Iparragirre, XIX. mendea zukutu zuen urretxuarra

Iparragirre(2)Joxe Mari Iparragirre Balerdik pelikula bat egiteko moduko bizitza izan zuen. XIX. mendeko gertaera garrantzitsuenetan parte hartu zuen, eta ia 200 urteren ondoren, bere abestiak bizi-bizirik diraute oraindik.

Urretxuarrek egitarau oparoa antolatu dute Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko. Ez da gutxirako, Iparragirrek egindakoa ez sinistekoa baita. Oraindik haurra zela, etxetik alde egin zuen I. Gerra Karlistan parte hartzeko. Bere emanaldietara ehunka lagun joaten ziren. Gernikako Arbola abesten zuenean, herria piztu egiten zen. Agintariek Euskal Herritik eta Frantziatik bota zuten, herria altxatuko zuen beldur zirelako. Europa osoa zeharkatu zuen bere gitarrarekin. 17 urteko neska batekin ezkondu eta Amerikara joan zen. Emaztea eta seme-alaba pila han utzita itzuli zen eta abandonatuta hil zen. XIX. mendean egin zitekeen ia guztia egin zuen. Ona eta ez hain ona. Eta ia 200 urte ondoren, bere abestiak oso ezagunak dira oraindik. Urteurreneko ekitaldietan parte hartu duten bi lagunek  Iparragirreri buruz duten iritziaren berri eman dute lerrootan.

Mikel Alberdi irundarrak Historia ikasi zuen, eta 31 urte daramatza Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Bertako ikerketa eta dokumentazio saileko arduraduna da. Ireki zenetik. Zumalakarregi XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzia zentroa da, eta Iparragirre garai hartakoa da. Are gehiago, XIX. mendeak eman zuen pertsonaia berezienetako bat da. Alberdik ondo ezagutzen ditu haren bizitza eta obra. «XIX. mendeko gizona da, baina XIX. mendeko gizon bitxia. Niretzat oso pozgarria izan da azkenaldi honetan bere biografiari bueltak ematea, normalean militar eta politikoak izaten baititugu eskuartean. Eta azken hauek Iparragirre baino askoz ere aspergarriagoak dira».

Aitzindaria eta parekorik gabea

Urretxuarra gauza askotan «aitzindari» izan zela dio. «Europan zehar musika jotzea eta hortik bizi izatea bakarrik izugarria da. Ez dut antzekorik ezagutzen. Gaiarre eta Sarasate ere Europan zehar ibili ziren, baina beste modu batera. Musika arautuagoan. Iparragirre, berriz, buhame bat izan zen. Kerouac idazlearentzako pertsonaia egokia. Rolling Stone izugarria. Pariseko burgesiaren saloietan eta Euskal Herriko erromerietan berdin-berdin ibiltzen zen. Bainuetxe onenetan eta Italiako talde batekin jo zuen, irrintziak eta Tiroleko musika nahasten zituen».

Alor ezberdinetan eragina izan zuen, gainera. Politikan, adibidez. «Gernikako Arbola euskal foruzaletasunaren ereserkia bihurtu zen. Deserriratu egin zuten, jendea bere kontzertuetan berotu egiten zelako. Bere eragina izugarria izan zen. XIX. mendearen lehen zatian euskal liberalak foruak aldatzen saiatu ziren eta hainbat aldaketa lortu zituzten. Diputazioetan kontrol handiagoa lortu zutenean, foruen alde onez hitz egiten hasi ziren. Hala, foruen defentsa ez zegoen bakarrik karlisten esku. Foruek babes zabalagoa lortu zuten. Iparragirre hor erdian harrapatu zuen eta bere kantua liberalen eta karlisten kantua izan zen. Hori izugarria da. Eta kantuaren oihartzuna gaurdaino iritsi da».

Iparragirre ez zen politikoa, baina politikak kezkatzen zuen eta politikan eragina izan zuen. «14 urterekin Lehen Karlistadan parte hartu zuen eta ondoren ez zekiela zertan ari zen aitortu zuen. Bigarren Karlistadan jada ez zen karlista, eta On Karlosen aurkako hainbat iritzi bota zituen. Ez zuen Bergarako Besarkada onartu eta karlistekin atzerrira joan zen, baina han beste bide batzuk hartu zituen. Frantziatik Marseillaise abesteagatik bota zuen Napoleon III.ak. Ez dakit zer zuen tipoak, baina kantuan hasten zenean jendea berotu egiten zuen. Okzitaniako Tolosatik bota zuten, eta ondoren Euskal Herriko Tolosan atxilotu, eta Euskal Herritik deserriratu zuten. Bi herrialdetatik botatzen duten pertsona sekulakoa izan behar da derrigor!».

