Txistulariak, musikariak

Captura de pantalla 2020-12-22 a las 19.04.36Antton Fernandez Lasa • Dantzaria

Santa Lutzi eguna eta gabon garaia bitartean egin izan da Zumarragako txistulari alardea edo kontzertua urte dezentetan. Osasun krisiak bertan behera utzi digun aurrez aurreko plazerretako bat. Goierriko hainbat herritako txistu joleak bildu ditu urterik urte (Idiazabal, Legazpi, Beasain…). Halaxe egin izan da Urretxuko txistulari alardea ere, Santa Anastasia festetan.

Herriko gainerako elkarte ugariri beti egin diote txokoa programan: izan musika eskola, bertso eskola, abesbatzak… Lurra eta Irrintzi taldeetako dantzaririk ere ez da falta izan haiekin batera. Urteroko emanaldi nagusietakoak izan dira dantzariontzat, taldearen egutegia antolatzeko aitzakia, eta ohiko errepertorioa osatzeko dantzak ikasteko motibagarri. Bereziki landu izan ditugu fandangoa, arin-arina, Amaia ezpata dantza eta abar okasio horietarako, lokalean zegokion bideoa eta kasetea behin eta berriz bueltaka jarrita.

TikTokaren aroan ere, nola ez, zuzeneko musikariek berebiziko garrantzia izaten jarraitzen dute guretzat. Kontzertu horietako txistulari, atabalari, silbote jole eta gainerako batzuk urte osoan aritzen dira dantza taldeetan jotzen. Dantzarion apetak asetzen nahikoa lan izango dute, batek azkarrago jotzeko eta besteak motelago jarraitzeko eskatzen diegunean, une berean. Horrexegatik, eskerrak eman nahi dizkiet urteotan kide ditugun akordeoilari, pandero jole, dultzainero edota txistulari guztiei.

2021etik aurrera ere makina bat kontzertu, alarde eta emanaldik sarri elkar gaitzatela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>