«Euskararekiko nire jarrera ez da aldatuko euskaraldiarekin»

Nerea Arzuaga

Nerea Arzuaga • Belarriprest • Legazpi

Dendaria da lanbidez Nerea Arzuaga legazpiarra, eta Euskaraldian belarriprest rola jokatuko du, bigarrenez. Euskara laguntzeko bere alea jarriko du horrela berriz ere.

Belarriprest txapa jarrita, «nirekin euskaraz hitz egin daitekeela» adieraziko dio aurrean duenari Arzuagak, bai dendan bai kalean, eta bere ustez hori lagungarri izan daiteke, adibidez, «euskaltegietan euskara ikasten ari direnentzako». Berarentzako horrek lanik ez duela eskatzen onartzen du, eta aldaketarik ez duela egin beharko bere egunerokoan, euskalduna delako eta euskaraz hitz egiten jarraituko duelako, «beti bezala, Euskaraldia izan ala ez nire jarrera ez dudalako aldatuko».

Etxean, familiarekin, lagunekin eta euskaraz dakien jendearekin euskaraz hitz egiten du Arzuagak. Hizkuntza oso garrantzitsua dela uste du, are gehiago Euskal Herrian, eta bere erabilera indartzearen alde dago. Hori dela eta, animatu egiten du jendea euskaraz hitzegitera, batez ere guraso gazteak.
Aurtengo Euskaraldia berezia izango dela uste du Arzuagak, pandemiaren eraginez kalean jende gutxiago dabilelako eta harremanak asko mugatu direlako; «ia-ia ez dago zeinekin hitz egin, ez euskaraz ez erdaraz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>