituzte. Ugatzek, berriz, hezurrak jaten dituzte. Udan abereak Aralarko larreetan ibiltzen dira, baina neguan jaso egiten dituzte abeltzainek eta jakirik gabe geratzen dira ugatzak. Aldundiko basozainek, neguan ere jatekorik izan dezaten, janlekuak prestatzen dituzte. Arkume eta ardi hankak ematen dizkiete: «Garairik sentikorrena da haientzat, alde batetik jakirik ez dutelako, eta bestetik ugaltzen hasi behar diren garaia delako».

Laguntza horren bidez negua irauten dute ugatzek. Gizakia izan da ugatzaren etsai nagusia azken urteotan, eta desagertzeko edo galtzeko arriskuan dagoen honetan, gizakia izango da egoerari erantzuna ematen saiatuko dena. Pirinioetara alde egin zuten bezala, bertatik Aralarrera mugitu dira oraingoan, behin galdutako lurraldea berriro kolonizatzeko asmoz. Prozesu motela da eta urteak beharko dituzte lurraldean osotasunean finkatzezko, baina lortu dute jada habia jarri eta ugaltzea. Ugalketa arrakastatsua izatea eta txitak jaio eta irautea izango da hurrena.

30 urtetako garapena

Ugatzak Aralarren izan duen garapenaren jarraipena egin dute Nafarroako eta Gipuzkoako basozainek azken urteotan. Lurraldea kontsolidatzeko prozesua motela da, baina dagoeneko hirukote ugaltzailea dago Aralarren.

  • Ugatza-51990.1990eko hamarkadan ugatzen jarraipen zehatza egiteari ekin zion Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralarko lurraldean kontsolidatzen ari zirelako.
  • 2011. Inguruan denbora luzez zebilen ugatz bat atzeman zuten: ‘Kiriku’, bost urteko ugatz arra, Nafarroan jaioa.
  • 2015. ‘Kiriku’ harrapatu eta GPS bat jarri zioten. Horren bidez jakin zuten denbora gehien Aralarren ematen zuela.
  • 2018. 2017 eta 2018 urteetan beste bi ugatz inguratu ziren Aralarrera: ‘Muel’ izeneko emea eta markatu gabeko beste ar bat. habia osatu zuten laster eta lehenengo ugalketa 2019an izan zen. Txitarik ez dute izan oraingoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>