ataungo pasadizoak

Ataun-eliza

Kanpai-dorrea ere maite genuen, eta maiz igotzen ginen eskailera biribiletan saguzarrak uxatuz

Jexux Aizpurua Barandiaran • Ataun

Plazako eta elizara bidean izaten zen jendearen joan-etorria ziren ikusgai bakarra. Gaur Zaindegi gure etxeko leihora aterako bagina, denbora luzez kalean ez genuke arimarik ere ikusiko.

Orduan, ordea, udaletxea, alhondiga, Caja de Ahorrosa, Pedro mikeletea, Benito ojalateroa, Esteban goarda, Beltran guardia zibila, Inazio jostuna, ileapaindegian Rosarito, Luzio Dorronsororen karroa, Joxemiel Barandiaranen velo-solexean, botikan Kontxita, errota-bidean gariz edo artoz kargatuta Aietzioko astoa, Berraraingo Antonio, Andreseneko Josekutz, Lopetxeko Joxe, Saletxeberriko Josekutz, Etxeberriaundiko Pedro, Sanztegiko Joxe… idi-uztarriekin egur-karretoan, Miravalles-ko surtidorean Maria edo Juli, Txomiñoenean Ixabel eta Martin, Txindikatuko Patxi errepide erdian ardo-kupelak urez astintzen, Joan zapatariaren kix-kas hotsa, Jexux Etxeberria antigualeko gauza-zalea, Joxantonio barberoa, Joxemari harakina, Anguloenean Petra eta Joxepa, Kerejetaenea, Joxe organista, udaletxeko balkoitik Jexux sakristaua zelatan, Emeteriaeneko eskaparateko azukredun goxoki erakargarriak, Fabrika Haundirantz bizikleta-zaleak, harrobitik harri-karretoan Euxebio, Eujenio, Joan, Bixente… Iluntzean, berriz, Garaialdeko Ixidro eta Aralegiaundiko Nikolasen artaldeak erretiran; kalezulo bizia benetan.

Haurrok, berriz, Kontzejupen, Kalostraundin, Kalustratxikin, kortxo eta hariz etxean egindako pilotaz, txapetan, ezkutaketan…

Elizkizunek urteko une asko betetzen zuten: eguneroko mezak, bezperak, jaunartzeak, hiletak, bataioak, elizan sartzeak, ezkontzak… guzti horietan jardutea egokitu zitzaigun; gaixorik zirenei «jauna» edo azken igurtzia eraman, prozesioak…

Kanpaien ikerketak

Kanpai-dorrea ere maite genuen eta maiz igotzen ginen eskailera biribiletan saguzarrak uxatuz. Jai handietan bi kanpai txikiak eta handia tartekatuz jo behar. Hileta-kanpaiak, aldiz, hilobi-zaleak kanpai-dorretik bistaratzen genituenean.

Hainbestetan igotzen ginenez, lehen ikerketa egiteko aukera izan genuen. Kanpai handiak inguruan bazituen hizki batzuk, baina kanpoaldekoak ezin irakurri. Azkenean, Graziaeneberriko leihotik irakurtzea eta suge baten irudia ikustea lortu genuen.

Eskolako «ibillaroak» beste baterako utziko ditugu (jarraitzekotan).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>