«Urretxun boleibola galtzea onartezina da»

Anne-ZufiaurGoierri Boleibol taldea denboraldi berria prestatzen ari da. Anne Zufiaur (Zumarraga, 1996) da taldeko kapitaina.

Noiztik zabiltza boleibolean?
Lehen futbolean aritzen nintzen Urolako taldean, kadetetan hasi eta seniorretan bukatu. Donostian Unibertsitatean komunikazio karrera hasi nuen eta hango taldean hasi nintzen boleibolean. Unibertsitatea bukatu nuenean hemen talde bat sortzea bururatu zitzaidan, inguruko herrietan ez zegoelako talderik. Orduan sortu genuen Goierri Boleibol Taldea, lehen momentutik bi ekipo ateraz. Eskertzekoa da jokalari guztiek egin duten ahalegina eta hartu duten konpromisoa. Gainera gehienak zerotik hasi dira kirol honetan. Beraiek gabe hau ez litzateke posible izango.

Noiz hasiko da denboraldi berria?
Orain dela gutxi jakin dugu urriaren 24an hasiko garela. Ez digute entrenamenduen ordutegia eman ligako egutegia jakin arte. COVID-19aren eraginez asko atzeratu da dena, eta horrek ondoeza eragin digu.

Nola eragin dizue pandemiak?
Pentsatzen dut Urretxuko gainerako talde federatuei bezala… Guk 4. eta 5. postuak jokatzeko genituen oraindik, baina txapelketa amaitutzat eman zen. Hainbeste ahalegindu ondoren, triste sentitzen gara, baina garrantzitsuena guztion osasuna da. Konfinamendua amaitu eta segurtasun-neurri guztiak hartu zirenean, aire zabalean entrenatu nahi izan genuen, baina ez zegoen boleibolean aritzeko espazio egokiturik. Etxean egin beharreko zenbait ariketa diseinatu zizkiguten. Baina alderdi teknikoa etxean lantzea ia ezinezkoa da. Pandemiak ere entrenatzaileen ikastaroa egin ezinik utzi gintuen; besteak beste, Jose Luis Molto zen parte hartzekoa (Europako txapelduna, Espainiako selekzioan erreferente eta munduko blokeatzaile onenetako bat).

Parte hartzeko deialdia zabaldu duzue…
Bai, kadeteen taldea osatzeko deialdia egin da.  Duela urte asko gertatu zen bezala, Urretxun boleibola galtzea onartezina da. Eskola-kirolera sartzea ere gustatuko litzaiguke. Hori dela eta, ikastetxeetatik etortzeko eta elkar ezagutzeko gonbita egiten diegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>