Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Bi legazpiar Belfasten duela hamaika urte. Bata ingelesaren ezagutza dezentekoa duena eta bestea intuizio handikoa. Pub batean, ingelesdunak elkarrizketa motza izan du Irlandako erdaldun batekin. Intuiziodunak harrapatu du elkarrizketaren ideia nagusia eta esan dio: «Zergatik esan diozu ez zarela katolikoa?». «Katolikoa al naiz ba?», Legazpiko ingelesdunak.
Elizan bataiatutakoa zara. Santuak, jai egunak, Gabonak, Aste Santuak ospatzen dituzu. Guraso eta amona-aitonen senideen artean, dozena erditik gora moja eta apaiz dituzu. Zure hildako senide gehienen agurra elizkizuna izan da. Kabendio, a ze kristoa, ikusi arte ez dut sinetsiko, ez nago batere katoliko bezalako esaerak erabiltzen dituzu. Aztiriri Santamaña esaten diozu eta Korostiri Gurutzea. Irakurri dituzun idazle asko apaiztegitik paseak dira. Boza eman izan diozun alderdi politikoa Jaun-Goikua Eta Lagi-zaŕ-zaleen hirugarren edo laugarren eszisioaren emaitza da. Estitxuren Agur Mariak eta Anariren Agur Jesusen Amak oilo-ipurdia eragiten dizute. Gernikako Arbola Euskal Herriko ereserki izendatu beharko litzatekeela uste duzu. Ikasleei Bihurtu aditza azaltzeko adibide bera erabiltzen duzu beti: ura ardo bihurtu zuen. Bihurturen azalpena hainbeste aldiz eman behar izateak ere zerbait adierazten du.
Ingelesduna mutu utzi du intuiziodunak. Tarte batez dun atzizkia galdu du hizkuntza guztietan. Pubetik Sinn Féinen dendara joan dira eta hango irlandarrekin piztu zaio atzera mingaina. Ingelesdun atzerritar eta natiboaren arteko elkarrizketaren ondoren, intuiziodunak asaldatuta sumatu du dendazaina eta «zer esan diozu, baina?» galdetu dio. «Protestantea naizela».