Arduraz…

Igor-SusaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Igual irudituko zaizue exajeratzen ari naizela, baina txorien kantuak eta haizeak hostoak astintzen dituenean egiten duen zarata besterik ez dut entzun azkeneko sei egunetan. Bai, Landetako (Frantzia) herri nimiño, aspergarri, are aztoragarri batetik kilometro batera dagoen Airial –googleatu, arren, zehazki zer den jakin nahi baldin baduzu– bateko etxetxo batean egotearen gauzak. Handik ari naiz lerrook idazten, larunbat bazkalondo batean. Ez erratu, ez pentsa hona etorri naizenik aisialdian idazten ari nintzen saiakera periodistikoari errematea ematera edo, bestela, nik zer dakit, ene frantses herdoildua hobetzera. Ez: letren zaratatik ihes etorri ginen.

COVID-19aren bueltan sortutako kalaka digital etengabeaz ari naiz. Ez dakit kazetari naizen, zalantzak ditut, baina orriak betetzen lan egiten dut hedabide batean. Horrek behartzen nau, modu batean edo bestean, sare sozialak kontsultatzera, eta benetan diotsuet Twitterren sentitu ohi ditudan negargurea eta auzo-lotsa areagotu egin direla azken asteotan. Giroa hain da arnasezina…

Eta negargurea, hain zuzen, diskurtso alternatibo, iraultzaile bat haizatzea ogibide duten horiek direlako bertsio ofizialarekin lerratuen daudenak; bai, badakizu, usatuaren usatuz edukiz hustu duten arduraz jokatu izeneko mantra hori txio bakoitza bukatzeko idazten dutenak. Aho bete enpaste geratzen ari naiz. Gaizki sentiarazten naute konturatzen naizenean, adibidez, lasaitua hartzen dudala Jaurlaritzaren eguneroko txostenean ikusten dudanean positiboak oso gutxi direla Urretxun eta Zumarragan. Txio bat jartzen duzuen bakoitzean sentituko beharko zenukete ardura, arraioa!

Barkatu… Badakizu, begiak berriro ordenagailuaren aurrean jarri behar izatearen gauzak. Banoa etxetxoaren atarian estalpe moduko bat egiten duen mahatsondoaren azpian esertzera, erleen burrunba entzutera. Ez iezadazu esan sare digitaletan katramilatu gabeko bizitza polita ez denik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>