Mikel-AlberdiAlberdik horren pertsona berezia izateagatik gaizki tratatua izan zela uste du. «Ameriketan pasa zituen 19 urteetan nola hala biziraun zuen. Bere emazteari egin zioten elkarrizketa batean oso traketsa zela, ardiak galtzen zituela eta ez zitzaiola axola… esan zuen. Ez zen euskaldun fededunaren eredua. Gainera, euskaldunek langile ospea zuten eta bera ez zen langilea. Oso tipo berezia zen. Karlistak, Hirugarren Karlistada galdu zutenean eta foruak kendu zituztenean, berarekin gogoratu ziren. Berarekin kontaktatu zuten eta Amerikako euskaldunek itzulera bidaia ordaindu zioten. Sekulako omenaldiak egin zizkioten, baina handik gutxira abandonatuta zegoen. Intelektualek Iparragirreri pentsio bat emateko eskatu zioten aldundiari eta azkenean pentsio txiki bat jarri zioten. Bere amaiera triste samarra izan zen. Hil ondoren, berriro omenaldiak egin zizkioten, eskultura jarri zuten…».

Espainiarrek El Cid-ek hil ondoren ere bataila bat irabazi zuela diote. Iparragirrek hil ondoren gerra piztu zuen. «Donostian, 1893an, bera hil eta dozena bat urtetara, sekulakoa gertatu zen. Banda Bulebarrean jotzen ari zen eta jendeak Gernikako Arbola jotzeko eskatu zuen. Zuzendariak ezetz. Eta jendeak baietz. Sekulako istilua sortu zen. Uda zen eta Sagasta Espainiako gobernuburua Londres hotelean zegoen. Jendea Londres hotelera joan zen eta hotelaren aurka harrika hasi zen. Guardia Zibila azaldu zen eta hiru hildako egon ziren. Hurengo hiru egunetan sekulako istiluak egon ziren. Batzorde bat sortu zen bakea lortzeko helburuarekin eta batzorde horrek Guardia Zibila Donostiatik ateratzea eskatu zuen. Azkenean, herri guztia Bulebarrean elkartu zen eta Gernikako Arbola abestu zuen… bandarekin».

Ordutik 127 urte pasa dira, baina Gernikako Arbola kantak ez du indarrik galdu. Uda honetan bertan, musikari talde batek kanta hau Euskal Herriko ereserki izendatzearen aldeko manifestua aurkeztu du. Manifestua sinatu dutenen artean Evaristo Paramos La Polla Records taldeko abeslaria dago. Izan ere, Iparragirre lehen punkia izan zela esan daiteke. «Oso pertsonaia interesgarria da alde guztietatik eta oraindik asko dago ikertzeko, baina zaila ere bada. Oso gutxi dakigu Amerikan eman zituen 19 urteei buruz. Bere asmoa musikari bezala lan egitea zen, baina iritsi bezain laster Buenos Airesen kontzertu bat eman zuen eta sekulako porrota izan zen. Ez zuen berriro kontzertu handirik egin. Bere kafetegian bakarrik jo zuen. Artzain bezala porrot egin zuen eta ostalari bezala ere bai. Kafetegian sekulako giroa zegoen, baina lagunei ez zien kobratzen eta porrot egin zuen».

Euskal Herritik eta Frantziatik bota zuten, jendea bere kontzertuetan berotu egiten zelako
Musikari talde batek ‘Gernikako Arbola’ Euskal Herriko ereserki izendatzearen aldeko manifestua sinatu du

Ostalari eta artzain bezala porrot egin zuen, baina musikari bezala ez. Bera hil eta 139 urtera, bere kantek bizi-bizirik diraute. Juanlu Aranburu akordeoilari urretxuarrak makina bat aldiz jo ditu Iparragirreren abestiak. Aranburuk Patxi Saizekin eta Mikel Markezekin jo du, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeko kidea da eta Euskal Kantuzale Elkarteko koordinatzailea izan da. Egun, kantu jira taldeen jarraipena egiten du. Kantu jira guztietan abesten da Iparragirreren kanta bat edo beste. «Gernikako Arbola aldarrikatu dute, baina beste kanta batzuk ere indartsu jarraitzen dute: Alegiko traperoari, Zugana Manuela, Zibilak esan naute…».

