Zinema zaleen topagunea

goieniz

1995eko otsaileko argazkia: Ainhoa Alfageme, Julen Arina, Pepe Erauskin, Mikel Lasa eta Xabier Carnicer. Argazkian falta direnak, Ramon Lizarraga, Josetxo Sastre, Ainhoa Cabeza eta Antton Iturbe.

Mikel Lasa • Beasain

Goieniz zine klubak 1995eko martxoaren 2an eskaini zuen lehenengo filma. Talde lanaren emaitza izan da beti Goieniz.

Goierriko zine klubak (Ordizian egiten zituen emanaldiak) 1989an bere jarduna eten ondoren eta Beasainen Usurbe Antzoki berria genuela aprobetxatuz, Goieniz zine kluba sortzea erabaki genuen. 1995eko martxoaren 2an izan zen lehenengo emanaldia. Goierriko zinema zaleei zinema alternatiboa eskualdean bertan eskaintzea zen helburua. Arrakastaz hasi zuen Goienizek bidea, eta bigarren urtean, 250 abonatu izatea lortu genuen. Behin baino gehiagotan antzokia Goierri osoko zinema zaleez bete genuen, Tesis filmarekin adibidez. Zikloen hasieran, abonuak erosteko, ilara luzeak sortzen ziren. Udaberriko eta udazkeneko ostegunetako gauak bereziak izaten ziren: 21:00etan Usurbe Antzokian elkartu eta saioa bukatu ondorenean, inguruko tabernetan jarraitzen genuen solasaldiekin.

Urtean seina filmeko bi ziklo antolatzen genituen. Gogoan dut zein izan zen aukeratutako lehen filma:  Sergio Cabreraren La estrategia del caracol. Ilusio handiz prestatzen genituen zikloak. Bilera garrantzitsuenak pelikula aukeraketarenak izaten ziren. Garai hartan Internet nahikoa mugatua zen eta film aldizkariak ziren gure erreferentziak. Ezagunena Dirigido por aldizkaria zen eta bertatik jasotzen genuen filmeei buruzko informazioa. Zikloa prestatzeko bilerara taldekide bakoitzak bere film proposamena aurkezten zuen, eta baita gogor defendatu ere, ziklorako aukeratua izan zedin. Eztabaida handiak izaten genituen eta bilera luzeak egin behar izaten genituen zikloak ixteko. Behin filmak aukeratutakoan, taldekideen artean banatzen zen banatzaileekin negoziatzea eta kontratatzea.

Klasikoak eta film laburrak

Mimo handiarekin prestatzen ziren zikloak, eta ziklo bakoitzean, Ahaztezinak izeneko sailean, klasikoak eskaintzen genituen. Bestalde, taldekide genuen Josetxo Sastre diseinatzailearen lan finari esker, ziklo bakoitzeko buletin txukun bat argitaratzen eta banatzen genuen. Baina beste berezitasun bat ere bazuen Goienizek: hasieratik film laburrei garrantzi handia eman genien. Aurreneko urteetan filmen aurretik film laburrak jartzen genituen, aldiko bat. Handik urte batzuetara hasi ginen Gabonak aldean, denak bildu eta lehiaketa moduko batean, Gau Laburra antolatzen, Kimuak ekimenaren aukera aprobetxatuz. Urtero egiten da oraindik ere. Era horretan, euskal zinemagile gazteek plaza izan dute Beasainen, eta gaur egun oso ezagunak diren zinema zuzendariak ezagutzeko aukera izan dugu: Telmo Esnal, Asier Altuna, Kepa Sojo, Nacho Vigalondo, Ane Muñoz, Koldo Almandoz, eta Joxe Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi. Garañok bere ibilbideko lehen saria Beasainen lortu omen zuen, Tercero B filmarekin.

Filmen aurkezpenei ere garrantzi handia eman diegu eta hainbat zinema kritikari ezagun ekarri genituen hasierako urteetan: Begoña del Teso, Mikel Insausti, Koldo Landaluze, Andres Gostin, Ane Muñoz eta Rikardo Aldanondo, besteak beste.

Talde lanaren emaitza

Azken batean, Goienizen betiko ezaugarria izan da talde lana. Horixe izan da 25 urteko biziraupenerako gako nagusia. Urtez urte, erreleboz errelebo, Goierriko zinema zaleei zinema alternatiboaren plaza eskaintzearen helburua ondo baino hobeto bete du Goienizek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>