baginen behin…

Legazpi-Euskaltegia

Goitik eta ezkerretik hasita: Jontxu Larrañaga, Xabier Lopez de Munain, Mila Beitia , Xabier Elortza, Juan Bernardo Alustiza, Mari Paz Aranguren. Eserita ezkerretik eskuinera: Anuntxi Ugarte, Amaia Larrea, Nerea Larrion, Juanjo Odriozola eta Mariaje Galartza.

Xabier Lopez de Munain • Legazpi

Paper honetan idatzi bezain pronto, lehenik gomutak azaltzen zaizkit buruan. Argazki honetan garai bateko lagun batzuk agertzen gara.

Legazpiko Udal-Euskaltegiko langileok gara. Danok gara gaurregun, Mari Paz ezik. Honek, ondoen zegoenean, umezurtz utzi gintuen. Berau zen, euskaraz nola esan behar zen ez genekienean, guretzako euskaltegiko hiztegi bizia.

Euskaltegia zen gure lanleku eta bizitokia. Euskarak batzen gintuen  eta ezin konta ditut Mediku Zaharraren etxean izandako pasadizoak, onak eta ez hain onak, baina denak gogoangarriak. Langileak ginen, baina batez ere lagunak eta denon artekoa zen euskararenganako genuen amodioa. Euskarak elkartu gintuen.

Niri dagokidanez, euskaltegia bozkarioa eta sufrikarioa izan zen era berean. Pareta haien artean bizi izan nuenak tinko dirau ene buruan eta ez naiz damu.

Euskaraz bizi den gizartea

Euskara  behar dugu geure herri txiki honetan. Euskaraz bizi den gizartea behar dugu, nahiz etxean nahiz kalean.
Ahalik eta gehienok euskaraz biziz, aurrera Joango gara, apika-apika,  baina gelditu gabe. Hau da nire desioa.

Buka dezadan idatzi hau Mari Paz zenari batez ere, eta mahaiaren  bueltan azaltzen diren lankideei nire esker ona adieraziz.

Azkenik, hauxe da goierritar guztiei helerazi nahi diedan mezua: Euskara bizi bedi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>