«Ligako jokalari onenari dagokion saria jasotzeak ilusioa egin dit»

Ruben_Gonzalez__Montxi_

Ruben Gonzalez ‘Montxi’-k (Urretxu, 1982) 25 urte baino gehiago daramatza areto futbolean jokatzen. Lehen pausoak Goierri kirol elkartearen taldean eman zituen eta bigarren mailako hainbat taldetan jokatu ondoren, Goierrira itzuli zen. Irailean, 37 urterekin, Euskal Ligako jokalari onenari dagokion saria eman zioten.

Nolatan hasi zinen areto futbolean?
13-14 urterekin hasi nintzen, institutuan. Talde hark Goierrirekin hitzarmena zuen eta berehala Goierrira pasa nintzen. 17 urterekin Ibarrara joan nintzen, bigarren mailan jokatzera. Lau urte eman nituen bertan. Diru arazoak izan zituzten eta Lizarrara joan nintzen. Bertan hiru urte eman nituen. Ondoren, Logroñon, Bilbon, Tuteran eta Elgoibarren jokatu nuen, Goierrira itzuli aurretik. Hamar urte eman nituen bigarren mailan, Ibarra, Lizarra, Logroño, Bilbo eta Tuteran. Elgoibar hirugarren mailan zegoen eta bigarren B mailara igo ginen. Talde ona genuen, baina entrenamenduak eta lana bateragarriak izateari utzi zioten eta ezin izan nuen han jarraitu. Hori dela eta, 2010ean Goierrira itzuli nintzen.

Ez al zara inoiz zelai handian aritu?
Futbola asko gustatzen zitzaidan. Gainzuri ikastetxean ikasten nuenean Urolak ez ninduen hartu, ondoren areto futbolean hasi nintzen eta areto futbolean gelditu nintzen. Ez naiz sekula zelai handian aritu.

Zeintzuk dira zure dohainak?
Langilea eta abila naiz, eta beti golak sartzeko erraztasuna izan dut. Jokalari nahiko osoa naiz. Defentsan ondo moldatzen naiz. Zelai handian baino jokalari gutxiago gara eta defentsan nagia dena agerian gelditzen da.

25 urte daramatzazu areto futbolean jokatzen. Ba al dakizu zenbat partida jokatu dituzun?
700 partida pasatxo jokatu ditut. Partida horiei Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioekin jokatutako partidak gehitu behar zaizkie. 800 partida baino gehiago jokatuko nituen.

Zenbat gol sartu dituzu?
Bigarren mailan ia 200 gol sartu nituen. Goierrin denboraldi bakoitzean 40-50 gol sartzen ditut.

Zer ematen dizu areto futbolak?
Areto futbolak ia dena eman dit. Haurra nintzela hasi nintzen eta oso gaztetan kanpora joan nintzen. Horrek hezten lagundu zidan. Egun ez dut dirurik irabazten eta taldeko zaharrena naiz, baina kirol hau asko gustatzen zait, asko gozatzen dut eta oraingoz ez dut uzteko asmorik. Maila emateari uzten diodanean, utzi egingo dut.

Lesioekin zortea izan duzula dirudi.
Zortea izan dut, bai. Ez dut sekula lesio larririk izan. Zaintiraturik ere ez. Partida batzuetan minarekin jokatu behar izan dut, baina areto futbolean jokatzea horrenbeste gustatzen zaidanez, ez zait gogorra egin. Ez diot partida bakar bat jokatzeari utzi.

Ez duzu, beraz, jokatzeari uzteko asmorik.
Oraingoz, ez. Batzuk, pandemia dela eta, jokatzeari utzi diote. Nik ez dut horrela utzi nahi, agurtzeko aukerarik gabe. Joan zen denboraldian liga bertan behera gelditu zen eta denboraldi honetan hasiera atzeratu egin da, baina ez dut uzteko asmorik.

Euskal Ligako jokalari onenari saria eman dizute, gainera.
Entrenatzaileek eta kapitainek parte hartu zuten bozketan. Ilusioa egin dit, noski. Nire lehen saria da.

Ba al duzu arantzaren bat? Lehen mailan jokatu ez izana, beharbada?
Lehen mailan jokatu ez izanak pena ematen dit, noski. Lizarran nengoenean Xota (egungo Osasuna Magna) taldea gertu zegoen eta egunen batean beraien deia jasotzeko itxaropena nuen, baina ez zidaten deitu. Ibarran nengoenean igoera fasea jokatzetik gertu egon ginen. Tuteran urte gogorra pasa genuen eta jaisteko zorian egon ginen. Gipuzkoara itzuli nintzen etxetik gerturago egoteko eta hurrengo denboraldian lehen mailara igo ziren.

«800 partida baino gehiago jokatuko nituen. Taldeekin 700 inguru, eta besteak Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioekin»
«Minarekin jokatu behar izan dut, baina areto futbola hainbeste gustatzen zaidanez, ez zait gogorra egin»

Toki ezberdin askotan jokatu duzu. Taldeak bilatzeaz arduratzen zen ordezkariren bat al zenuen?
Jokalari gehienek ordezkariak dituzte, baina nik ez nuen ordezkaririk eduki. Deitzen zidaten tokietara joaten nintzen. Hamar denboraldi eman nituen bigarren mailan eta horietako bostetan entrenatzaile berarekin aritu nintzen. Lau talde ezberdinetan izan zen nire entrenatzailea.

Diru asko kobratzen al zenuten?
Bigarren mailan jokatu nuen azken bost urteetan soldata arrunt bat izan nuen. Gainontzeko urteetan gasolina ordaintzen zidaten eta partidak irabazteagatik sariak izaten genituen.

Zein izan da zure denboraldi onena?
Logroñokoa. 32 gol sartu nituen. Helburua ez jaistea zen eta zazpigarren postuan gelditu ginen.

Nola ikusten duzu Goierri taldea?
Gainontzeko kirol guztietan bezala, ekonomiak okerrera egin du. Lehen dena ordaintzen ziguten eta orain gastu batzuk guk ordaindu behar ditugu. Kluba, zorionez, betikoa da: familia bat gara eta gure arteko harremana oso ona da. Hori bai, lehen denak nire adin ingurukoak ziren eta orain gazteagoak dira. Herrian bertan areto futbolean jokatu ahal izatea, pagotxa da. Garai batean kanpoan bizi nintzen. Orain kiroldegia etxetik bost minutura dut.

Zure burua entrenatzaile bezala ikusten al duzu?
Gazteak entrenatu izan ditut, baina benetan gustatzen zaidana jokatzea da. Dena den, ez dago zer gertatuko den esaterik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>