Alarma egoerak eta mugikortasuna eta ordutegiak mugatzeko hartutako neurriek, berriz ere kolokan jarri dute kultur ikuskizunen sektorea. Lehendik ere egoera zaila bizitzen ari da, eta bertako profesionalek hainbat protesta ekintza egin dituzte, Alarma gorria lemapean, kultura segurua dela aldarrikatuz. Irailaren erdialdetik aurrera hasi zen kultur mugimendua berpizten, bai Goierrin eta baita Euskal Herri osoan ere. Hainbat zuzeneko ikuskizun ikusteko aukera izan da geroztik eskualdean.
ZZ Rock jaialdia (irudian) esaterako, arazorik gabe egin zuten, duela hamabost egun. Ordiziarrock jaialdia, ordea, atzeratu egin behar izan dute antolatzaileek, eta momentuz ez dago data beririk. Aste honetan bertan ere, hainbat aurkezpen bertan behera gelditu dira. Ordizian, zine emanaldiak ere etenda daude. Urretxu-Zumarragan bihar egitekoak ziren Txamiskuna jaialdia ere atzeratu egin dute.
Momentuz mantentzen direnen artean daude gaurko antolatuta dagoen Beasaingo txistularien alardea (ordua 20:00etara aurreratu dute), Antzeztaun zikloko Birritan bortxatua antzerki saioa (21:30era aurreratuta), edota Txan Magoak eta Andoni Ollokiegik gaur Zaldibian egingo dituzten emanaldiak. Bestalde, urriaren 23an egitekoak ziren Zapi bete bertso saioa, azaroaren 6ra aldatu dute.