Madarikazioa hondarretan

Julen-ArakamaJulen Arakama • Butak21 zinekluba

Zinemaren historian badira madarikatuak dauden proiektu, pertsonaia edota moldaketak. Dune eleberriaren moldaketa, adibidez. Zientzia-fikzioaren gailur, Dune eleberri bikain bezain aberatsaren moldaketek bide oztopotsua izan dute. Lehen saiakera antzua Alejandro Jodorowsky txiletarrarena izan zen, tamalez inoiz filmatu gabe geratu den film handienetakoa. Proiektu ikaragarria osatzen ari zen Jodorowsky, Mick Jagger, Orson Welles eta Salvador Dali zituen hitzartuta antzezle lanetarako. Musikarako Pink Floyden magia eta atmosfera; dekoratu eta diseinuetarako Moebius komikiaren jeinua eta H.R. Giger ametsgaiztoen suitzar artista; Dan O’Bannon gidoigile bezala (Alien) eta efektu berezietarako Douglas Trumbull (2001: Space Odyssey, Blade Runner). Finantzazioak huts egin, eta bertan behera geratu zen dena.

1980ko hamarkadaren hasieran Star Wars sagak egindako diru oldea ikusita, estudioek zientzia-fikzioan dirua egiteko aukera zegoela ikusi zuten. Dune moldatzea denbora kontua zen, inbertsio ziurra baitzirudien. David Lynch zuzendaria aukeratu zuten eta emaitzak ez zuen inor hasebete. Emaitza ahula takillan, Lynch betirako damututa proiektu hura gorrotatuz, film pobre, nahasi eta herren bat ikusi genuen.

Hirugarren saiakera duela urte pare bat hasi zen Denis Villeneuven zuzendaritzapean. Orain estreinatzekoa zen,  baina pandemiak atzeratu egin du hurrengo urtera arte eta nork daki ikusiko ote dugun edo produkzioak jarraituko ote duen, bi filmetan banatuta egin nahi dutelako eta bigarren zati hori arriskuan dagoelako. Madarikatuen zerrendan geratu ala irtengo den ikusteko dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>