haitzetatik lurrera

Itsasoko_karobiak(1)

Egizabalgo karobiaren aho gangaduna. Egoera onean dago, Itsasoko karobien artean hoberen kontserbatuta dagoena da.

Ohikoak ziren karobiak Goierrin XVII. mendean. Lurra ongarritzeko karea sortzeko erabili ohi ziren, baina industrializazioaren ostean indarra galdu zuten baserrietako lana utzi eta baserritar asko lantegian lanean hasi zirelako.

Itsasoko inguruetan 24 karobiren aztarnak aurkitu dituzte, eta herritarren testigantzak jasota katalogo batean bildu dute informazioa Pilare Muxika eta Anttoni Okariz itsasoarrek.  Ohiko azpiegiturak ziren karea egiteko karobiak XVII. mendeko Euskal Herrian, eta XVIII. eta XIX. mendeetan nabarmen ugaritu zen karearen erabilera lurraldean, batez ere Ameriketatik artoa ekarri zutenean. Izan ere, simaur gutxi zegoen tokietan karea erabiltzen zuten soroetako lurra ongarritzeko, eta artoarekin laborantza ugaritu zenez, lurra lantzeko behar zuten karea. Ukuiluak desinfektatzeko edota fruta arbolen gerria zurituta zomorroak uxatzeko ere erabiltzen zuten.

«Karearen erabilerak asko hazi zuen ekoizpena behin artoa etorrita, eta garai horretan biztanleria ere hazi zen», azaldu du Pilare Muxikak. Artoaren ereiteak, halere, indarra galdu zuen XIX. mende bukaeran, eta industrializazioaren ondorioz baserri lanak egiteari utzi zioten hainbat baserritan, fabriketara lanera joateko. Lurrik ez zutenez landu behar, karearen erabilerak ere behera egin zuen. Gainera, industrialki egindako karea erosteko adina diru irabazten zuten lantegian baserritarrek: «XX. mendean ongarri kimikoen eta zementuaren industria-ekoizpenarekin lehiatu ezinik, karobiak bertan behera uzten hasi ziren», azaldu dute katalogoan Muxikak eta Okarizek. 1950an karobien erabilera guztiz amaitu zen eta, hutsik zeudenez, baserritar askok zaborrak botatzeko erabili izan dute.

Tarte horretan, Goierri inguruan bi motatako karobiak erabili ohi ziren: zakarrezkoak eta frantsesak.  Lehenengoak autokontsumorako erabiltzen zituzten baserritarrek; sua jasaten zuten harrizko labe horietan kareharria pilatu eta azpian haritz eta pago egurra erretzen zuten. Frantsesak, berriz, industrialagoak ziren, etengabeko prozesua baitzuten: «Itsason aurkitu ditugun guztiak zakarrezkoak dira eta horiek urtean behin jartzen zituzten martxan sei bat egunez behar zutena produzitzeko», azaldu du Pilare Muxikak. Zakarrezko karobiak zilindrikoak ziren, hiruzpalau metroko altuera eta diametroarekin. Labeek barruan ez zutenez estaldurarik izaten, arku itxurako horma batez itxita egoten ziren. Azpialdean, berriz, hautsontzia eta haizea ateratzeko zirrikitua izaten zuten.

Itsasoko 24 karobiak zakarrezkoak dira; autokontsumorako erabiltzen zituzten, sarri lurra ongarritzeko

Kareharriz egindakoak izan ohi ziren, baina hareharrizkoak ere badaude. Katalogoaren arabera, Itsason aurkitu dituztenak karobi xumeak dira: «Eremu maldatsuetan edo bide bazterretako ebakidurak baliatuz zulatutakoak, tuparrian edo arbel-unetan gehienetan eta beti bideren baten alboan eta askotan bi bideren artean». Bide batetik harria botatzen zuten eta behekotik egurra sartu eta karea ateratzen zuten. Hau da, leku estrategikoan eraikitzen zuten karobia lana errazteko.

Aurrena karehaitza jaso

Karobietan karea egin ahal izateko, kareharria behar zuten. Goierrin badago, baina Itsason zehazki ez dago karehaitz harrobirik. Harrobirik gertuena Matxinbentan edo Murumendin izaten zuten itsasoarrek. Atxabal edo Txarabeltz aldera jotzen zuten idi eta gurdiarekin harria etxera eramateko. Kareharria eskuratuta, labe barnean harrizko bobeda bat egin eta ikatza eta kareharria pilatzen zuten gainean. Labea beteta, karobia pizten zuten: azpialdeko ahotik gaztaina eta pago enbor zatiak erretzen zituzten. Sei egun inguru irauten zuen egosketak, eta kearen kolorearengatik jakin ohi zuten noiz zen sua itzaltzeko unea. Ondoren, egun pare bat itxaroten zuten karea ateratzeko.

Itsasoko_karobiak

1. Albitsu; 2. Ariola; 3. Atingoena; 4. Atinzabal; 5: Beitia; 6. Egizabal; 7. Epelde; 8-9-10. Errezti; 11. Hariztizabal; 12-13. Itsasoerrota; 14. Izagirretxiki; 15. Katalindegi; 16. Kortalde; 17. Mandubizahar; 18. Mendeun; 19. Sarriegibarrena; 20. Urkulegi; 21-22. Urteaga; 23. Usabiagagoikoa; 24. Zabalegi.

Hogeita lau karobi zenbatu dituzte guztira Itsason, baina katalogoan hogeita bosgarren bat ere sartu dute: Altzibarren, Gabirian, karobi frantses bat aurkitu dute. Guztietatik bi ia osorik daude, batean harrizko pareta mantentzen da, lauretan zuloa eta harri hondarrak geratzen dira, beste lauretan zuloa nabarmen ikusten da eta beste 14 erabat desagertu dira sasi artean.

Ondarea zaintzea

Azpiegitura eta bizimodu berriak sortzen joan diren heinean, orain ondare etnografiko diren karobi horien erabilera ere aldatuz joan da: «Ondarearekiko kontzientziazio hori urrundu egin da denbora handi batean eta orain gure helburua berreskuratzea da», esan du Muxikak. Gehitu du horrelako lanek garai hartako bizimodua ezagutzeko eta testuinguruan kokatzeko balio dutela.

Artxibo historikoaz gain, herriko adinekoen laguntza izan dute Itsasoko lana ontzeko, eta toponimia ere baliagarria izan zaie informazioa lortzeko. Horregatik, ingurukoei izen toponimikoen berri ematea eta basoak botatzerakoan karobiak kontuan izatea eskatu dute kontserbaziorako neurri gisa. Katalogoa ez dago amaituta eta norbaitek informaziorik balu harremanetan jarri liteke. Karobiren bat berreskuratu nahiko lukete  garaiko itxura emanda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>