«Ez da gauza bera lehiatu gabe entrenatzea»

Unai ArratibelUnai Arratibel (Zumarraga, 2002) eskubaloi jokalaria da Urola E.K. taldean. Pandemiak sortutako egoera dela eta oraingoz zelaian partidak jokatzea ezinezkoa denez, PlayStation-erako den  Handball 21 izeneko bideo-jokoarekin online txapelketa batean parte hartzea erabaki zuen abenduan.

Gabonetan Asobal Ligak antolatutako Handball 21 eskubaloi txapelketan parte hartu zenuen. Nolatan animatu zinen?
Egun batean Twitterren nenbilela torneo hau egingo zutela ikusi nuen eta atentzioa eman zidan. Handball 21 bideo-jokoa erosi berri nuen orduan, eta pixka bat deskonektatzeko asmoz izena ematea erabaki nuen. Aukera paregabea iruditu zitzaidan eskubaloi munduko pertsonekin harremantzeko eta esperientzia berri bat bizitzeko.

Azkenean finalerdira heltzea ere lortu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Egia esan bertan eman nuen irudia ez zen hoberena izan, ez nuen gaizki jokatu, baina zorte txarra edukitzeaz gain, beste zenbait arazo ere izan nituen. Azkeneko hamar minutuetan epaileak ez zituen gauzak behar bezala egin, ez zuen txilibitua jo inongo momentutan, baina hala ere hori ez da aitzakia. Esan dudan bezala azkenean oso ongi pasatu nuen eta jende berria ezagutzeko balio izan zidan. Oso ekintza polita izan zen.

Urola E.K. taldean jokatzen duzu. Nola ikusten duzu eskubaloiaren egoera garai hauetan?
Entrenamendu gutxi izan ditugu. Irailean lagunarteko bizpahiru partida jokatu genituen eta sentsazioak onak izan ziren, baina ondoren murrizketak egin zituzten eta arlo profesionaletik kanpo zeuden kirol ekintza gehienak bertan behera geratu ziren. Orain berriro ere seiko taldetan entrenatzeko baimena eman digute eta honek motibazio apur bat eman digu.
Baldintza hauetan entrenatzea ondo dago denbora-pasa moduan, baina ez da gauza bera. Partida eta txapelketei dagokienez ez dut uste aurten ezer jokatzeko aukera izango dugunik. Guztioi gustatuko litzaiguke berriro ere partidak jokatzen hasi eta normaltasunera itzultzea, baina oso zaila da hau noiz helduko den aurreikustea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>