Premiazko eraldaketa

Digitalizazioa

Goierriko enpresetako arduradunak ahaldundu eta enpresen digitalizazio prozesu azkar eta eraginkor bat egiteko DIGIinnova proiektua jarriko du abian Goierri Valley elkarteak. Enpresek lehiakortasunean irabazteko ezinbesteko urratsa da digitalizazioa.

Goierri Valley elkartearen barruan aurten egin duten prozesu baten ondorio da DIGIinnova proiektu berritzailearen sorrera. Bazkide diren ETEak (Enpresa Txiki eta Ertainak) «indartsu, sendo eta lehiakorrak» izateko, bakoitzaren beharretara egokitzen diren berrikuntza eredu bizkorrak garatu nahi ditu elkarteak, eta hori digitalizazioa eta berrikuntza uztartuko dituen proiektu horren bidez lortu nahi du. Helburua argia da: ETEak eraldaketa digitalaren bidean murgiltzea etorkizunean lehiakorrak izaten segi dezaten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza ebazpen baten zain, 2021eko lehen seihilekoan landu nahi lukete egitasmoa.

Enpresa txiki eta ertainen «digitalizazio maila txikia» da, Goierri Valleyko negozio arduradun Xabier Perezek nabarmendu duenez. «Bakarren bat badago urratsen bat egin duena, baina orokorrean txikia da maila. Goierri Valleyn ETEen lehiakortasuna lantzen ari gara, eta errealitate horretatik abiatuta, aldatzeko momentua dela ikusi dugu. Merkatuak aldatzeko eskatzen du, elkarteko enpresa traktoreek ere mezu hori helarazi dute. Gauzak beste era batera egiten hasteko garaia da, orain arteko lan egiteko era aldatu beharra dago».

Goierrin ez ezik, Gipuzkoako ETE gehienetan «digitalizazioaren inplantazioa oso eskasa» da, eta DIGIinnova «eredugarria» izan daiteke gainontzeko eskualdeentzat ere. «Beste garapen agentzia batzuekin elkartzen garenean, denon ahotan dagoen gaia da. Digitalizazioa ez dago garatuta, eta etorkizunean hemen egon nahi badugu, egin beharreko gauza bat da, bestela, epe motz eta ertainean enpresak ez dira lehiakorrak izango. Metal mekanika sektorean erreferente izan nahi du». Aldundia Gipuzkoan bultzatzen ari den eraldaketa estrategiarekin bat datorren proiektutzat jo du Perezek.

Pertsonak formatu aldaketarako

DIGIinnova proiektuan 8-12 enpresa txiki eta ertainek parte hartuko dute. Lan saio bateratu batzuk egitea da asmoa, digitalizazioaren eredua eta dituen aukerak ezagutzeko. Lehen pausu hori emanda, eredu horiek enpresa bakoitzaren beharretara egokitzea da gakoa, banakako aukerak eta ibilbide orria zehaztuta. Era berean, prozesuan parte hartuko duten enpresen erronkei eta lehentasunei buruzko informazioa eskuratuko du Goierri Valley elkarteak.

Xabier Perez, Goierri Valleyko negozio arduraduna:

«Digitalizatu ezean, enpresak ez dira lehiakorrak izango epe motz eta ertainean»
«Formakuntza hartu duten enpresetako liderrek gidatuko dute eraldaketa enpresetan»

«Helburu nagusia enpresetako pertsonak formatzea da, gero pertsona horiek dagokion digitalizazio prozesua bideratzeko haien enpresetan. Sentsibilizazioa eta formakuntza uztartzen ditu proiektuak». Perezek argitu duenez, irailetik aurrera enpresa bakoitzak proposatu beharko du zer lehentasun duen: «Eraldaketa digital hori enpresetasko liderrek gidatuko dute. Horrek ez du esan nahi bakoitzak bere kasara egingo duenik. Adituetan oinarritu beharko dira, hirugarren pertsonetan. Horiek izango dira proiektuari jarraipena egingo diotenak».

Erabakiak denbora errealean

Eraldaketa digitala enpresaren alderdi guztietan egin daitekeela adierazi du Goierri Valleyko ordezkariak. «Produkzioa digitalizatu daiteke, administrazioa, salmenta, mantentze arloa… Lehen pausua datuen kaptazioa egitea da, eta ondoren datu horien azterketa adimentsu bat egitea. Monitorizatuz gero, errealitatea denbora errealean ikus dezakezu, eta erabakiak azkarrago eta momentuan bertan hartu». Komunikazioarekin ere lotura du digitalizazioak, enpresen arteko informazio trukeari begira batez ere: «Enpresetako komunikazio era aldatu egin da, eta plataforma digitalak partekatzen dira».

Digitalizazioa eta lehiakortasuna eskutik doazela, horixe da Perezek behin eta berriz aipatzen duen ideia. «Lan egiteko era berriak honakoak dira: erabakiak azkar hartu, zero akats lan egiteko erara joan, prozesua denbora errealean kontrolatu, mantentze lan prediktibo eta prebentiboak egin…». Ate joka dator eraldaketa, premiaz gainera.

Digiinova proiektua

  • Enpresen helburu zehatzak . Digitalizazioak eskaintzen dituen banakako aukerak modu egituratuan identifikatu, lehenetsi eta balioztatzea plano ezberdinetan, beti ere, negozioaren hazkundeari eta jasangarritasunari begira. Behin formakuntza hartuta (ekintza-prestakuntza), lehen fasea praktikan jarriko lukete enpresek, eta ibilbide orri indibidual bat definitu digitalizazio prozesuarekin jarraitzeko.
  • Goierri Valley-ren helburu zehatzak. Proiektuan parte hartzen ari diren eta elkarteko bazkide diren ETEen (Enpresa txiki eta ertainak) digitalizazio erronkak eta lehentasunak ezagutuko lituzke Goierri Valley elkarteak. Era berean, enpresa bazkideei lagunduko lieke garapen digitaleko ibilbide orri bat izaten.

Merkatariak eta ekoizleak ere, bide digitalean

Goierriko ekoizle, merkatari, ostalari eta gainerako zerbitzuen ehundura indartu, eta bertako salmenta eta kontsumoa konektatzeko plataforma digital berria sortu da: Goierriko Azoka (goierrikoazoka.eus). Gero eta errotuago dago gizartean online erosteko ohitura, eta Goierriko produktu eta zerbitzuak ere kontsumitu ahal izateko aukera berri bat jarri du. Erakusleiho eta salmenta baliabide bat baino gehiago izateko bokazioa dauka.

Proiektu honen oinarrian ere digitalizazioa dago, eta hasiera-hasieratik ikusi du Goiekik digitalizazioa bi eremutara zabaldu beharra. Batetik, eskualdeko mailako online plataformaren zerbitzua eskaintzea, eta bestetik, banako digitalizazioa. Proiektu honen helburua Goierriko negozio txikiei digitalizazio prozesuan laguntzea da. Dagoeneko hainbat enpresa txikik egin dute bat egitasmoarekin, baina proiektua irekia da eta handitzeko aukera dauka. Lehen lanketa ekoizleekin eta merkataritza dendekin egin da.

Proiektuko partaide diren ekoizle eta merkatariek nahi adina saltzeko aukera izango dute plataforma honen bidez, eta horrez gain, plataformaren marka eta marketin lanez baliatu ahal izango dira. Kontsumitzaileek, berrriz, ehunka produktu plataforma bakarrean erosteko aukera izango dute. Merkatari eta ekoizleen banakako ahalduntze digitala ere lortu nahi du proiektuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>