27 ordu

Asier-IriondoAsier Iriondo • Hizkuntza aholkularia

Joan den ostiral gauean ezagutu nituen Amaia, Maddi, Ekaitz eta Beñat. Eskuetan genituen erkidegoak gurutzatu ahal izateko agiriak, baina zalantza bagenuen balizko kontroletan onartuko ote zizkiguten. Larunbat goizaldera iritsi ginen Jaenera. Kontrolik ez. Agiriak erakutsi beharrik ere ez. Maddi arratsaldera arte agurtu, eta Granadara jarraitu genuen.

Bederatzietan neukan hitzordua Diegorekin. Ordu berean zeukan Fatimak Mohamedekin. «Zuri ez dizute maskara aldarazi» kexatu zitzaidan Fatima, nire maskara beltzari erreparatuta. Hitz eta keinu, berrogei minutu atsegin izan nituen Diegorekin. Amaiak hamarretan zeukan hitzordua Egoitzekin. Neu irteten eta bera sartzen ari zela, ekarri gintuen ibilgailuaren giltza eman ahal izan zidan. Zortzi urteko alabaren protestengatik min-zirria zuen, aita ikustera eraman ez zuelako. Hilabeteak daramatzate elkar besarkatu gabe. Hitz eta keinuek kristala zeharkatzen dute, ukimenak ez.

Amaiaren zain nintzela, Salazarri eta Herediari errieta egiten ari zitzaizkien, euren maskara ez zela kirurgikoa eta ez zeukatela Miguelekin egoterik. Neuk eman nien bana. Badaezpada, pakete oso bat eramana nuen. Ordaindu egin nahi izan zidaten, Jainkoak bidalia omen nintzen.

Beñatekin eta Ekaitzekin eguerdi aldera elkartu ginen. Bazkaldu eta Jaenerantz egin genuen Maddiren bila. Maddiren semea ere Beñat deitzen da. Eurek ere hilabeteak egin dituzte elkar besarkatu gabe. Arazoak izan zituen Beñaten paketeko elementu guztiak sartzeko. Belarrietako tapoiak sartzen ez zioten utzi.

Igande goizaldera iritsi ginen Euskal Herrira, agiriak erabili beharrik gabe. Bidean entzun genuen Puertora joan zirenei isuna jarri zietela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>