Juanlu-AranburuAranburu Iparragirreren jaiotetxetik oso gertu jaio zen. «Urretxuarrok Iparragirrez harro gaude, XIX. mendeko euskal kulturgintzako ikono bat bilakatu baitzen. Aire berri bat eman zion gure kulturgintzari. Mugarri bat izan zen. Ordura arte bertsoak eta musika jantzia bakarrik zeuden eta berak kantugintzaren bitartez herria piztu zuen. Kantuen balio tekniko eta estetikoa gehiegi landu gabe, euskal doinuak erabiliz (bertsoak, koplak eta zortzikoak), herriari mezu bat transmititzeko ahalmena izan zuen. Garai hartan erromantizismoa txertatu zen gizartean eta nazionalismoak sortu ziren: bai handiak eta bai herri txikietakoak. Herri txikietan beraien folklorea eta kultura babesteko joera sortu zen eta Iparragirrek horrekin bat egin zuen. Euskal Herriko kultura, bertsogintza, poesia… balioan jarri zituen. Guk hizkuntza bat, kultura bat eta nazio bat aldarrikatzen ditugu eta berak ere horixe egin zuen bere kantuetan».

Aranburu irailean Urretxun egin behar zen herri antzerkiaren bultzatzaileetako bat da. «Ez zait pertsonaiak jainkotzea gustatzen. Ez naiz estatua zalea. Nire ustez, egin dezakegun onena bere bitartez XIX. mendeko historia ezagutzea da. Iparragirrek garai hartako egoera soziopolitikoa ulertzeko aukera ematen digu. Urretxuk baldintza ezin hobeak ditu XIX. mendeko Euskal Herriko historia ezagutzera emateko. Alde batetik, garai hartako pertsonaia ezagunak ditu bere inguruan: Jauregi, Iparragirre, Zumalakarregi, Soraluze… Bestetik, bertan oso ondo azaldu daitezke Frantziaren inbasioa, Karlistadak (Ordiziako setioa, Deskargako borroka, Bergarako Besarkada…) eta Amerikako emigrazioa. Herri antzerkiaren helburua XIX. mendeko Euskal Herria ezagutzera ematea zen: zer gertatu zen eta zer ondorio izan zituen».

Oraingoz, bertan behera gelditu da. «Gure asmoa jende asko elkartzea eta kale batetik bestera eramatea zen. Kale eta plaza bakoitzean gertaera bat azaldu nahi genuen, antzerkiaren eta kantuaren bitartez. Ez dakigu noiz egin ahal izango den berriro halako ekitaldi bat». Egin ahal izango dela, ez dago zalantzarik: lehenago edo beranduago COVID-19aren aurkako txertoa aurkituko dute eta Iparragirreren kantek beti bezain osasuntsu jarrituko dute.

Iparragirre 2020 egitasmoko hurrengo ekitaldiak

Urretxuko Udalak Iparragirre 2020 egitasmoa antolatu du musikariaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko.  Hurrengo ekitaldiak hilaren 25ean izango dira. 12:00etan bisita gidatua egongo da. Parte hartzaileek Iparragirreren bizitzarekin lotura duten guneak ikusiko dituzte. Parte hartu nahi dutenek 943 03 80 88 zenbakira deitu behar dute eta 3 euro ordaindu. Bestalde, eguerdian, Alde Zaharreko lau tabernetan pintxoa doan emango diete edaria eskatzen duten guztiei. Gainera, lau tabernetan Iparragirreren abestiak jarriko dituzte eta argazki zaharrak ikusgai egongo dira. Egun berean, 19:00etan, Iparragirre 7 lana antzeztuko dute Labeaga aretoan. Dantzaren, ikus-entzunezkoen eta bere zazpi abestiren bidez, Iparragirreren nortasunaren eta ibilbidearen berri emango dute. Epikarik gabe egingo dute, Iparragirre gizaseme bezala ikusita. Ikuskizun horretan belaunaldi eta estilo ezberdinetako artistek Iparragirreren lana errebisatuko dute: Lide Hernando, Beñat Axiary, Sorkunde Idigoras, Josetxo Silguero, Xabi Zeberio eta Arkaitz Miner dira artista horiek. Sarrera doan da, baina 943 03 80 88 telefono zenbakira deitu behar da izena emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>