Soma Cult

Egoitz-IrizarEgoitz Irizar • Tabernaria eta musikazalea

Zuzeneko musikaren garai ilunak ahaztu nahian edo, pasatakoaz hitz egin beharrean, 2020ko hoberenaren zerrenda egin beharrean, datorrenaz idaztea okurritu zait. Ez dut urrutira joan nahi, (ia) Goierrikoa den musika talde gazte batez aritzeko asmoa daukat, baina ezingo dut beraien diskoaren kritika fin bat egin, bi arrazoi handiengatik: lehena, ez naiz musika kritikoa, eta bigarrena, gertukoak izan eta gehiegi estimatzen ditudalako Soma Cult-eko hiru astakirtenak.

Destroy! diskoa grabatzen martxoaren 13an hasi ziren (bai, konfinatu gintuzten bezperan) Bilboko Silver Recordings estudioan, Capsula mitikoen abeslari ta gitarrajole Martinekin. Grabazio lanak ekain erdialdean amaitu behar izan zituzten.

Musikalki, 90eko hamarkada datorkit burura, Amerikako Estatu Batuetako Pavement, Guided By Voices, eta horrelakoen musika leuna, zuzeneko gordin ta zaratatsuagoak Sonyc Youth bezala, eta sarean dituzten bi bideoklipak Dinosaur Jr-en tankerara. Eta ikusi izan ditugu, Jotakie azkoitiarren bertsioren bat jotzen ere.

Hitzei dagokionez, Josemarik (Jose Maria deitzen zion Olariusek) eginak dira, inglesez, barrura begira gehienetan, kanpora egiten duenean, sinesgaiztasun ilun eta ulertezina duenaren galderak eginez.

Diskoa Beasaingo Xcementeriox zigilu edo banatzaileekin elkarlanean atera da kalera urtarrilaren lehen egun hauetan. Eta bart, ostegunean, egin zuten diskoaren aurkezpen kontzertu faltsua Bira Produkzioakekoek lagunduta Beasaingo Usurbe antzokian. Sareak bete zituzten kontzertua iragartzen, gonbidapenak banatu zituzten beren ezagunei, sarrera guztiak agortuz eta sarean zintzilikatu zuten orain denbora bat grabatutako zuzenekoa… Egiazko jeinuak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>