Euskaltzaleen Topaguneak 17. urtez jarri du martxan Laburbira egitasmoa. Euskarazko 9 film labur eskaintzen ari dira, herriz herri, eta hil honen 29an iritsiko da Ordiziara, Hitzaro Euskara Elkartearen eskutik. Egitasmo hori joan den martxoan zen hastekoa, baina koronabirusaren pandemia tarteko, udazkenera atzeratu behar izan zuten.
Euskarazko ikus-entzunezkoen aktibazioan eragin eta euskarazko egileen sormena bultzatzeko asmoz sortu zuen Topaguneak egitasmo hau, duela 17 urte. Geroztik, dozenaka euskal egileren lanak ikusteko aukera izan da Euskal Herri osoko antzokietan, eta Ordizia, ohiko geralekua izan da herri herriko ibilbide horretan.
Bederatzi egile edo talderen lanak ikusteko aukera izango da aurten. Horietako bat, Bira ekoiztetxe goierritarrak Topagunearekin elkarlanean ekoitzitako Gau Beltza dokumental laburra da. Beñat Iturriotzek zuzendu duen lanak, urriaren 31n, Arimen Gaua ospatzeko Euskal Herrian zegoen ohitura eta haren berreskurapena ditu hizpide.
Horrez gain, Josu Martinez, Amaia San Sebastian, Kristina Zorita, Ibon Iza, Yolanda Mazkiaran eta Maitane Eyheramonho zuzendarien, Marilin Taldearen eta Dimegaz kultur elkartearen lanak ere ikusi ahal izango dira. Emanaldia 20:30ean izango da, Ordiziako Herri Antzokian.