lehenengo euskaraldiaren «astindua»

Euskaraldia-2018

Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzako egitasmoa bada ere, haur eta gaztetxoek ere bat egin nahi izan zuten. / zaldibia.org

Lehen Euskaraldiaren ondorioak aztertzeko eta ikertzeko hiru galdeketa egin zituzten parte hartzaileen artean.

Euskal Herri osoko 225.154 herritarrek parte hartu zuten 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egin zen Euskaraldian. 11 egunetan, herritarren artean hizkuntza ohitura aldaketak eragitea izan zen helburu nagusia, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratuta. 11 egunetako jokaeren ikerketa kuantitaboa eta kualitatiboa egin zuten eta ondorio nagusia ondorengoa izan zen: Euskaraldiak gizartea «astindu» zuen. Hiru epetan bidali zitzaien galdetegia parte hartzaileei: lehenengoa, Euskaraldia hasi aurretik; bigarrena Euskaraldia amaitu berritan; eta hirugarrena, Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera.

Txaparen babesa

Oro har, parte hartzaileen hizkuntza jokaerak nabarmen astindu zituen Euskaraldiak iraun zuen bitartean. Baina astindutako guztia ez zen finkatu. Parte hartzaile askok aipatu zuten ariketa motza geratu zitzaiola, 11 egun ez baitziren egun asko. Beraz, ez zen tarte handirik egon hizkuntza jokaera berriak errotzeko eta egonkortzeko.

Hala ere, hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin zituzten euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa zutenek; euskaraz egiteko ohiturarik gutxien dutenek; eta gune soliziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnek.

Bestalde, txapa identifikagarriei esker jende askok (ahobiziek bereziki) bultzada handia sentitu zuen euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko, eta zehazki, beste txapadunekin jarduteko garaian. Bestalde, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu zien.

Ahobiziek betetze maila altua izan zuten ulertzen dutenekin euskaraz egiteko jardunean, bai eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz egiteko zereginean ere. Belarriprestentzat zailagoa suertatu zen euskaldunei euskaraz aritzeko eskaera luzatzea, kasurik gehienetan jokabide arrotzat hartzen zelako.

Era berean, euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu zuen Euskaraldiak. Giro babesle eta irekia sortu zuen. Honela, euskaraz egin nahi zuenak zilegitasun soziala nabaritu zuen lasaitasunez jokatzeko eta hainbatek zentzua ikusi zion hizkuntza nagikeria gainetik kentzeko. Zailtasunak zituenak euskaraz egiteko adorea eskuratu zuen, lotsak eta beldurrak zertxobait zokoratuz.

Era berean, Euskaraldiak balio izan zuen jende askok bai bere buruaren bai inguruaren azterketa soziolingusitiko errealista egiteko eta kasu gehienean errealismo hori hizkuntza erabilerako pizgarria izan da. Hau da, norbere hizkuntza jokaera «idealizatu» samarra zuen parte hartzaile asko konturatu zen benetan uste baino gutxiago egiten zuela euskaraz.

Zailtasunak

Aurrerapen txikiak egon baziren ere, zailtasunak ere izan ziren. Batetik, euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua zutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez zen asko zabaldu. Bestetik, zailtasunak izan ziren elebiko elkarrizketari luze eusteko. Eta solaskideari euskaraz aritzeko gonbita edo eskaera egiterakoan desoroso samar sentitu zen parte hartzaile asko, bereziki, belarriprest zereginean ibilitakoak.

12.002

12.002 goierritarrek parte hartu zuten 2018ko Euskaraldian. Hau da, Goierriko biztanleria osoaren
% 17,27k hartu zuen parte aktiboki. Kontuan hartu behar da, 16 urtetik gorakoak bakarrik erregistratu ahal izan zirela. Euskal Herri osoan 225.154  lagunek baino gehiago eman zuten izena.

9.711

9.711 Ahobizi. Gehienek Ahobizi rola aukeratu zuten. Hau da, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea, lehen hitzak beti euskaraz egitea eta euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz jarraitzeko ahalegina egitea aukeratu zuten. Ahal zuten guztietan euskara erabiltzea, alegia.

2.291

2.291 Belarriprest rola aukeratu zutenek, gaitasun eta aukeren arabera erabaki zuten euskaraz noiz eta norekin jardun. Belarriprest izateak ez zuen euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik izan, jokaerarekin baizik. Alegia, euskaraz dakienari euskaraz aritzeko gonbitea egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>